Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo

Xabier Berasategi, oso gustura Giroarekin

Laboral Kutxako txirrindularia pozik dago orain arte korritu duen probarik gogorrenean munduko 23 urtez azpiko onenen kontra egindakoarekin.

Xabier Berasategi, iaz Baranbion Euskal Herriko txapelketa lortu zuela ospatzen. (Oskar MATXIN/FOKU)
Xabier Berasategi, iaz Baranbion Euskal Herriko txapelketa lortu zuela ospatzen. (Oskar MATXIN/FOKU)

Xabier Berasategi (Olaberria, 2000) 22. sailkatu zen larunbatean bukatu zen 23 urtez azpiko Girinon. Hor erakutsi zuen itzulietarako txirrindulari egokiena dela. Unai Iribarrek (15.) eta Asier Etxeberriak (25.) ere aurreneko 25en artean bukatu zuten proba –Caja Rural taldeko Julen Arriolabengoa 23. izan zen– eta Xabier Isasa eta Ibai Ruiz de Arkauteren laguntzarekin Laboral Kutxak taldeka laugarren bukatu zuen 12 kontinentalen aurretik, egunero postuak igoz.

«Laboral Kutxarentzat, hainbeste kontinental egonda, talde amateurra izanda laugarren postua lortzeak zeresana dauka; mendiko etapetan ikusten genuen hiru txirrindulari sartzen genituela aurretik beti eta postuak aurreratzen genituela. Bagenekien taldeka zeozer polita egin genezakeela, saiatu ginen beti ahal genuen hoberena egiten, esprimitzen, etapa batean aurrenekoak izan ginen, eta emaitza oso ona da laugarren gelditzea», esan du Berasategik.

Debut urtean, 2019an, Isardeko Itzulian maila polita eman zuen jada Olaberrikoak:  «Isardekoa izan zen lehenengo nazioarteko esperientzia talde kontinentalekin korritzen. Lau egun gogor izan ziren, mendi askorekin, eta nahiko ondo moldatu nintzen. Nire lehen urtea izanda ere nahiko gozatu nuen».

Baina garbi dauka «bere hirugarren urtea izanda Giroak maila handiagoa duela. Hemengo itzuliak lau egunekoak dira eta lau egunetik hamarrera pasatzean aldea dago. Hamar egun segidan izanda ezin duzu akatsik egin eta hori nabaritzen da. Hamar egun horietatik bitan izan nuen bajoia; bosgarrenean, Sestolakoan, goian amaitzen zen eta ez nintzen ondo sentitu bukaeran, eta zortzigarrenean, Andalokoan, sei minutu galdu nituen. Baina hurrengo egunetan, bietan, buelta eman nion eta nire maila berreskuratu nuen».

Italian aurkitu dituen aurkarien maila azpimarratu du Berasategik: «Ayuso bagenekien faborito eta indartsuena izango zela, baina ez genuen espero halako erakustaldiak ematea. Oso indartsu aritu da».

«Ez daude hain urruti»

Girinoren irabazlea UAErekin arituko da hemendik aurrera World Tourren, baina ez da bakarra izango: «Hurrengo urtean ikusiko dugu aurrean ibili direnak talde onenetan izango direla, beste maila batean daude, baina ez hain urruti. Ibili gara beraiekin borrokan, etapa batzuetan aurpegia ematen eta horrekin gelditzen gara, itxura ona eman dugula».

Aurkarien mailaz gain, Girinok txundituta utzi ditu euskal txirrindulariak: «Antolakuntza oso ona da; Giro profesionala antolatzen duena da. Hamar egun dira, oso etapa gogorrak; inoiz egin dugun lasterketarik gogorrena izan da eta oso esperientzia polita bilakatu da mailagatik eta ikasi dugun guztiagatik. Bi egunetan espero baino okerrago ibili nintzen, baina orokorrean oso gustura nago egindako Giroarekin».

Laboral Kutxak Lizarterekin borrokan daraman denboraldi onari jarraipena eman diote Italiako errepideetan: «Talde oso konpletoa daukagu, Girinon lehiatzeko oso boskote potente eta orekatua izan dugu. Denboraldia oso ondo hasi dugu eta emaitza onak lortzen ari gara».

«Itzulietan ederki ibiltzen naiz, ahaleginetatik ondo errekuperatzen naiz»

Xabier Berasategiren urte hasiera gogorra izan da; iazko emaitzak errepikatu ezinik ibili da, elementu guztiak aurka izan dituelako: «Lehen lasterketetan erorketa batzuk izan nituen, gero puntua hartu nuenean arazo mekanikoak, Valenciagaren aurretik gaixotu nintzen eta ezin izan nuen parte hartu... Denetatik gertatu zait, baina orain buelta eman diot eta puntu polita hartzen ari naiz hurrengo lasterketetan lehiatzeko».

Iaz Kantabriako Itzulia eta Euskadiko Txapelketa irabazi zituen eta bien artean lehenengoa azpimarratzen du, «maila handia zegoelako, elite mailako txirrindulari askorekin eta horrelako buelta bat irabazteak beti ilusioa ematen dizu. Euskadiko Txapelketa ere oso titulu polita da, baina zeukan mailagatik garrantzi handiagoa ematen diot Kantabriako Itzuliari».

Aurten laugarrena izan da Duranan eta Beasainen eta orain Giroan hartutako erritmoa aprobetxatu nahi du Espainiako txapelketetan aste honetan, eta gero Lehendakari eta Euskaldun lasterketetan aurrean ibili nahi du: «Taldeak Madril eta Zamorako itzuliak ere egiteko dauzka eta horiek izango dira helburuak».

Junior mailan etapa garaipenak lortu zituen Gipuzkoako eta Iruñeko itzulietan eta sailkapen nagusian batean bigarren eta bestean hirugarren izan zen, orain profesionaletan ari den Josu Etxeberriaren atzetik.

«Hor ikusi zen itzuliak ondo egiteko gauza nintzela. Itzulietan ederki ibiltzen naiz, ondo errekuperatzen naiz ahaleginetatik, baina nik uste dut errematatzaile ona ere banaizela, aukerak izanez gero. Normalean ez dut huts egiten, nahiz eta aurten zorte handiegirik ez izan alde horretatik», esan du Berasategik.

Aurten Mekatronika Industrialeko ikasketak bukatu ditu eta etorkizunari begira txirrindularitzari lehentasuna eman dio, Euskaltel taldera pasatzeko asmoarekin: «Helburu nagusia profesionaletara pasatzea da eta gauzak ondo egiten jarraitu behar dugu. Hori ere irabazi egin behar da. Taldea oso indartsu daukagu, jende asko daukagu aukerak handitzeko, ilusioa daukat eta ekipoak momentu egokienean igoko nau».