Izkander Fernández
Elkarrizketa
Eñaut Gaztañaga
Ezpalak taldeko gitarra jotzailea

«Musikariok diskoei iraungitze data arin heltzen zaiela sentitzen dugu»

Bizitza aurrea doa. Duela urtebete eta erdi Berri Txarrak desegin ondoren, euskal rocka barrenera begira jarri zen bizi berrien bila. Ezpalak euskal rockaren itxaropen berrietako bat da eta bere disko berria, “Kolpatu Topatu”, gure gitarrentzako arnasa berri eta garbia.

Zestoako laukotea. (EZPALAK)
Zestoako laukotea. (EZPALAK)

Apirilaren amaieran argitaratu zen Zestoako laukotearen bigarren estudio lana. “Kolpatu Topatu” izenburuak asmo argi eta itzulingururik gabea erakusten du: topatzea eta kolpatzea. Eman zaion zentzua are zuzenagoa eta berehalakoagoa da, kolpatzea proposatzen baitu aurkitu baino lehen.

Entzuleak “Kolpatu Topatu”-ko zortzi konposizioei heltzen lagunduko dion tesi bat eraiki nahi badu, honako hau izan daiteke: bere debutean taldea 90eko hamarkadaren lehen erdian eta rock alternatiboan zentratzen bazen ere, bere bigarren urrats diskografikoan azken hogei urteetako espektroan zentratzen da. Inolako bertigorik gabe, konposizioen eraginkortasun berarekin eta lehen emanaldiko indarraren, emozioaren eta melodiaren arteko oreka berarekin.

Rockaren eta poparen mitologian, bigarren diskoa beti izan ohi da disko konplikatua. Bai sortzeko, bai grabatzeko, bai promozioan eta zuzenean defenditzeko. Zelakoa izaten ari da zuen esperientzia?

Gure kasuan oso erraz egin dugu, ze abestiak oso era naturalean irten ziren. Diskoari ekoizpen aldetik zein bide eman nahi genion oso argi geneukan. Grabatzean ere oso ondo joan zen guztia. Beraz, gure kasuan behintzat oso prozesu azkarra eta garbia izan zen. Gero, diskoaren alde burokratikoa, bai, atzeratu egin zaigu, egoera honetan argitaratu nahi ez genuelako baina, tira, azkenean egoera honetan argitaratu dugu.

Diskoa Oso Polita diskoetxearekin batera argitaratu duzue. Nola sortu zen kontaktua?

Gure managerren bitartez. Marcos Ayukekek Grises ere eramaten du eta Ezpalaken diskoa pasa nionean asko gustatu zitzaion eta berarekin hasi ginen lanean. Berak Oso Politarekin hitz egitea gomendatu zigun, diskoetxe berria zelako eta euskal taldeekin lan egin nahi duen diskoetxea delako. Beraiekin hitz egin eta gero disko baterako akordio batera heldu ginen eta banatze eta promozio lanez haiek arduratuko dira.

Promozioa aipatu dugunez, nola azalduko zenuke diskoaren erdia diskoa argitaratu aurretik aurrerapen gisa aurkeztearen estrategia?

Eskutik joan zitzaigun. Ideia ez zen hain denbora luzean horrenbeste abesti aurreratzea, baina lehenengo singlea ekainean argitaratu genuen, diskoa irailean kaleratuko genuela pentsatuta. Eta azkenean lehenengo aurrerapenetik ia urtebete pasa da diskoak argia ikusi arte, ze diskoaren argitalpena ez genuen batere argi ikusten eta atzeratzen joan gara, eta bitartean abestiak aurkezten. Baina hori gertatutakoa bada ere, nik taldeek gero eta gehiago erabiltzen duten estrategia dela uste dut. Musikariok diskoei iraungitze data arin heltzen zaiela sentitzen dugu.

Hau lehenengo diskotzat jo genezake? Eta aurrekoa maketa/aurkezpen gisa?

Guk bigarren diskotzat hartzen dugu. Egia da talde gisa argiago izan dugula nondik ibili eta lehenengo diskoa lau entsegu eta gero grabatu genuela, Juanjo ia ezagutu gabe. Gainera, lehenengo diskoan 90eko hamarkadarekin obsesionatu egin ginen.

Eskerrak 90eko hamarkadaren gaia zuk aipatu duzun. Lehenengo diskoak 90eko hamarkadari eskainitako omenaldia ematen zuen. «Kolpatu Topatu»-k, ordea, gaur egungo kutsu handiagoa dauka.

