Jon Ormazabal

Perfekziotik bertan, Jokin Altunak bere bigarren txapela eskuratu du (22-5)

Espero zena baino errazago, Jokin Altuna Buruz Buruko txapeldun berria bihurtu da, Bizkaia pilotalekuan Beñat Rezustari 5-22 irabazita. Amezketarrak hasieratik apurtu du partida, 0-7ko partzial bati esker.

Jokin Altuna, txapela buruan eta Beñat Rezusta eta Iñaki Artolaz inguratuta. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Jokin Altuna, txapela buruan eta Beñat Rezusta eta Iñaki Artolaz inguratuta. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Inork zalantzarik bazuen, Jokin Altunak Buruz Buruko honetako pilotaririk onena dela berretsi du gaur, kolore bakarreko final batean Beñat Rezustari inolako aukerarik eman gabe. Hasi eta buka, bikain aritu da amezketarra, une oro egin nahi zuen huraxe egin eta Bergarako atzelaria inolako aukerarik gabe utziz. Lehen mailako zortzigarren finalean Manomanistako bigarren txapela jantzi du, –lau ditu guztira– eta hau hasi baino egin ez denaren susmoa nabaria da.

Partida hasieratik Jokin Altunak berea izan du partidaren kontrola eta epailearen txapa lagun, lehen tantotik aldea egin du markagailuan, berak nahi izan duen eran jokatuta. Saketik hasita, dena egin du ondo amezketarrak, aukera izan duenean errematatu, defendatzea tokatu zion gutxi horietan defendatu –ezkerreko besagainarekin oso bizi irten zaio pilota– eta Rezustari eskuina bilatzearekin erotu gabe, pilotari altura eman eta paretara baztertuz.

Kontrara, Beñat Rezustari kosta egin zaio partidan sartzea. Errestoan ez da fin ibili, botera jarri da beti baina pilotari hanka geldian erantzun dio eta aukera gehitxo eman dio barkatu ez duen Altunari. Izan ditu dominatzeko aukera urri batzuk, baina horietan ere Jokin Altunak gauzak perfekto egitera behartu du eta hori ia ezinezkoa da, are gutxiago konfiantzaren biltegia urri antzean dagoenean.

Gauzak horrela, aitaren batean, partida eta beraz, txapela oso erabakita utzi ditu 7-1 eta 10-2 aurreratu den aurrelariak, gainera, bi tanto horiek amezketarrak egindako bi huts bakarretan heldu dira. Sakearekin ere ez du bergararrak gehiegi asmatu eta horrela ezinezkoa egin zaio berea bikain egin duen pilotari bati aurre egitea. Zulorik ez dio inondik inora aurkitu eta burua azkar xamar jaitsi du, zereginik ez zuela jabetuta.

FITXA TEKNIKOA:

REZUSTA: 5

ALTUNA III.a: 22

Iraupena: 45 minutu. Markagailua: 0-7,1-7, 1-9, 2-9, 2-10, 4-10, 4-15, 5-15, 5-22 Sakeak: 0 Rezustak eta 5 Altuna III.ak. Tantoak: 3 Rezustak eta 12 Altuna III.ak. Hutsak: 5 Rezustak eta 2 Altuna III.ak. Gorabeherak: Buruz Buruko finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu da ateak itxita. Xabier Erostarbe izan da Rezustaren botileroa eta Gorka Altuna aritu da Jokin Altuna lehengusuarekin.