NAIZ

Kritikekin, baina adostasun handiarekin onartu da Euskal Hirigune Elkargoaren Klima plana

Klima plana adostu du Euskal Hirigune Elkargoak osoko bilkuran, aldeko 164 bozkarekin, kontrako hiru bozka eta bost abstentziorekin. Hautetsientzat eta ingurugiroaren aldeko elkarteen iritziz, 2050. urterako ezarri diren helburuak ez dira aski.

Osoko bilkuran bozkatu dute Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek Klima plana. © Guillaume FAUVEAU
Osoko bilkuran bozkatu dute Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek Klima plana. © Guillaume FAUVEAU

Euskal Hirigune Elkargoak ekainaren 19an egin duen osoko bilkuran PCAET (Plan Climat-air-énergie Territorial) plana bozkatu du. Txostenak berotegi-efektua duten gasen isurketa gutxitzeko 2050. urteari begira ezarri beharreko helburuak zehazten ditu. Aldeko 164 bozka, kontra hiru eta bost abstentzio jaso ditu txostenak.

Euskal Hirigune Elkargoak aurkeztu eta bozkatu duen egitasmoaren arabera, mugikortasunetik eratorritako gasen %77 gutxitzea aurreikusten du, %73 etxeetan eta  %30 nekazaritza arloan. Horrez gain, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko bitartekoak ere ezarriko dira.

Mediabask hedabideak jakitera eman duenez, EELV (Europe écologie-Les Verts) alderdiko Mixel Esteban hautetsiaren aburuz, Euskal Hirigune Elkargoak hautatu duen estrategiak ez du behar bezainbat anbizio. Diagnostiko on bat egin arren «ezintasunaren onartzea» dela iritzi dio ekologista baionarrak eta datozen urteetan planaren garapena ebaluatzeko ekintzak egin beharko direla ohartarazi du.

Euskal Hirigune Elkargoko Trantsizio Ekologikorako arduradun nagusia den Martine Bisauta, ordea, ez dator bat berdeen kritikarekin eta zera adierazi du, «klima plana edozer izan daiteke, baina ez ezintasunaren onartze bat».

«Guzti hau ez dago harri gainean idatzita, bizirik dagoen plan bat, egokitu eta hobetu daitekeena», nabarmendu du Bisautak eta, aditzera eman duenez, urtero «klimaren astea» antolatuko du Euskal Hirigune Elkargoak urrian eta une bakoitzean egoera zein den ikusteko balantzeak egingo ditu urtero.

Eragile batzuen hutsunea

Bizi! Mugimenduarentzat ere egitasmoa motz geratzen da eta 2018tik Euskal Elkargoarekin egitasmoa osatzeko elkar lanean ibili ostean, batzordea uztea erabaki zuen pasa den maiatzaren 20an. Izan ere, haien esanetan, planak ez du karbono isurketa eraba neutralizatzeko helburua eta «hori zen marra gorria».

«Gas isurketak handituz doazen arren, plan honek ez ditu kontuan hartzen», adierazi du Estebanek, Bizi! mugimenduko argudioekin bat eginez. Bere aldetik, Bisautak, «atsekabea» azaldu du Bizik batzordea utzi izanagatik, zeren «interesgarria izango litzateke geratu izan balira barrutik zirikatzeko, eta hobeto eta gehiago egiten laguntzeko».