Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Asier Etxenike
Naziometroaren batzorde zientifikoko kidea

«Erabakitzeko eskubidea irabazitako zoru bat da»

Soziologian lizentziatua, Asier Etxenike Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza arduraduna da. Telesforo Monzon laborategiak eta EHUko Parte Hartuz taldearekin batera, herritarren subiranotasunari buruz dituzten iritzien II. neurketa aurkeztu dute aste honetan.

Asier Etxenike. (Jon URBE/FOKU)
Asier Etxenike. (Jon URBE/FOKU)

Euskal herritarrak burujabetzaren alde dauden ala ez; gai horri tenperatura hartzen dion barometroaren bigarren neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte aste honetan. Asier Etxenike Aztikerreko kidea da, landa-lanaz arduratu den enpresakoa: lehenengo barometroko joerak (aldaketa gutxirekin) konfirmatzen dituzten 1.201 elkarrizketa egin zituzten martxoan.

Aurkeztu zenutenean, aipatu zenuten Naziometroa jarraitua izango zela, joera zein den ikusteko. Horretarako aukera ematen du bigarren neurketak?
Batetik bestera egon daitezke aldaketa txiki batzuk; are gehiago, erkidegoka aztertzen baditugu. Hor laginak txikiagoak dira eta gorabeherak egon daitezke. Bere osotasunean hartuta, berresten dira neurri batean aurrekoan ikusi genituen datu horiek, bai independentismoaren inguruan bai euskal estatuaren inguruan.

Emaitzetan kontraesanak daudela uste duzu?
Galdetzen diegunean ea Espainiatik edo Frantziatik independizatu nahi duten, gehiengo batek ezetz esaten du. Baina galdetzen diegunean akordio politiko baten testuinguruan euskal estatuaren alde edo kontra dauden, hor aldaketa nabarmena dago. Gehiago arakatu behar dugu ea zergatik gertatzen den aldaketa hori. ‘Independentzia’ hitza erabiltzeak elementu identitarioak pizten ditu eta jende gehiagok lotzen du independentismoarekin. Norbera ez bada identifikatzen independentista gisa, galdera horretan atxikimendu txikiagoa dauka.

Ideologikoki abertzalea dena da independentziaren aldekoa.
Independentista bezala, horren alde agertzen dena abertzalea, euskalduna eta profil zehatzeko jendea da. Aldaketa beste galdera horrekin dator, beste jende mota bat ere gehitu egiten delako euskal estatuaren aldekotasun horretara. Ez da soilik identitarioa, euskal kulturarekin lotutako edo hizkuntzarekin lotutako elementua, beste profil zabal bat gehitzen da. Zergatik? Hor ere gehiago arakatu beharko da.

Alde agertzen dena abertzalea, euskalduna eta profil zehatzeko jendea da

Independentziari buruzko ondorio horiek nolabait islatzen al dira hauteskundeetako emaitzetan?
Neurri batean, bai. Sentsazioa da, termino independentistagoetan hitz egiten denean, alderdi batekin, EH Bildurekin, lotzen dela bereziki. EAJko batzuk ere hor kokatzen dira, baina bere burua independentistatzat daukan multzo nagusiak erreferentzia bakarra du. Are gehiago, Ipar Euskal Herrira baldin bagoaz edo Nafarroara.

Testuinguruaren arabera, herritarrek iritziz aldatzen dute. Aldagai batzuk sartu zenituzten duela sei hilabete, eta orain beste batzuk. Eta ekonomiak eragin handia du erabakian.
Aurrekoan lau eszenatoki planteatu genituen eta orain beste lau. Asmoa da hurrengoan berriro errepikatzea aurreko laurak eta horrela aldatzen joatea. Horrekin ikusi dena da zerekin lotzen den euskal estatuarekiko aldekotasuna edo kontrakotasuna, eta aldaketa nabarmenak izaten dira. Ekonomiarekin edo ongizatearekin lotutako horiek pisu nabarmena daukate.

Euskal estatuaren kontrako jarrera indartsuagoa da aldekoa baino Nafarroan. Alabaina, nafar estatuaren alde edo kontra dauden galdetuz gero, aldaketa nabarmenak daude. Zein izan daiteke horren arrazoia?
EAEn eta Euskal Hirigune Elkargoan nagusiki bi sentimendurekin jokatzen duzu: euskal herritar edo frantses/espainiar sentimenduak eta horrekin egon daitezkeen konbinazioak. Nafarroan, nafar sentimendua sartzen da eta konbinazioak biderkatu egiten dira. Sentimendu hori dutenek oso sentimendu ezberdinak izan ditzakete; batzuk oso lotuta espainiar sentimenduarekin, beste batzuk Euskal Herriarekin eta beste batzuk soilik nafar sentitzen dira.

Euskal estatu edo nafar estatuari buruz galdetzen duzunean, batzuek ulertzen dute Nafarroa Euskal Herria bezala eta orduan euskal estatua eta nafar estatua parekatu egiten dituzte, baina beste batzuek, ez. Badaude batzuk euskal estatuaren alde daudenak eta, aldiz, ez daudenak nafar estatuaren alde, eta kontrakoa. Aldiz, nafar sentimendua hain handia izatean euskal estatutik nafar estatura pasatzen zarenean igotzen direnak gehiago dira jaisten direnak baino, baina galera/irabaziak ez dira puruak; ezin duzu soilik nafar estatu baten aldeko apustua egin, beste alde batetik galtzen duzulako.

