Partida onarekin eta garaipenarekin disfrutatu dute zaleek Lezaman

Athleticek zelaian eta markagailuan (2-0) gainditu du Sevilla. Oguizak eta Lucíak sartu dituzte golak. Realak Barcelonaren bisita hartuko du Zubietan (17.00).

Lucíak bigarren gola sartu du lehen zatiaren amaieran. (LaLiga)
Lucíak bigarren gola sartu du lehen zatiaren amaieran. (LaLiga)

300 zaleen babesarekin, bolada txarrari amaiera eman eta Sevilla gainditu du Athleticek. Zuri-gorriak nagusi izan dira soropilan eta baita markagailuan ere (2-0), Oguizak eta Lucía Garcíak sartutako golei esker. Eskertzekoa izan da, edozein kasutan, talde biek egin duten ahalegina eta eskaini duten borroak, denboraldi luze honen amaierara helburu erakargarriegirik gabe heldu direla kontutan hartuta.

Etxeko taldea hasieratik nagusi izan den arren, Amaia Peña adi egon izan behar da, Sevillak noizbehinka gauzatutako kontraerasoek arriskua sortu baitute. Izan ere, atezain bizkaitarrak merituzko bizpahiru geldiketa egin ditu, bere taldearen garaipenaren eragile garrantzitsua bilakatuz.

Denbora aurrera joan ahala, Athletic gehiago eta hobe gerturatu da aurkariaren atera. Ezinhobe etorri zaio, gainera, Oguizak 23. minutuan sartutako gola. Ohizkoa bilakatu den gola Iraia Iturregi aulkira heldu denetik: Monentek korner itxia atera du eta Durangoko erdilariak buruz errematatu du lehen zutoinean. Zuri-gorriak erosoagoak sentitu dira abantailarekin eta bigarrena bilatu dute kontraerasoan.

Bilatu eta aurkitu, atsedenaldirako bi minutu falta zirela 2-0ekoa heldu baita. Lucíak Monenteren pase sakona hartu eta arean sartu da, Noelia Ramos arraseko jaurtiketa batekin gaindituz.

Bigarren zatian norgehiagoka zabaldu da. Christian Torok lehen zatian hasitako mugimenduekin jarraitu du eta bere taldea hobe sentitu da. Baina Athletic ez da konformatu bere abantaila babestearekin eta hirugarren gola ere gogoz bilatu du. Horren ondorioz, area bietan ikusi dira aukerak, markagailua gehiago mugitu ez bada ere.

Garaipena dastatzeko denbora gutxi izango dute bizkaitarrek, etzi Barcelona hartuko baitute Lezaman, 17. jardunaldiko atzeratutako neurketa lehiatzeko.

Txapelduna Zubietan

Barcelona da, hain zuzen ere, Zubieta gaur bisitatuko duen taldea (17.00, LaLigaSportsTV). 800 zaleen babesarekin, Realak txapelduna gainditu beharko du laugarren postua mantendu nahi badu.