Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

EH Baik Hendaia-Hego Kostaldean irabazi du; Gehiengo Departamentalak gainerakoetan

Ezkerreko subiranistek Hendaia, Biriatu eta Urruña barnebiltzen duen kantonamenduan irabazi dute. Gainerakoetan zentro-eskuinak irabazi du. Alderdi Sozialista eta berdeen hautagaiek jasan dute porrota. [hemen, emaitza guztiak]

Iker Elizalde EH Baiko hautagaia bozkatzen. (Naia GARAT)
Iker Elizalde EH Baiko hautagaia bozkatzen. (Naia GARAT)

Hiru datu hauteskunde departamentalen bigarren itzulian: Gehiengo Departamentalak bere nagusitasuna berretsi du, EH Baik kantonamendu batean irabazi du eta Alderdi Sozialistak eta berdeek aurkeztutako hautagaitzek ez dute norgehiagoka bat bera ere irabazi. Sozialistek, horrenbestez, orain arte zituzten sei kontseilariak galdu zituzten Pauen.

Espero baino bide luzeagoa egin behar izan du Lasserre buru duen Gehiengo Departamentalak bere nagusitasuna berresteko. Lehen itzulian hiruzpalau kantonamendutan ordezkaritza lortzea espero zuen, eta lautan beharrezkoa den %50a gainditu bazuen ere, kantonamendu guztiak bigarren itzulira pasa ziren joan den igandean, izena emandako hautesleen %25 ere lortu behar baitzuen irabazleak. Ipar Euskal Herrian abstentzioak %62 gainditu zuen, eta inork ez zuen marka hori gainditzea lortu.

Bigarren itzulian zentro-eskuinak 11 kantonamendu lortu ditu. Horrenbestez. Euskal Herritik 22 kontseilari –bi kantonamenduko– izango ditu Pauen: Angelutik, Chasseriaud eta Darrasse; Baigura-Mondarrainetik, Harriet eta Pargade; Baiona 1etik, Meyzenc eta Olive; Baiona 2tik, Erramundeguy eta Evene-Mateo; Baiona 3tik, Alleman eta Lauque; Biarritzetik, Brisson eta Vals; Bidaxune-Amikuze-Oztibarretik, Bruthe eta Lasserre; Donibane-Lohizunetik, Alzuri eta Arribas-Olano; Errobi-Aturritik, Behoteguy eta Saint-Esteven; Euskal Mendialdetik, Mirande eta Trounday Idiart, eta Uztaritze-Errobi eta Urdazuri Ibarratik, Etcheverria eta Luberriaga.

Kantonamendu bakarra geratu da hortik kanpo, Hendaia-Hego Kostaldea, hain zuzen ere. Annie Poveda eta Iker Elizalde izango dira horko kontseilariak, Alderdi Sozialistari aurre hartu ostean.

Berdeak hiru kantonamendutan lehiatu dira (Angelu, Baiona 1 eta Biarritz) eta Alderdi Sozialista hirutan (Baiona 2, Baiona 3 eta Hendaia-Hego Kostaldea). Denetan galdu dute.

Eskualdeko hauteskundeak

Ezker estatalak poz bakarra izan du, Eskualdeko hauteskundeetan, alegia. Alain Rousseten hautagaitzak erraz irabazi du Euskal Herrian. Akitania Berrian osoan ere berarentzat izan da garaipena. Lehen itzuliko tendentziari segituz, ultraeskuina azken indarra izan da Euskal Herrian.