Nafar identitatea hain indartsua al da?
Harremanen inguruan galdetzen dugunean, alde handia dago Nafarroan bi planteamendu hauen artean: Hegoaldeko lau herrialdeen artean autonomia erkidego bakarra sortzea edota bakoitzak bere autonomia erkidegoa mantenduta harremanak indartzea. Lehenengo agertokian, kontrakotasuna oso handia da, eta bigarrenean, harremanak estutzeko prest daude, baina ni ezin naiz disolbatu Euskal Herri horretan edo beste erkidego batean; nafar identitateak bermatuta egon behar du, edozein delarik planteatzen duzun marko hori.

Nafar identitateak bermatuta egon behar du, edozein delarik planteatzen duzun marko hori

Zer esan nahi du «harremanak estutu» horrek?
Kasu honetan, aukera ezberdinak jarri ditugu Nafarroan, hor kokatzen delako muga hori. Oro har, harreman horiek edozein direlarik ere estutzearen aldeko jarrera dago, eta segun zein eremutan planteatzen den aldekotasun hori handiagoa edo txikiagoa da. Osasuna sartu dugu eta hor dago aldekotasun handiena. Ez dakit den garaiarekin lotutako elementu bat edo erkidegoen artean dauden horrelako akordioen logikari erantzuten diona… Gero ekonomian eta hezkuntzan harremanak estutzeko aldekotasuna dago, eta azkenik, euskararen kontuan edo kulturan pixka bat gutxiago.

Hamarretik zazpik babesten dute erabakitzeko eskubidea. Datu esanguratsua al da eskubide hori izatea normaltzat hartzen dela esateko?
Nik uste dut irabazita dagoen zoru bat dela, irizpide demokratiko bat dela eta badagoela kultura demokratiko hori nahiko zabalduta, nolabait edozein pentsaera edukita ere horren alde agertzeko. Horrek badu lotura garaiarekin ere; norberak erabaki nahi ditu bere eguneroko gauzak eta hori nolabait lurraldeari edo hurbilago zaion eremu horri lotuta dago. Europarekiko distantziamendu handia dago. Hauteskundeetan ikusten da, abstentzioa askoz handiagoa da eta nolabait hurbiltasunak lotura handiagoa izan dezake erabakitzeko nahi horrekin. Segurtasun handiagoa sentitu ahal dugu erabaki nahi dugun gai horren inguruan, edo ezagutza handiagoa, eta, hortaz, erabakitzeko gogo handiagoa.

Hurbiltasunak lotura gehiago dauka erabakitzeko nahi horrekin

Oro har, herritarrek gai ugaritan erabaki nahi dute, ‘Next Generation’-en inguruko erantzunetan ikus daitekeenez.
Azkenean, egungo joeretako bat da hori. Erabakia nahi dugu eta ez hainbeste aurreko zati guztia: deliberazioa, hausnarketa, informatua egon... Joera handia dago erabakitzeko exijentziaren aldekoa, eta, are gehiago, haserretzen garenean edo zuzenean eragiten digunean. Beste gauza batzuen inguruan, hartzen diren erabaki horiekin ados baldin bagaude, ez badigute bereziki eragiten, erabaki horiek aurrera eramaten dira eta listo. Gure bizimoduarekin talka hori baldin badago, ordea, erabaki egin nahi dugu. Galdetzen denean ea beste erkidegoetakoek erabakitzeko eskubidea izan behar duten, ehunekoak, gutxi, baina jaitsi egiten dira. Norberak bere buruari aitortzen dion eskubidea da.

Erabaki nahi dute, etorkizun politikoa aukeratu, baina Euskal Herriko erkidego bakoitzaren oinarrizko erakunde-arauez galdetu denean, gehienak pozik agertzen dira.
Euskal Hirigune Elkargoarekin ageri da asebetetze maila handienetakoa, baina aldi berean deszentralizazio handiagoa nahi dute, eskumen gehiago… horri buelta batzuk eman genizkion. Horregatik aipatzen dut Euskal Hirigune Elkargoa, akaso argiena delako. Denbora asko eman dute borrokan daukatena edukitzeko eta poztasun maila handia daukate baina, hala ere, motz geratzen zaie. Ipar Euskal Herriko adibideak besteentzat balio dezake; badago marko bat balorazio positiboak eragiten dizkiona, baina gehiago nahi dute, erabakitzeko eskubidea, konpetentzia gehiago...

Euskal selekzioari eta etxebizitzari buruzko galderak dira Naziometro honen berritasun nagusiak.
Euskadiko Futbol Federazioak eskatu du UEFAn eta FIFAn sartzea eta hori lurralde guztietan neurtu nahi genuen. Bazeuden EAEn inkesta batzuk eginda, baina ez gainontzeko lurraldeetan. Lurralde guztietako ikuspegia lortzeko. Nafarroan euskal selekzioak baduela indar hori berretsi da, eta badela sinbolo bat balio dezakeena kohesio ikuspegi batetik lurralde guztirako.

Etxebizitzaren neurketak sei hilabetero egingo dira eta koiuntura politiko-sozialari erantzuteko asmo horrekin egin dugu. Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren gaia aspalditik dago, baina pertzepzioak besterik ez genituen; inork ez du neurtu inkesta bidez herritarrek zer garrantzi ematen dioten... Emaitzek konfirmatzen dute herri mugimenduek esaten dutena, etxebizitzaren gaiak okerrera egin duela.