NAIZ

Migrazioen bidean hil diren pertsonak omendu dituzte Hendaian

Larunbat honetan, errefuxiatuen nazioarteko egunaren bezperan, Bizi mugimenduak eta SOS Arrazakeriak bidean hil diren migranteei omenaldia eskaini diete. 85 pertsona bildu dira Hendaian, muga gainditzen duen oinezkoendako zubi berrian, «migrazio arloko politika duin eta bihotz onekoak» galdegiteko.

Bizi eta SOS Arrazakeriak omenaldia eskaini diote duela zenbait aste bidasoan itota hil zen Yaya Karamoko gazteari. (Guillaume FAUVEAU)
Bizi eta SOS Arrazakeriak omenaldia eskaini diote duela zenbait aste bidasoan itota hil zen Yaya Karamoko gazteari. (Guillaume FAUVEAU)

Bizi mugimenduak eta SOS Arrazakeriak ekitaldi xume bat egin dute Hendaian migrazioen bidean hil diren pertsonak omentzeko. Hain zuzen, duela zenbait aste Yaya Karamoko bolikostar gaztea Bidasoa zeharkatzen saiatu ondoren hilik atzeman zuten leku berean izan da omenaldia.

3.174; horixe da 2020an kontatutako hildako etorkinen kopurua, nahiz eta covidagatik mugikortasuna aunitz murriztu. Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (OIM) 2014az geroztik egiten dituen zenbaketen arabera, gaur egun badira 35.000 lagun baino gehiago bizitza duin baten bila abiatu eta bidean hilak.
 
Hendaia eta Irun lotzen dituen eta duela guti burdin sare batekin hetsia den oinezkoendako zubiaren aitzinean, Biziren Etorkinei buruzko taldeko, SOS Arrazakeriako eta Aita Mari salbatze ontziko ordezkariek hitza hartu dute. Egoera larriaren berri eman dute, politikoen ardura eskasa salatu, eta elkartasunaren garrantzia azpimarratu.

Justizia klimatikoa eta soziala gauza bera dira
 
«Migratzea, bere bizia arriskuan ematea da, dena uztea da, bizi hobe baten esperantzan, pobreziatik, gerlatik, errepresiotik, hondamendi naturaletarik ihesi joaitea da», oroitarazi du Elise Biziko Etorkinei buruzko lantaldeko kideak.

Mugimendu altermundialistarentzat, klima nahasmendua, desberdintasun sozialak bezala, migrazioen iturri bat da. «Arazo globala eta anitza da, eta horri diogu aurre egiten gaur: justizia klimatikoa aldarrikatzea, ber denboran, justizia soziala aldarrikatzea da». Taldeko bertze bozeramaile batek, Gabrielek, zera erantsi du: «Mugak ezin dira kontsideratuak izan politikarien esku diren joko bat bezala: Europar herriek politika hiltzaileak eramaiten dituzte. Horiek gelditu behar dira. Gure jendetasunak galdegiten ditu harrera politika duinak, berehalakoak eta praktikoak: zubiak eraiki behar dira, ez paretak».
 
Ondotik, jende katea Bidasoa bazterretara hurbildu da, omenaldi zeremonia batentzat. Biziko militante batzuek erbesteratua den artista batek egin duen eta ezagutuak diren 35.000 biktimen izenak dituen eta Aylan Kurdi (Turkiako hondartza batean 2015ean hilik aurkitu zen haurra) tristeki famatua bilakatuaren argazkia duen fresko bat agertu dute. Militanteek Yaya Karamokoren potreta ere pausatu dute azken honi omenaldia eskaintzeko.

«Bi zubiren artean ito da»

Marie Cosnay idazle eta militanteak 2021eko maiatzaren 22an hila atxeman den gizon gaztearen historia kontatu du: «Yaya Karamokok, bi aldiz ozeanoa zeharkatu du (lehen aldian, ia-ia bertan galdu zen, bigarren aldian, hegazkinez haren gainean ibili zen), eta bi zubiren artean ito da. [...] Ez zaitugu ahantziko, Yaya Karamoko, eta ez dugu ahantziko, XXI. mende honetan, gorputzei, izenei, familiei eta memoria kolektiboei zer paira araztea posible den».
 
Omenaldia burutu da aurresku batekin, minutu bateko isiltasunarekin, eta Bidasoan pausatua izan den lore koroa batekin. Bizik Etorkinei buruzko bere lan taldean sartzeko gomita luzatu du, horren bidez migrazioen gaiari buruz sentsibilizatzen segitzeko, duintasunik gabeko migrazio politiken gaitzesteko, eta Ipar Euskal Herriko laguntza eta elkartasun sarea indartzeko.