NAIZ

Save The Childrenek udalekuak hasi ditu pobrezia arriskuan dauden EAEko 300 haurrerentzat

Save the Children erakundeak Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen antolatutako udalekuak hasi berri ditu. Guztira, pobrezia eta gizarte bazterketa arriskuan dauden 300 haurrek hartuko dute parte hiru hirietan.

Save The Childrenen udalekuetan parte hartzen ari diren haurretako batzuk. (SAVE THE CHILDREN)
Save The Childrenen udalekuetan parte hartzen ari diren haurretako batzuk. (SAVE THE CHILDREN)

Save the Childrenek udako kanpalekuak hasi ditu EAEn eta, horien bidez, babesa eskainiko die koronabirusaren krisi ekonomiko eta sozialak kaltetutako 300 haur baino gehiagori. Antolakundeak udako ekintza horiek bultzatzen jarraitzen du, haur ahulenei elikadura, hezkuntza errefortzua eta laguntza emozionala emateko, bai eta haurren artean kirol jarduerak eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko ere, covid-19ak ikasgeletan eragindako murrizketek markatutako ikasturte baten ondoren.

«Uda garaia bereziki zaila da haurrentzat eta familia ahulentzat, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa pairatzen ari baitira gehien», azaldu du Charo Arranzek, Save the Children Euskadi erakundeko zuzendariak. «Udalekuek elikadura egokia eskaintzen diete umeei denbora gehiagoz, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak egiten dituzte eta, gainera, hezkuntza errefortzua egiten dute beharrezkoa den lekuetan», gaineratu du Arranzek.

Uda honetan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrekin jarduerak egingo dira interbentzioa burutzen den hiru udalerrietan: Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen. Barakaldoko udalekuak abian dira dagoeneko, eta BBKren laguntzari esker dira posible, bi erakundeek batera garatzen duten Haurren Pobreziaren aurkako Programaren bidez.

Bakuva Elkartearekin batera, Bilboko kanpalekuak ere martxan jarri dituzte aste honetan. Udaleku hauetan 7 eta 14 urte bitarteko 130 haurrek hartuko dute parte Bakuva ikastetxean eta Miribillako HLHIan.

Halaber, Save the Childrenek laguntza eskainiko die Gasteizen pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden 128 umeri. Hiri-udaleku horiek Gasteizko Udalarekin koordinatuta egiten dira ekainaren 28tik uztailaren 23ra, Landazuri Ikastola LHIn eta Gasteizko Santa Maria LHIn.

«Udaleku horietan, haur horiek heziko ditugu aisialdia eta denbora librea modu eraikitzailean erabil ditzaten eta, aldi berean, motibazioak eta interesak ase ditzaten; aisialdiko eta denbora libreko hezkuntza aukera bat eskainiko diegu, ikaskuntzak, ezagutzak eta gaitasunak bereganatzea sustatzen dugun bitartean; gizarteratzea erraztuko duten balioak, jarrerak eta trebetasunak garatuko ditugu eta komunitatearekin elkartzeko espazioak erraztuko ditugu, besteak beste», adierazi du Arranzek.

Bai erakundeko langileek bai haurrek kutsadurak prebenitzeko behar diren osasun baliabideak izango dituzte, hala nola maskara eta gel desinfektatzaileak, haurrentzako espazio seguruak mantentzeko.

Aisialdi hezitzaile horren garrantzia dela eta, Save the Childrenek Lakuako Gobernuari, aldundiei eta udalei eskatu die udan hezkuntza eskaintza zabaltzeko, eskumen edukia txertatzeko, kalitatezko aisialdiarekin batera, eta maila sozioekonomiko baxuko familien doako sarbideari lehentasuna emateko.