Maider Iantzi Goienetxe

Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoiren azken abentura plazaratu du, ‘Euri zitalari esker’

Amaia Ezpeldoi pertsonaia sonatuaren ibilerak dakartza Itxaro Bordak. Ironia eta digresio zalea den landa detektibearen azkenak. Duela 30 urte abiatutako sei liburuko bilduma itxiko du horrela. Bilakaera ugari islatu ditu; lurraldearena, generoarena, euskararena berarena, amaiera apoteosiko batean.

Itxaro Borda idazle baionarra, bere azken liburua aurkezten. (Gorka RUBIO/FOKU)
Itxaro Borda idazle baionarra, bere azken liburua aurkezten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Detektibe jardunetik erretreta hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda maitaleari. Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi.

Garraldaren 4x4a hartu eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango duela zin eginik. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak. Aztarna bihurrien eta aspaldiko lagunen eskutik aitzinatuko da bilaketan, oihan sarri baten gerizpetik argirantz irteten duenaren gisan.

Hala hasten da Itxaro Bordaren ‘Euri zitalari esker’ (Susa) nobela berria. Sei liburuko bilduma baten azken tomoa da. Ainara Azpiazu ‘Axpi’-k egin dio azala. Ezpeldoi harrituta dago alde batetik, ez baitzuen uste 40 uda baino gehiago biziko zenik. Bestalde, aro berri horrekiko serenitate bat dago, mantra bat bezala errepikatuko dena gertakari frenetikoen artean.

«Zer litzateke bizitza komentariorik gabe?»

Maialen Berasategi aurkezleak ostiral honetan egindako ekitaldian erran duenez, «ironia gozo eta batzuetan oso eztenkari batekin, umore finarekin kontatua» dago istorioa. Eta Bordak berriz ere lortu du gauza serio eta gogorrez hitz egitea alferrik mingarri suertatu gabe. Literatura da, irri ez ezik, gogoeta eginaraziko dizuna, gertakarien bidez eta Ezpeldoiren gogoeta mamitsuen bidez.

Azken ezaugarri honen inguruan, Baionako idazleak badaki irakurle batzuek ez dituztela maite nobela beltzetan diren digresioak, «baina besteek asko maite dituzte justuki digresioak». «Ezpeldoi beti ari da gai batetik bestera pasatzen, komentarioak egitea biziki maite du. Zer litzateke bizitza komentariorik gabe?». Detektibearen bilduma honetan errepikatzen den galdera da.

Bilakaera aunitzen isla

40 urte darama Bordak liburuak aurkezten eta, halere, «bakoitza lehena balitz bezala» bizi du, urduritasunez. Ezpeldoiren azken abentura honetan, lehendabizikotik, 1991n argitaratutako ‘Bakean utzi arte’-tik, gertatutako bilakaera aunitz islatu nahi izan ditu.

Bada lurraldetasunaren hari bat sinbolismoz betetako sei nobeletan. Azkena Donibane Garazin hasten da. Hortik Baztan aldera jotzen du, eta oihanean segitzen du bidea. Bada bertze hari bat, generoaren bilakaerarena. Lehen nobelan, Joana Garralda ezagutzen duenean, «iluminazio» bat gertatzen da, bere lesbianotasunaren onartzeraino. Azkenean, gizon baten musua agertzen da «gauzak ez direla hain zehatzak eta finkoak erakusteko modu bat bezala».

Euskalki batetik euskara baturako bide bat ere egiten du. «Euskara batua bere zentzurik zabalenean hartu dut, euskalkiak kanpoan utzi gabe. `Post-batua´ esaten diot. Denak euskara direla, hori nahi du erakutsi Ezpeldoik. Hizkuntza politikaren oinarrian da. Genero arazoen kontuan ere bai, gramatika beti hor dago. Azken denboran, Kontseilu Konstituzionalaren erabakiarekin, argi da gramatika politika dela».

Aitzineko nobeletako pertsonaia pila bat sartu ditu, saila apoteosi batekin bukatzeko. Dena den, modu independentean irakur daiteke, haria galtzeko arriskurik gabe.

30 urte hauetan Euskal Herrian «asko aipatu ez diren gertakari batzuk» sartu dituela ere azaldu du lanbidez postaria den idazle baionarrak, politikaren eta genero biolentziaren alorrekoak, bertzeak bertze.

Titulua, nobela baino lehenago

‘Euri zitalari esker’ tituluari dagokionez, nobela idatzi baino aunitzez lehenago izan zuen Itxaro Bordak buruan biribilka. Aitzineko seietan bezala kantu baten zatia da. Abesti horien egileei omenaldia ere bai. Izan ere, «zer litzateke gure mundua kanturik gabe?».

Ezpeldoiren azkena zela jakitean, «A, orduan hilko duzu?» erran omen zioten lagunek. «Egia da dudak ukan ditudala, ehorzketa eder bat egin nezakeen, baina pentsatu dut amultsutasun gehiago behar nuela pertsonaia horretan eta utzi dut Xubero gaineko arkadia horretan bizitzen. Zergatik halako onezia hori? Nik ikusten ez nituenak ikusten zituelako eta ni idaztera ausartzen ez nintzenak erran dituelako bere digresioetan. Horregatik utzi dut bizitzera».