Maitane ALDANONDO

Belight, ezagutza ikerketatik gizartera heltzea helburu

Gazte gipuzkoar batek doktorego tesian aztertutako teknologia erabilgarri egiteko xedez, Explorer programan parte hartu du. Dar-dar egiten duten argien bidez datuak modu merkean transmititzeko bidea landu du eta orain merkaturatzeko bideak aztertzen ari da.

Ander Galisteo ingeniaritzan doktoreak irabazi du Donostiako Explorer programako lehen saria. Gazte donostiarrak tesian egindako ikerketa praktiko egin nahi du. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ander Galisteo ingeniaritzan doktoreak irabazi du Donostiako Explorer programako lehen saria. Gazte donostiarrak tesian egindako ikerketa praktiko egin nahi du. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Argia komunikazio bide gisa erabiltzeko Belight proiektuak irabazi du Donostiako Explorer, Jovenes con Soluciones programaren lehen saria. Banco Santander eta Centro Internacional Santanderren programa Donostiako Sustapenak kudeatzen du Gipuzkoan, eta Ander Galisteoren proposamena aukeratu du aurtengo lehen sarirako. Ingeniaritzan doktorea, bere tesian ikertutakoa merkatura helarazteko nahiak bultzatu zuen parte hartzera, eta hori nola lortu aztertzen ari da orain.

Donostiarrak lau urtez landutako ideia aurkeztu zuen Explorer programara: argiaren bidezko komunikazioa, hau da, kode baten arabera bonbillak piztuz eta itzaliz informazioa transmititzea. Gizakion begiek ez lukete dardara nabarituko, baina gailu elektronikoek atzemango lukete. Teknologia nahiko berria da, hamar bat urte ditu, eta Galisteoren ekarpena hura merkatzea da. Laborategi handienek egiten dutena «modu apalagoan, baina askoz merkeago» egiterik baden aztertu zuen, izan ere, «oso merke eginda, beste gailu batzuetan jar daiteke, IoT alorrekoak, adibidez».

Baliagarria izan daiteke haririk gabeko komunikazioa behar denean, baina uhin elektromagnetikorik, adibidez wifia, erabil ezin denean. «Beste guztiak huts egiten duen lekuan, argiak, ez». Muturreko zein egoeratan jar daitekeen aztertu du, hala nola, bateriarik gabeko gailu elektroniko batean edo masiboki hedatuko den dispositibo multzo batean elkarren artean komunikatzeko, arazorik eragin gabe. Egoera horiek aztertuta, horrelako arazoak konpontzeko interes industrial bat egon daitekeela ikusi du.

Merkatuan zentzurik ba ote zuen ikusteko nahiak eraman zuen ekintzailetza egitasmora. Ideiak «lurreratzen» lagundu dio eta tresnak eman dizkio haiek aztertzen jarraitzeko. Aldi berean, zer onura, zer arazo... izan ditzakeen ikusteko. Egitasmoaren alde teknikoa aldatu ez bada ere, merkatuan nola proiektatu behar duen, bai. «Lehen zientzialari ikuspuntutik begiratzen nion eta horrek ez du balio merkaturako, praktikoagoa izan behar du». MBA bat egiten ari denez, kontzeptu asko ezagutzen zituen, baina, hala ere, ezagutzak zabaldu ditu, bereziki, legalak. Horrez gain, Donostiako ekosisteman sartzen lagundu dio eta bai partaideekin bai Donostiako Sustapenarekin izandako harremana «oso interesgarria» izan da. «Banekien pauso hau noizbait emango nuela, arlo honetan murgildu nahi nuen», aitortu du.

Merkatua helburu

Zentzua duela berretsi du, nahiz eta merkatura helduta erantzuna ezin aurreikusi. Izan ere, argi du horrelako proiektu berriak «oso hauskorrak» direla, edozein momentutan eror daitezkeela. Hau da, dena ondo eginda ere, emaitza txarra izan daiteke: merkatuak ez erantzutea, enpresa handi batek bere kabuz gauza bera garatzea... gerta daiteke.

Kide baten proiektuak irabaziko zuela uste zuen, «ideia izugarria» delako eta arduradunak aurkezpen «bikaina» egin zuelako. Galisteok ez zuen espero bere izena entzutea. Irabazteko arrazoiak Belighten «oinarri teknologiko oso indartsua» eta prototipo bat izatea izan direla uste du, «merkatutik gertuago» jartzen dutelako. Datorren urtean Porton aurrera eramango duten ekitaldi batean parte hartzeko aukera du sari.

Open VLC (Visible Light Communication, Ikusgarria den argi komunikazioa) prototipoan oinarritu du bere lana. Internet konexioa duen gailu bat da, alde batetik, datuak jasotzen ditu, eta, bestetik, argia bidaltzen du. «Bonbilla eta fotosentsore txiki bana du eta matematika eta programazio askorekin jasotzeko eta transmititzeko gai da» laburbildu du Galisteok; eta funtzionamendua routerrarekin alderatuta azaldu du: «Routerrak Interneta jasotzen du eta wifia bidaltzen du antena batetik».

Hiru merkatu potentzial atzeman ditu: energia garbien sorkuntza, eolikoa bereziki; gailu biomedikoak eta zibersegurtasuna. Lehen bietan jarria du begia. Zibersegurtasunarena da gehien landu duen arloa eta interesgarriena iruditzen zaio, baina, sartzea zailagoa denez, aurrerago saiatuko litzateke. Ez daki gailu bat edo teknologia hau besteen proiektuetan integratzeko ezagutza eskainiko duen; bai, ordea, batera edo bestera, epe ertain-luzean garatutako teknologia merkatuan ikusi nahi duela.

Galisteoren ustez, ezagutzaren transferentzia da gakoa, hau da, ikertutakoa gizartera heltzea, zientziak zentzua izan dezan. «Zientzialari onak ditugu, baina gero zientzia horrekin ez dugu gauza praktikorik egiten, are gehiago, egindako lana, beste batzuek aprobetxatzen dute». Enpresa bat eratzea ez du baztertzen. «Ikusten badut ez naizela bidean diru gabe geldituko, ez nago hori egitearen aurka», zehaztu du.