NAIZ

Tartanga berdegune izaten jarraitzea eskatuko dute larunbatean Erandion

II. Tratanga Berdea eguna antolatu dute Erandion larunbatean 400 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proiektuaren kontrako jarrera gizarteratzeko eta espazio berdeen garrantzia aldarrikatzeko.

Tartanga Gunea, 400 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proiektua dagoen berdegunea.
Tartanga Gunea, 400 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proiektua dagoen berdegunea.

Erandioko Tartanga Berdea kolektiboak Tartangako lursailean (lehen publikoa zena) 400 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proiektuaren kontrako jarrera gizarteratzen jarraituko duela jakinarazi du eta dinamika berria jarri du martxan.

«Aspalditik bagenekien ere, konfinamenduaren aste luzeetan eta ondorengo hilabeteetan gero eta jende gehiago konturatu da lur horiek gure auzorako duten balioaz. Zein garrantzitsua den espazio irekiak, libreak, zabalak... izatea! Korrika egiteko, jolasteko, arnasa hartzeko... lekua», dio kolektiboak ohar batean.

Horregatik, auzoan porlana gehiago ez dutela onartuko nabarmendu dute, eta espazio berdeak defendatuko dituztela.

Aldarrikapenak kalera ateratzeko, ekainaren 12rako, larunbata) II. Tratanga Berdea eguna antolatu dute. Goizeko 10.00etan espazioa garbituko dute eta zuhaitzak landatuko dituzte. 12.00etan kirol topaketa egingo dute bertan (boleibol, slack-line, yoga...), eta umeentzako tailerrak egongo dira ere.

Eguneko unerik garrantzitsuena 13.30ean izango da, Altzaga auzoko kaleak zeharkatuz, kalejira berde eta aldarrikatzaile batean.

«Altzagan dugun espazio berde eta zabal bakarra izanik, ez gaude prest gure auzoan porlan gehiago onartzeko eta, gainera, isilik geratzeko. Beste behin ere kalera aterako gara osasuna, aisia eta lur publikoak aldarrikatzeko», adierazi du kolektiboak.

Datozen egunetan Tartanga Berdearen logo berria duten bandera berdeak banatuko dituzte leihoetan, balkoietan, lokaletan... jartzeko.

2018an, Tartanga Berdea kolektiboak hirigintza-proiektuaren aurkako 1.400 herritarren sinadura eman zizkion Erandioko Udalari.