NAIZ

Lakuak Ikus-entzunezkoen Kontseilua baztertzea «larritzat» jo du Pantailak Euskaraz ekimenak

Lakuako Gobernuak Ikus-entzunezko hedabideen Kontseilua sortzearen aurkako jarrera hartu izana salatu du Pantailak Euskaraz mugimenduak. Era berean, laguntzaile sare sendoa osatzeari ekin dio «premiazko» ekimenak abian jartzeko.

Pantailak Euskaraz ekimena osatzen duten taldeetako ordezkari batzuk. (PANTAILAK EUSKARAZ)
Pantailak Euskaraz ekimena osatzen duten taldeetako ordezkari batzuk. (PANTAILAK EUSKARAZ)

Pantailak Euskaraz mugimenduak «larritzat» jo du EH Bilduk proposatutako euskal Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Legea tramitatzeari Lakuako Gobernuak emandako ezetza.

Lakuako Gobernuak, Ikus-entzunezko hedabideen Kontseilua sortzearen aurkako jarrera azaltzeko, argudiatu zuen egon badaudela horretarako hiru foro, EITBren Administrazio Kontseilua, Gasteizko Legebiltzarreko EITBren inguruko kontrol batzordea eta kontratu-programaren kontrol batzordea.

Pantailak Euskarazek Jon Artatxo legelariarengana jo du eta haren arabera ezinbestekoa da Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua sortzea. Artatxok, batetik, Lakuako Gobernuak emandako erantzuna «EITBzentristatzat» jo du, «Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren funtzioak ez liratekeelako EITBra mugatuko». Izan ere, «ikus-entzunezkoen sektorea askoz zabalagoa da». Artatxok dio «hiru batzorde horiek ez dituztela azken urteetan balizko Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren funtzioak bete»; beraz, «orain arte egin ez badute, zergatik egingo dute orain?».

Bestetik, aipatu du EB 2018/1808 Europako zuzentarauak dioela funtzio horiek beteko dituen foro edo batzordeak «juridikoki, beste gobernuko organoetatik bereiztuak izan behar direla eta beste organo publikoengandik funtzionalki independenteak».

«Alarma guztiak piztu eta premiazko ekimenak abian jarri»

Pantailak Euskarazek, Lakuako Gobernuaren erabakiaren gaineko iritzia osatzeko, arloko adituengana ere jo du, artean Ramon Zallo Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Komunikazio irakaslearengana. Zalloren iritziz, Lakuako Gobernuak hartutakoa «erabaki penagarria da, euskal hedabide-sistema modernizatu eta indartzeari begira, noiz eta munduan (eta Euskal Herrian), plataforma teknologiko erraldoien nagusitasuna dugun garaiotan».

«Gurea bezalako herri batek, kultura era integralean zaindu nahi badu, alarma guztiak piztu eta premiazko ekimenak abian jarri beharko lituzke, erronka berri hauei azkar eta era egokian erantzuteko», gaineratu du Zallok.

Irakasle honek dio «euskararentzat oso kaltegarria den erabakia» dela; «disglosia mediatiko basati baten testuinguruan gaude, non euskara espainol eta frantsesak geroz eta zokoratuagoa duten; testuinguru horretan, Ikus-entzunezkoen Kontseilu horrek euskararen garaperari eta suspertzeari ekarpena egingo lioke, Euskal Autonomi Erkidegoako Parlamentuan zein Gobernuan ildoak eta arauak zehaztuz –lege eta dekretuak– eta, finean, erronka berrien neurriko erantzuna emanez».

Disney Plus

Disney Plus plataformak azken urteetan estreinatutako 25 filmen katalanezko bertsioak plataforman jarri dituela gogoratu du Pantailak Euskarazek. Azaldu duenez, honek erakusten du egingarria dela, aktibazio sozialaren bidez eta erakundeetatik arduraz jokatuta, lortu daitekeela makrokonpainia hauek hizkuntza komunitate oso baten eskaria betetzea.

Pantailak Euskarezek ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako eragileei antolatzeko eta indarrak metatzeko deia egiten die, «indar uztarketa eta lan horren arabera egongo baitira, euskarak, esparru honetan, eman ditzakeen aurrerapausuak»; bestetik, erakundeei eskatzen die jar daitezela Disney Plus konpainiarekin zintzotasunez eta arduraz negoziatzen, erakundeei baitagokie haur eta nerabe euskaldunen hiztunen eskubideak bermatzea.

Laguntzaile sarea

Azkenik, Pantailak Euskarazek jakinarazi du laguntzaile sare sendoa ari dela osatzen, «neurriko egitasmo batek herritarren babesa ezinbestekoa duelako». Laguntzaile sare honen bidez, jada abian dauden Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz eta Zinemak Euskaraz sinadura bilketa kanpainak indartzea nahi du. Horretarako, sareetatik zabaltzen diren mezuei ahalik eta zabalkunde handiena ematen laguntzea izango da Pantailak Euskarazen laguntzaileei eskatuko zaien konpromisoa.

5 eguneko epean, 200 laguntzaileko sarea osatu du jada Pantailak Euskarazek eta euskal herritarrak animatu ditu egin daitezela ekimen honen laguntzaile eta eman diezaiotela, era horretan, bultzada euskarari.

Pantailak Euskarazek adierazi du lanean jarraituko duela hiru lurralde-administrazioetan Ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortu dadin. «Ikus-entzunezkoen arloko jarduerak erregulatuko dituen egitura publikoa behar da, Europako ia herrialde guztiek duten egitura, gehiengo zabalez aukeratutako norbanako independentez osatua, eta adierazpen eta informazio askatasuna, pluraltasuna, informazioaren neutraltasuna eta zintzotasuna eta parte-hartze librea bezalako funtsezko printzipio demokratikoen defentsa egingo duena», adierazi du mugimenduak.