NAIZ

M-8an Iruñean egindako ekintza batengatik «atentatua» leporatu diote emakume bati

Martxoaren 8an Nafarroako Parlamentuan egindako ekintza feminista baten kontra oldartu ziren foruzainak. Orain, emakume bati «autoritatearen aurkako atentatua» leporatu diote eta epaitegian deklaratzera deitu dute, Iruñerriko Mugimendu Feministak salatu duenez.

Iruñerriko Mugimendu Feministak gaur Iruñean egin duen agerraldia. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iruñerriko Mugimendu Feministak gaur Iruñean egin duen agerraldia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Martxoaren 8an ekintza feminista egin zen Nafarroako Parlamentuan. Lau kide bertankateatu ziren eta foruzaingoa emakumeen kontra oldartu zen, borraz kolpatuz. Orain, emakume bat «autoritatearen aurkako atentatua» delako delituarengatik epaitegian deklaratzera deitu dute, Iruñerriko Mugimendu Feministak salatu duenez. Honez gain, lau emakumeri isunak jarri dizkiete Mozal Legea erabiliz.

«Ekintza horren helburua zen Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari premiazko proposamen eta neurri batzuk helaraztea, bizitza erdigunean jartzeko benetako konpromiso politikoa ekarriko zutenak. Ekintza baketsu hori egin zen Maria Chivitek eta bere Gobernuak behin baino gehiagotan mugimendu feministaren bilera eskaerei uko egin dietelako. Feminismoarekin eta bizitza duinarekin duen konpromisoa benetakoa bada, ez dugu ulertzen zergatik presidenteak eta bere Gobernuak ez duten bere komunitateko mugimendu feministarekin bildu nahi», gogoratu dute.

«Ekintza garatu eta komunikatua irakurri ondoren, guztiz neurrigabea izan zen jarduketa poliziala. Bertan zeuden feministak jipoitu eta bi kideek laguntza medikoa behar izan zuten. Ekintza horretan, emakume bat atxilotu zuten, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. Hainbat komunikabidetan argitaratutako grabazioetan, ez da delitu hori ikusten», salatu dute.

«Horregatik, Nafarroako mugimendu feminista osatzen dugun kolektibook, mugimendu sozialaren laguntzarekin, jardun politiko feministaren aurkako eraso hau salatzen dugu, errepresio polizial eta politikoa dena. Ekintza baketsu eta ikusgarri baten aurrean guztiz neurriz kanpoko jokabidea salatzen dugu, eta, horregatik, prozedura artxibatzeko eskatzen dugu», aldarrikatu dute.

«Prozesu judizialaren jarraipena deseroso dagoen eta fagozitatu ezin duten mugimendua kriminalizatzeko eta erasotzeko ahalegina da. Mugimendu feminista hau, uzten dituzten apurrekin pozik ez dagoelako, eta dena aldatzera datorrelako, bizitza duina erdigunean jartzeko», gaineratu dute.

Gauzak horrela, elkarretaratzea deitu dute hilaren 30ean, 9.30ean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.