Alessandro Ruta

Morata, Gosens eta psikologiaren arazoak

Gosens, Portugali sartutako gola ospatzen Hummels taldekidearekin. (Matthias HANGS / AFP)
Gosens, Portugali sartutako gola ospatzen Hummels taldekidearekin. (Matthias HANGS / AFP)

Psikologiaren garrantzia nabarmena da, bai bizitzan, bai kirolean. Askotan norbaitek horrelako laguntza behar izan duela irakurri dugu. Edozein momentutan fantasma bat ager daiteke, buruan, ziurtasunak uxatzen dituena, eta tunel beltz bat har dezakezu. 

Batez ere kirol bakarkakoetan: ziklismoan, tenisean, baita golfean ere. Garaipena eskuratu nahi duzu eta bat batean, batek daki, zerbait etortzen zaizu eta ezin duzu jarraitu. Primoz Roglic azken Frantziako Tourrean, edota hainbat tenislari, badaude, benetan, kasu pila bat. 

Egia esan, futbolariek ere laguntza psikologikoa behar dute noizbait. Nahiz eta bakarkako kirola ez izan. Esate baterako behin kirol ibilbidea bukatuta, zer egin ez dakitenean, etorkizunari begira. Eta etorkizuna, noski baietz, ziurgabea bat izan daiteke hainbesteko fama hartu ondoren. 

Harrigarria eta deigarria izan da, azken asteetan, Alvaro Morataren kasua. Espainiako selekzoko aurrelaria oso gaizki jolasten ari da Eurokopan: Suediaren aurka aukera pare bat izan zituen baina huts egin zituen. Eta zaleek sekulako txistukada eskaini zioten. Eta prentsan, zer esanik ez. 

Alvaro ez da futbolari okerra. Beharbada, nolabaiteko grina falta zaio: oso estilo garbia daukan jokalaria da, baina noski, golik ez baduzu sartzen, arazo bat da. Aurrelariaren lana holakoa da. Entrenatzaileak maiz saiatzen dira konpontzen prentsaurrekotan: «Gola falta izan zaio baina bestela, oso ondo».

Baina jendea ez da tuntuna. Imajina, adibidez, norbaitek esaten diola idazle bati: «Oso ondo lan egiten du: gramatika ez du ezagutzen baina oso ondo lan egiten duela aipatuko nuke». Adar-jotze galanta. 

Morata gaizki sentitu da, txistukada jaso bitartean fantasmak berriro ere etorri zitzaion. 2018an salatu zuen depresioa edo antzeko zerbait sufritzen ari zela eta psikologorengana joan zela. Guk danok ikusten dugu Alvaro sare sozialetan beti pozik, baina argiaren atzean iluna egon daiteke. Luis Enrique entrenatzaileak psikologo lanak egin ditu Suediaren aurkako partidaren ostean baina ez da batere erreza. «Morata eta beste hamar egongo dira berdegunean», gehitu zuen bigarren partida aurretik. Eta Moratak gol bat egin zuen: ez zen izan nahikoa, baina zer esana eman zuen Alvaro eta Luis Enriqueren arteko besarkadak.

Hala ere, nola konpontzen da honelako arazo bat? Auskalo, agian psikologia ikasten. Eta Eurokoparen protagonista bat, hain zuzen ere, jokatzen ari ez denean, horretan dabil: Robin Gosens Alemaniako jokalaria, alegia. Atalantako hegalekoari azterketa gutxi falta zaizkio ikasturtea bukatzeko: «Nire taldekideak tabletarekin dauden bitartean, nik nahiago dut psikoanalisia ikasi», aipatu du Gosensek. 

Pozik jokatzen du Robinek (bere izenak “txantxangorria” esan nahi du ingelesez), nahiz eta zelaian ehunka gora-behera izaten dituen. Portugalen aurka sekulako erakustaldia eman zuen: gol bat eta goleko pase bat. Txalogarria benetan. Ez dauka obsesiorik, antza: Morataren guztiz kontrakoa da. Alvarok, alegia, gol asko egin behar ditu, eta lortzen ez badu helburua, beherakada dauka, mentalki. 

Polita izango litzateke, gure ikuspuntutik, Gosens (behin futbol ibilbidea bukatuta) psikologo bihurtuta, bere gelan, ohean, Freud moduan, Morata lankide ohiarekin hitz egiten: 

–Robin!

–Zer?

–Gogoratzen zara Eurokopa hartan…?