Gitarra kontuetan antzera jarraitzen dugula uste dut, ze hor daude Smashing Pumpkins eta Juanjoren ahotsari esker Nirvana ere presente dago. Egia da lehenengo diskoa nire paranoia izan zela, eta Grisesen horrelako eraginak ezin ditudanez azaleratu, beste leku bat bilatu nuen eta gutxi gorabehera leku hori Ezpalaken aurkitu nuen. Baina egia da “Kolpatu Topatu” diskoari begira gaur entzuten ditugun taldeen ekoizpenak buruan izan ditugula eta hortik abiatuta diskoa jorratzen saiatu garela. Eta, gainera, disko honetan guztiok ahotsa izan dugu eta guztiok gure iritziak eman ditugu.

Ezpalak bere eragin musikalak ezkutatzen ez dituen taldea ematen du.

Talde askotatik edan dugu eta taldeko laurok musika maite dugu. Musika asko entzuten dugu eta erreferentzia ugari ditugu, baina ez dugu ezer ezkutatzeko beharrik eta, era berean, ez dut uste talde jakin baten kopia garenik.

«Kolpatu Topatu»-k gaur egungo musika garaikidearekin bat egiten duela uste duzu?

Baietz esango nuke. Egia da disko rockeroa dela eta gaur egun rocka igual ez dagoela bogan, baina ekoizpen aldetik garai honetako hainbat osagai edo elementu sartu ditugu eta, alde horretatik, disko honen hizkuntza garaikidea dela esango nuke.

Ardura zaizu?

Ez, niri orain ez. Lehen igual bai. Grisesekin saiatu izan ginen, baina nik orain 37 urte ditut eta nik buruan dudana eta niri gustatzen zaidana jorratu nahi dut. Ez dizut esango jendeari nire musika gustatzen ez bazaio berdin zaidala; azken finean, nik kontzertuak eman nahi ditudalako eta horretarako nire musika jendearengana heldu behar delako. Hala ere, ez gaude hemen modan dagoen zeozer egiteko. Lau pertsona batu gara, gustu batzuekin eta irteten zaiguna irteten zaigu eta, nolabait, egiten dugun horrek badauka gaur egungo puntu hori.

Zuk ekoizle lanak egiteak eragina du taldearen izaeran?

Baietz uste dut. Abesti bat sortzen den momentutik nik badakit estudioan zer nolako ekoizpena eman nahi diodan. Gero, eztabaida prozesu bat zabaldu daiteke gure artean, baina prozesu horren amaieran argi daukagu kanta nola ekoiztuko dugun.

Nahiz eta une gogorra izan «Kolpatu Topatu»-k nahiko ondo funtzionatu du “streaming” bidezko plataformetan.

Egia. Eta gu nolabait harrituta gaude, ze lehenengo diskoarekin guztia nahiko xumea izan zen, baina disko honekin bai Spotifyn bai Youtuben bisita dezente izan ditugu. Ez dakit disko asko saldu diren, ezetz suposatzen dut, baina behintzat streaminga oso ondo doa.

Badago paralelismoren bat, urrunekoa izan arren, erreprodukzio kopuruaren eta disko salmentaren artean?

Ez dut uste zerikusi handirik duenik. Egia da bisita asko badituzula agian, amaieran, disko asko salduko dituzula. Baina badaude hainbat talde diskoak saltzen ez dituztenak eta gero plataformetan bisitak milioika zenbatzen dituztenak. Eta kontrakoa ere bai, disko asko saltzen duten taldeak eta gero streamingen arrakasta handiegirik ez dutenak. Eta zure entzuleria gaztea bada, gazteek ez dute diskorik erosten.

Ezpalak-en entzuleria zelangoa den, zer adin daukan, antzeman duzu?

Oraindik ez. Gaur egun erabiltzen ditugun edukierekin oso zaila da zure publikoa nolakoa den zehaztea, ze azkenean aretoaren araberako zeozer izan daiteke. Zer nolako jendea mugitzen den aretoetan. Bonberenean, adibidez, 30 urte inguruko jendea egon zela uste dut.

Juanjo eta zu beste talde batzuetako kideak zarete. Ezpalak bat-batean desagertzeko arriskurik badago? Edo etorkizunari begirako proiektu finkoa da?

Desagertzeko arriskurik ez dagoela esango nizuke. Hasi ginenean agian bigarren proiektu bat bezala uler genezakeen, baina gaur egun beste proiektu batzuekin batera jorratzen dugun zeozer da, baina, gaur egun bai, gaur egun Ezpalak gure lehenengo taldea da. Erritmo onean goaz, abesti berri pila bat ditugu eta nik uste dut hurrengo urtean disko berri bat grabatuko dugula. Eta, bitartean, ahalik eta kontzertu gehien eman nahi ditugu.