NAIZ

Bennett izendatu eta Netanyahuren aroari amaiera eman dio Israelgo Parlamentuak

Israelgo Parlamentuak Naftali Bennett lehen ministro berria izendatu du, eta Benjamin Netanyahu garaiari amaiera eman dio. Honek Gobernu berria «boteretik kentzeko» moduak bilatuko dituela ziurtatu du.

Israelgo lehen ministro berria  Naftali Bennett. (Emmanuel DUNAND / AFP)
Israelgo lehen ministro berria Naftali Bennett. (Emmanuel DUNAND / AFP)

Israelgo Parlamentuak Naftali Bennett lehen ministro berria izendatu du, eta Benjamin Netanyahu garaiari amaiera eman dio. Honek esan duenez, Israelen «existentzia eta segurtasuna bermatzeko» misioarekin jarraituko du, eta Gobernu berria «boteretik kentzeko» moduak bilatuko dituela ziurtatu du.

«Oposiziora bagoaz, burua goratuta egingo dugu, Gobernu arriskutsu hau eraitsi arte», adierazi du Netanyahuk Parlamentuan egindako saio batean. Era berean, Naftali Benetek kargurako zilegitasunik ez duela esan du. Iran bezalako etsaien aurrean «ahula» dela ohartarazi du.

Bennettt, lehen ministro berria

Naftali Benet ultranazionalista erlijiosoak, Israelgo hurrengo lehen ministroak, adiskidetze nazionalerako deia egin du gaur, Gobernu berria Parlamentuan berresteko saioan, tentsio eta amorru handiko giroan.

«Nazioaren eta Estatuaren lidergoa hurrengo belaunaldira pasatzeko unea da», adierazi du Bennettek, eta benjamin Netanyahu lehen ministroari eskerrak eman dizkio, Israelen zerbitzuan emandako hamabi urteak direla eta.

«Oso harro nago gobernuan oso iritzi ezberdinak dituzten pertsonekin batera esertzeaz. Une erabakigarri honetan erantzukizuna hartu dugu», adierazi du Bennettek gaurko saioan.

Aldeko 60 boto, aurkako 59 eta abstentzio batekin «batasun nazionaleko» Gobernuak oniritzia jaso du. Aurreneko bi urteetan Bennett ultrazionalistak zuzenduko du Gobernua, eta Yair Lapid zentristak hurrengo bietan.

Bi urteko blokeo politikoarekin amaitu du gaurko osoko bilkurak. 12 urte jarraian boterean eman ditu Netanyahuk, eta azken urteetan ustelkeria eta iruzurra leporatzen dizkiote.

Palestinako eragileek adierazi dutenez, Benetten izandapena ez du eraginik izango. Gatazkak jarraituko du.