Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
IZASKUN GOIENETXEA
ASKAPENAKO KIDEA

«Sistemak zenbat eta gehiago estutu, orduan eta antolatuago beharko dugu»

Gaurtik igandera bitartean, Askapenak hitzaldi eta tailer ugari egingo ditu Hernanin, nazioarteko hainbat gonbidaturekin. Herrien askapenerako internazionalismoa beharrezkoa dela nabarmendu eta horren balioen inguruko hausnarketa bultzatuko du erakundeak, oinarriak eztabaidatuz.

Izaskun Goienetxea. (Raul BOGAJO/FOKU)
Izaskun Goienetxea. (Raul BOGAJO/FOKU)

Panafricanism Today elkarteko kide Mikaela Nhondo Erskog, Boliviako militante Rene Behoteguy, Greziako KOE antolakundeko Jason Kostopoulos, Euskadi-Cubako Jose Manzaneda eta Milagros Acea eta Sahararen aldeko ekintzaile Garazi Hach Embarek dira Askapenak Hernanin “Bizi Elkartasun Internazionalista” izenburupean egingo dituen jardunaldietako nazioarteko hizlarietako batzuk. Euskal internazionalismoaren historia zein Askapenaren sorrera jorratu eta egungo erronkei buruz arituko dira.

Zertarako baliatuko dituzue jardunaldi hauek?

Ideia da internazionalismoaren balioak mahaigaineratzea. Pandemia egoera honek erakutsi digu herrien askapenerako tresna dela internazionalismoa, eta hori gogoratzera gatoz, zergatik garen internazionalistak, zergatik den ezinbesteko tresna herri hau askea izateko.

Euskal internazionalismoaren ibilbide historikoa izango duzue hizpide gaurko hitzaldi batean. Ez da erronka makala.

Egia da Askapena euskal internazionalismoan erreferentzia izan daitekeela; azken finean, joan-etorriko elkartasunaren logika hori txertatu zion mugimendu internazionalistari. Baina mugimendu hau oso anitza izan da historikoki, sektore ezberdinak egon dira. Ibilbide horri guztiari erreferentzia egingo diogu, baina batez ere Euskal Herriko mugimendu internazionalistarekiko aitorpen ariketa izango da. Ikuspegi historiko hori analizatzea da helburua, baina batez ere jakiteko nora goazen eta aurrera begira zeintzuk diren erronka nagusiak.

Eta zeintzuk dira erronkak? Nondik abiatu eta nola eraiki internazionalismoa pandemia osteko agertokian?

Badakigu sistema anker hau hegemonikoa dela, eta munstro askori egin beharko diegu aurre. Hori batasunetik egin behar da. Europan, adibidez, Europar Batasunarekiko aurkakotasun bat artikulatzea ezinbestekoa da, hori delako inperialismoak duen tresna nagusia Europako herri langilea eta kanpokoak zapaltzeko. Hori da Europar Batasuna, beste edozer nahi baldin badugu, beste modu batean deitu beharko diogu.

Europan, adibidez, Europar Batasunarekiko aurkakotasun bat artikulatzea ezinbestekoa da

Goazen berriz atzera. Zaila izan al da pandemia betean borroka internazionalista garatzea?

Joan den urtean online jardunaldi batzuk egin genituen, pandemiari munduko txoko ezberdinetatik aurre egiteko moduez hausnartzeko. Herritik herrirako elkartasunak, zer nolako tresnak jarri diren martxan Italiako hegoaldean, Libanon, Bolivian… eredu horiek Euskal Herriratzeko, eta hausnartzeko internazionalismoaren behar horretaz.

Sistema heteropatriarkal kapitalista eta inperialistak gu zenbat eta gehiago estutu, orduan eta gehiago antolatu beharko gara gu ere.

Panafrikanismoaren aldeko eta Sahara, Bolivia eta Greziako militanteak ekarriko dituzue. Zer helbururekin?

Larunbat arratsaldeko saioan aztertu nahi duguna da kooperazioaren eta elkartasun mota interesatu eta erreformistak edo sistemari funtzionalak zaizkion elkartasun eredu horiek zer-nolako aztarna uzten duten herri horietan. Latinoamerikan argi eta garbi ikus dezakegu gobernuz kanpoko erakundeek eta nazioarteko kooperazio agentziek zer-nolako agenda markatu duten herrialdeetako askapen prozesuetan.

Saharako kasuan, Garazi Hach Embarek ekintzaileak azalduko digu zein izan den kooperazioaren eragina, batez ere, kanpamentuetan. Izan ere, Askapenatik uste dugu kooperazioari esker Saharako kanpamentuen egoera betikotu dela.

Grezian, kooperazioaz edo elkartasun hutsalaz hitz egiten dugunean, badirudi goazela Ekialde Hurbilera, baina Europan bertan ere horrelako dinamikak gertatzen dira. Greziaren kasuan errefuxiatuen aferarekin oso agerikoak dira dinamika paternalistak edo borrokak desaktibatzeko bidea egin dezaketen dinamikak.

Egun pil-pilean diren Palestina, Kolonbia eta Peruko egoerei begira zaudete?

Hori argi eta garbi. Egia da Askapenak badituela bere lan lerroak, baina koiunturari erantzuten saiatzen gara. Askapenatik beti egingo dugun irakurketa da herri bakoitzak erabaki behar duela nola askatu behar duen bere herri langilea, eta, zentzu horretan, herri prozesuekiko elkartasuna bultzatzen dugu; ez hainbeste agian borroka instituzionalean zentratutako hauteskunde prozesuetan. Kontuz, ez dugu esaten hori garrantzitsua ez denik, baina guk fokua herri boterean, herri mugimenduetan, herri prozesuetan… kokatzen dugu.

Kubari buruzko hitzaldiak itxiko ditu jardunaldiak. Zeresan handia eman du herrialdeak pandemia honetan.

Horregatik nahi genuen Kubarekin amaitu. Gogorarazi nahi dugu Askapenak historikoki erabili duen lema bat: «Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herria». Lema hori gorpuzten duen herri prozesu ezin hobea da Kuba. Gure faroa da, erakusten digu herri askatze horrek egiten diela ekarpenik handiena gainontzeko herri borrokalariei. Zergatik? Lortuko dituzulako estatu egitura batzuk benetako internazionalismo iraultzaile hori zabaltzeko. Pandemiak hori erakutsi digu. Nahiz eta Italia beren zona geografikotik guztiz kanpo dagoen, eta, gainera, Europar Batasunaren baitan, kubatarrak Italian egon ziren. Hor ikusten da zer- nolako ereduak kontrajar ditzakegun: Europar Batasunarena, periferiako herrien espolioa bultzatzen duena, eta Kubarena, benetako elkartasuna planteatzen duena.