Arnaitz Gorriti

Rigoberto Uranek Suitzako Tourreko gidoia hankaz gora bota du azkenaurreko etapan

Education First taldeko kolonbiar beteranoak Andermatteko erlojupekoa irabazi du eta Richard Carapaz liderrarengandik 17 segundora, bigarren posturaino igo da sailkapen nagusian. Igandean jokatuko da Suitzako Tourreko azken etapa, 118 kilometro eta hiru mendaterekin.

Aldapan gora zein behera, bikain aritu da erlojupekoan Rigoberto Uran. (EDUCATION FIRST)
Aldapan gora zein behera, bikain aritu da erlojupekoan Rigoberto Uran. (EDUCATION FIRST)

Suitzako Tourra amaitu bezperan, emozioa erabatekoa da Rigoberto Uran –Education First– 34 urteko kolonbiarrari esker. Andermatten amaitu den erlojuaren aurkako proban inork uste baino maila altuagoa eman duelako. Igandean amaituko da Suitzako lasterketa eta mendiko etapa erreginaren faltan Richard Carapaz –Ineos– da oraindik ere liderra, baina Uran 17 segundora baino ez dago.

«Ni ere harrituta nago egin dudan  erlojupekoarekin, baina gaur zangoak sinestezin ibili zaizkit», onartu du Giroan birritan eta Tourrean beste behin bigarren izandako txirrindulari beteranoak. Lau urte zeramatzan World Tourrean garaipenik lortu gabe –2017ko Tourrean etapa bat irabazi zuen, sailkapenean bigarren amaitzeaz gain–, are gehiago erlojuaren aurkako lasterketarik irabazteke, azkena 2014an eraman baitzuen. Baina gutxien uste izan denean, halaxe suertatu dira gauzak.

Egiari zor, larunbatekoa ez da ohiko erlojupeko bat izan, ezta kronoigoera ere. Txirrindulariek 23,2 kilometroko erlojupekoa egin behar izan dute, Disentis Sedrumen hasi eta Andermatten amaitu. Aurreneko kilometroetan Oberalp mendatea igo behar izan dute, batez beste %6,5eko aldapa duen mendia, ia 10 kilometro luze eta gailurra 2.044 metrotan. Handik aurrera, helmugara arte, jaitsiera ez oso bihurria, Andermatt herriko sarrera izan ezik, galtzada-harri fin eta guzti.

Hasi eta buka, Rigoberto Uran bikain aritu da. Euskal Herriko txirrindularitza zaleak 2007ko Euskal Bizikletan ezagutu zuen kolonbiarra, haizete bortitz batek bertan behera lagatako erlojuaren aurkako etapa irabazi baitzuen Abadiñon. Hala ere, urteek aurrera eginda, bakarkako lanean gainbehera eginda zebilen, larunbateko etapara arte, nonbait.

Oberalp gainean bera izan da 26 minutuz behetik pasa duen bakarra eta Julian Alaphillipe izan ezik, gainontzekoak oso urruti izan ditu beti ere. Nabarmentzekoa izan da Jacob Fuglsang –Astana– daniarrak egin duen erlojupeko eskasa, sailkapen nagusiko bigarren postutik bosgarrenera erori baita.

Aldapa gora Uran ongi moldatu bada, ez da okerrago aritu aldapa behera ere, aldea are eta nabarmenago egitea erdietsi baitu.

Kostata izanda ere, ongi eutsi dio lidertzari Richard Carapazek, dena den. Ekuadorgo txirrindularia ez da finegia erlojupeko saioetan, baina txukun eutsi dio kolonbiarraren ordagoari eta azken etaparen faltan –Andermatten hasi eta amaitu, 118 kilometro bakarrik, baina hiru mendate– dena erabakitzeke dago.

Ikusi egin behar, bestalde, Julian Alaphillipek Suiztako Tourra bertan behera utzi behar duen ala ez. Munduko egungo txapelduna berez erlojupekoaren ostean proba bertan behera uztekoa zen, astelehenerako espero baitu bere bikotekideak aurreneko umea. Hala ere, sailkapen nagusian hirugarren postura itzuli da Deceuninck taldeko txirrindularia, liderrarengandik 39 segundora. Ikusi egin behar zer erabakitzen duen.

