NAIZ

Presoak «Etxerako bidean» jartzearen beharra aldarrikatuko du Sarek uztailaren 3an Iruñean

Presoen urrunketa arindu (baina ez konpondu) den une hautean, presoak «Etxerako bidean» izan behar direla nabarmendu du gaur Sarek. Hori izango da leloa «Ibilian ibilian, etxerako bidean» uztailaren 3an Iruñean egingo den mobilizazioan.

Sareko kideak Iruñeko egoitzaren aurrekaldean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Sareko kideak Iruñeko egoitzaren aurrekaldean. (Iñigo URIZ/FOKU)

1987an hasi zen presoen sakabanaketa politikarekin ameitzako aurrerapausuak eman direla nabarmendu ondoren (nahiz eta egoera oraindik ez den gainditu), orain presoak etxerako bidean jartzeko beharra azpimarratu du Sarek. Lelo hau izango da, «Ibilian ibilian, etxerako bidean», uztailaren 3an Iruñean (18.00, Ziudadelaren harresia inguratzeko) egingo den mobilizazioan.

«1987an eta 1988an hasi zen euskal presoak haien jatorritik urruntzeko eta sakabanatzeko politika. 1989tik aurrera, Estatuaren luze-zabalean sakabanatutako 50 espetxe baino gehiago (Kanariak, Balearrak, Ceuta eta Melilla barne) preso dagoen edozein pertsonari dagozkion eskubideak urratzeko leku bihurtu ziren eta hala izan dira ia 35 urtez. Eskubide horietako bat da zigorra presoaren ohiko bizilekutik bete ahal izatea, hala ezartzen baitu espetxeen arloko araudiak, bereziki Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12. artikuluak (1979). Sakabanaketak zigor erantsia ezarri zien presoen senideei, asterik aste urrunera bidaiatu behar izan dutelarik. Bidean geratu dira bidaia luzeen ondorioz larritutako adinekoen eta ume txikien neke fisiko eta mentala; trafiko istripuak –16 pertsona hil dira halakoetan–; pertsona horiek izan duten kostu ekonomiko handia…..Azken finean, zigor krudela izan da delitu bat dela-eta inoiz epaituak izan ez direnentzat; baina, hala ere, errepresalia gisa diseinatutako espetxe politika gizagabe baten ondorioak jasan dituzte», azaldu du Sarek.

«Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko. Penintsularen hegoaldeko (Andaluzia) kartzelak baino ez dira falta euskal presorik izateari uzteko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan. Baina urruntze egoerari buruzko aipamen berezi bat egin nahi dugu, egoera hori orokorrean hartuta. Gaur egun, preso asko daude oraindik penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan kokatzearen zain. Orduan izango da, euskal presoak lehen aipatutako espetxeetatik ateratzen direnean eta guztiak hemen daudenean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure herrian bizikidetza normalizatzeaz. Horregatik, presoak Euskal Herrian kokatzea helburu utziezina da oraindik euskal gizartearen zati handi batentzat», gaineratu du.

Euskal Herrira eta kalera

«Horregatik ezinbestekoa da, askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein dela ere, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara aldatzea, non dagozkien espetxe neurriak aplikatu beharko zaizkien. Aipatu dugun egoera berri hori pertsona askoren esfortzuei esker lortu da. Euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen giza eskubideen urraketa bertan behera uztearen alde egin du, bakoitzaren ideologia edo alderdia alde batera utzita. Besteak beste, horren alde egin dute Sare Herritarraren eta antzeko erakundeen bitartez artikulatutako emakumeek eta gizonek, eta alderdi politikoek, sindikatuek eta erakundeek. Guztien artean adostasun garrantzitsuak eratzea ahalbidetu dute. Guztien ekarpenarekin lortu da Espainiako Gobernuak jarreraz aldatzea. Gizartearen mobilizazio horrek, ETAk emandako urratsekin eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako konpromisoekin batera, oraindik helmugara arte guztiz egin ez den bidea lautu dute», adierazi du Sarek.

Gauzak horrela, «Etxerako bidean» aldarrikapenaren garrantzia azpimarratu du Sarek. «Gure aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Hala, zigorra eta ordaintze hutsa arauen espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipio izatera pasatuko dira, eta, haien ordez, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza izango dira ardatz».

Hasteko, gaixotasun larriak eta 70 urtetik gorakoak kalean izan behar dutela esan dute. Hauekin batera, irizipide politikoengatik bigarren gradua lortzea oztopatu dietenak gogoratu ditu. Kondenaren hiru laurdenak bete dituztenak ere ugari direla eta 50 presori Estatu frantsesean egondako denbora ez kontatzeagatik zigorra luzatu dietela gogoratu dute.