Ramon Sola

Aske dago David Urdin ANean agertu ondoren eta kondena larri baten arriskua saihestuta

David Urdin burlatarra aske utzi du Auzitegi Nazionalak, bertan agertu ondoren eta Fiskaltzarekin akordioa lortuta. Bi urteko zigorra ezarri diote azkenean baina hasieran 27 urteko eskaera egina zen bere kontra, kale borroka argudiatuta.

David Urdin, aske Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren.
David Urdin, aske Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren.

Bi urteko espetxe zigorra ezarri ondoren aske da David Urdin Perez nafarra. Ostegun honetan epaitu dute Auzitegi Nazionalean, eta Fiskaltzarekin akordioa lortu ostean horretan gelditu da kondena, kartzelara itzuli gabekoa. 2007tik 2009ra bitarte hamabost hilabete eman zituen preso.

2007an Nafarroako toki ezberdinetan trenbideen aurkako zenbait sabotaje leporatzen zitzaizkion Urdini. Ohi bezala, kale borrokako ekintza horiek «terrorista»tzat jotzen zituen Fiskaltzak eta ondorioz 27 urtez kartzelaratzea eskatu zuen.

Geroztik oso egoera zailean egon da Urdin, jazarpenari iskin egin beharrean, isolatuta. Atxilotze agindua luzatua zen bere kontra. Gaur Auzitegi Nazionalean bere burua aurkeztu ondoren gauzatu dute atxiloketa baina segituan burutu da epaiketa eta akordioa iritsi da bertan, kondena bi urtetara jeistea lortuz.

Trenbidearen aurkako ekintzegatik Adif-i eman beharreko kalte-ordaina Urdinek egin duela eta eragindakoa bere gain hartu duela baloratu du Fiskaltzak (bere garaian ere jada onartu zuen baina hala ere 27 urteko eskaera hura jasan behar izan zuen). Kalteak eragiteagatik sei hilabeteko bi delitu egotzi dizkio epaiak eta sua egiteko osagaiak izateagatik urtebeteko beste bat: guztira, bi urte.

Ekintza hauengatik lau gazte auzipetu zituzten Urdinekin batera eta Burlatako bizilagun hau zen epaitzeko falta zen bakarra. Azkenean konponduta gelditu da bere egoera.

Sortu: gainerako iheslariak ere etxera

Sortuk pozik hartu du Urdinen askatasunaren albistea eta ohar batean adierazi du «onena» litzatekeela gainerako iheslari eta deportatuek ere etxera itzultzeko aukera izatea, «inolako oztoporik gabe».

Iheslari eta deportatuen auzia lehenbailehen konpontzea ezinbesteko jo du indar abertzaleak, «bake, askatasun eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako jendarte bat nahi badugu». Nabarmendu duenez, lege arruntean oinarritutako neurriak aplikatuz gero, «oraintxe bertan konpon liteke iheslari eta deportatuen afera».

Horregatik dei egin dio Auzitegi Nazionalari «itzultzea nahi duten iheslariei oztopoak jartzeari» utz diezaion eta gogora ekarri du haietariko askok «torturaren sufrikarioa saihestearren» alde egin zutela.

Espainiar eta frantziar estatuei ere zuzendu zaie eta exijitu die «beraiek abiatu zuten deportazioaren figura legez kanpokoa indarrik gabe utz dezaten».

Sorturen arabera, oraindik 28 iheslari eta zortzi deportatu politiko daude. «Guztiak aske eta etxean behar ditugu», aldarrikatu du.