Horrez gain, pozgarria izan da Tom Dumoulinen erlojupekoa. Jumbo Visma taldeko herbeheretarrak hilabete batzuetan txirrindularitza bertan behera utzita izan du, hausnarketa egiteko denbora behar zuelako. Itzuli da itzuli, tropelaren zorionerako eta erlojupeko oso ona egin du, bosgarren amaitu baitu etapa, Rigoberto Uranek baino 56 segundo gehiago eginda, hori bai.

Suitzako Tourra, zazpigarren etapa:

1- Rigoberto Uran (Education First) 36:02

2- Julian Alaphillipe (Deceuninck) 40ra

3- Gino Mader (Bahrain) 54ra

4- Richard Carapaz (Ineos) d.b.

5- Tom Dumoulin (Jumbo) 56ra

6- Mattia Cattaneo (Deceuninck) 58ra

7- Domenico Pozzovivo (Qhumeba) 1:00ra

8- Rui Costa (UAE) d.b.

12- Victor De la Parte (Total) 1:16ra

86- Omar Fraile (Astana) 4:48ra

Suitzako Tourra, sailkapen nagusia:

1- Richard Carapaz (Ineos) 20h37:27

2- Rigoberto Uran (Education First) 17ra

3- Julian Alaphillipe (Deceuninck) 39ra

4- Maximilian Schachmann (Bora) 1:07ra

5- Jakob Fuglsang (Astana) 1:15era

6- Michael Woods (Israel) 3:10era

7- Domenico Pozzovivo (Qhubeka) 3:16ra

8- Sam Oomen (Jumbo) 3:39ra

18- Victor De la Parte (Total) 6:43ra

30- Omar Fraile (Astana) 16:12ra

Irabazi gabe, baina euskaldunak oso ongi Okzitanian

Bestalde, euskal txirrindulariek ez dute zapatu honetan garaipenik lortu, baina hala ere maila txukuna eman dute. Okzitaniako Rutak zapatuan bertan izan du etapa erregina eta garaipena Movistarko Antonio Pedrero katalanak lortu badu, euskal txirrindulariak ederki aritu dira, aurreneko hamar sailkatuetan hiru txirrindulari sartuta.

Guztietan ondoen Oscar Rodriguez burlatarra aritu da, Le Mourtis gainean hirugarren sailkatu baita, Pedrerorengandik 43 segundora, eta sailkapen nagusian ere, etapa baten faltan, hirugarren postuan dago igotzaile nafarra, Terrassakoarengandik 49 segundora.

Aurreneko hamarren barruan sailkatu dira ere Euskaltel-Euskadiko Mikel Bizkarra –bederatzigarren, 1:23ra– eta Caja Ruralgo Julen Amezqueta –1:26ra, hamargarren–. Sailkapen nagusian ere postu horietan daude aipatu txirrindulariak.

Eslovenian, berriz, bistan da errepidea maldan gora jartzen denean UAE taldeari inork ere ezin diola itzalik egin. Azkenaurreko etapako lau sailkatuetatik hiru Emirates taldekoak izan dira zapatu honetan. Diego Ulissi izan da garaile Nova Goricako helmuga gogorrean, Tadej Pogacar liderraren baimenarekin –bigarren–, eta Rafal Majka laugarren helmugaratu da, tartean Astana taldeko Matteo Sobrero sailkatu dela.

Igandean amaituko da Esloveniako Tourra, ondo bidean Novo Mestoko helmugan, eta Pogacar, Ulissi eta sobrerok osatuko dute azken podiuma, hurrenez hurren.

Belgikako Tourrean, aldiz, Caleb Ewanek –Lotto– ostiralean bezala irabazi du larunbat honetan ere. Azken etaparen faltan, Remco Evenepoelek –Deceuninck– sailkapen nagusia esku eskura dauka.