Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Delitua Prebenitzeko Gida argitaratu dute EHUko irakasle eta ikertzaile bik

Delitua Prebenitzeko Gidaren egileek hiru ardatzen inguruko gogoeta eta gomendioak eskaintzen dituzte profesionalentzako prestakuntza tresna izatea nahi duten lanean: hirigintza inklusiboa; herritarrei begirako polizia jardunbidea, eta kohesioa eta jendartearen parte hartzea.

Gidaren azala (GAUR8)
Gidaren azala (GAUR8)

Esan liteke segurtasuna poliziarekin edo zaintza zerbitzu pribatuekin lotzeko joera dagoela. Azkenaldion pil-pilean dago eztabaida hori, polizien jardunbidean edo polizia ereduan arreta jarrita, hain zuzen ere. Duela urtebete Minneapolisen George Floyd hil eta ondoren AEBetako beste zenbait lekutan poliziak eragindako beste gehiegikeria batzuk zirela-eta indarra hartu zuen eztabaida horrek, tokiko zein estatu mailako hainbat instituziotara iristeraino. Baina AEBetan ez ezik, Kolonbiako azken protestaldiek ere nabarmen utzi dituzte poliziaren jardunbide onartezin ugari; Euskal Herrian ere zenbait sektorek zalantzan jarri dute Ertzaintzaren jarrera. Pandemia sasoi honetan mundu osoko polizia ekintza askok eman dute hizpidea.

Delitua Prebenitzeko Gida

«George Floyden kasuaren lehen urteurrenean lehen erreforma legeak onartzeko ahaleginak islatzen du polizia eta haren funtzioa birpentsatzeko nahia; basakeria eta militarizazioa eragozteko; pobreen, sektore militanteen edo jende arruntaren aurka erabiltzeari uzteko», zioen aste honetan Mikel Zubimendik GARAn eta NAIZen argitaratutako analisian. Zer-nolako polizia behar eta nahi dugu? Egun bereko editorialak zioenez, eztabaida honek «Kolonbiako polizia militarrarentzat, Minnesotako poliziarentzat edo Ertzaintzarentzat balio du (...) eztabaida honi forma eman behar zaio, sinplifikaziorik eta orokortasunik gabe».

Hain zuzen ere, sinplifikaziorik eta orokortasunik gabeko lana argitaratu dute Cesar San Juan eta Laura Vozmediano EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileek: “Guía de prevención del delito. Seguridad, diseño urbano, participación ciudadana y acción policial” (“Delitua prebenitzeko gida. Segurtasuna, hiri diseinua, herritarren parte-hartzea eta polizia ekintza”) (2021, J.M. Bosch Editor). Tokian-tokian delitua prebenitzeko gida horretan segurtasuna sustatzeko diagnostiko eta esku-hartze estrategia bilduma egituratu eta xehe batez gainera, hiri segurtasunaren inguruko ikuskera sakona eskaintzen dute.

Ikertzaileok hiru lan eremu izan dituzte gida osatzeko: hirigintza inklusiboa; herritarrei begirako polizia jardunbidea, eta kohesioa eta jendartearen parte hartzea. Berebiziko garrantzia ematen diote auzoen diseinu, mantentze eta kudeaketari: zerbitzu publikoei, inbertsioei… hau da, «hirigintza inklusiboa» esaten diotenari. Horrixe eskaintzen diote gidaren lehen zatia. Bigarrenean, berriz, polizia ereduak dituzte aztergai eta «pertsonen zerbitzuko polizia bat» proposatzen dute. Parte bietan, hainbat estrategia eta prozedura aztertzen dituzte.

Segurtasuna

Beharrezkoa da polizia? Batzuek, beren edo beren ingurukoen bizipenek eraginda, ezetz esango dute; beste batzuek, berriz, baietz esango dute, beren interesak babestuta sumatzen dituzten neurrian. Beharbada, egokiagoa da jendartearen segurtasuna bermatzeko, besteak beste, zer-nolako polizia behar den galdetzea. Izan ere, segurtasuna ez da mehatxu edo indar bidez delitua murriztea bakarrik.

Hala uste dute gidaren egileek: «Hiri segurtasuna ez da bakarrik ulertu behar delituen murrizketa edo gabezia gisa; haatik, osorik ulertu behar da, herritarren bizi kalitatea etengabe hobetzeko prozesu gisa. Prozesu horretan, gizartearen parte-hartzea eta polizia ekintzarako eredu berriak garatzea ezinbesteko bi elementu gisa ageri dira, delituak prebenitzeko neurriak benetan arrakastatsuak izan daitezen».

Gaur egun kultura askotako gizarte konplexuetako bizikidetza garrantzi handiko erronka bilakatu dela uste dute irakasle hauek. Helburu hori lortzeko, «ezinbestekoa da segurtasun eta askatasun giro egokia edukitzea, eta, horrez gain, ahal den neurrian, bizikidetza hondatzen laguntzen duen gertaera nagusietako bat murriztu behar da: beldurra».

Auzoen diseinua eta kudeaketa

Liburuaren lehenengo partean diotenez, delitu kopurua areagotzea edo murriztea eragiten duten faktoreetako bat auzoen diseinua eta mantenimendua da. Bat dator Marcus Felson Texas State Universityko irakasle ohia, eta hauxe dio hitzaurrean: «Ohikoegia da gizarte garaikideetan auzoak diseinatzea bultzatu nahi diren gizarte dinamiken gaineko itxaropen argiak eduki gabe eta zerbitzu publiko gutxi jarrita, eta horrek, epe luzera, delitua erakartzen du auzoetara». Horrenbestez, oso garrantzitsua da hiri diseinua eta plangintza hasiera-hasieratik kontuan hartzea, baita haren mantentze lanak ere. Bestela, segurtasun arazoak azkenean poliziaren eta segurtasun pribatuaren esku bakarrik geratzen dira.

Polizia eredua

Lanaren bigarren parteari dagokionez, egileek polizia ereduen analisiaren mutur batean kontrola oinarri duten ereduak jarri dituzte, eta beste muturrean pertsonengana hurbiltzea helburu duten ereduak: «Horrela, kontrola oinarri duten sistemetan, poliziaren funtzio nagusia ordena mantentzea eta delituaren aurrean erantzutea da. Beste muturrean, ordea, polizia herritarren beharrei erantzuten dien zerbitzu publiko gisa ulertzen da. Pertsonei begirako polizia eredu batean, sor daitezkeen egoera ez-seguruak, azken batean, gizarte ordenako arazo global baten sintoma gisa ulertzen dira, eta ez poliziarekin izandako gatazka baten emaitza gisa. Zentzu horretan, komunitateak poliziaren legitimitatea eta solaskidetza onartzen du, gizarte arazo horiek lankidetzaz konpontzeko».

Beraz, ezinbestekotzat jotzen dute askotariko eragileen eta agentzien inplikazioa segurtasuna mantentzeko zereginean: «Obra honek segurtasunaren arloan hiriek dituzten erronkak aztertzen ditu, delitu egoeren prebentzioaren eta ingurunearen diseinuaren bidezko delitu prebentzioaren ikuspegitik». Arlo bi horietan esperientzia handia dute egileek.

Liburuaren atal bakoitzaren amaieran autoebaluazio galdera batzuk daude; izan ere, profesionalak prestatzeko tresna bat izan nahi du: «Asmo bikoitza du: segurtasunaren arloan lan egiten duten eta kudeaketan erantzukizunen bat duten profesionalei ibilbide-orri bat ematea eta, bestalde, prestakuntza akademikoan aritzen direnentzako tresna didaktikoa izatea nahi genuen», azaldu du San Juanek.