NAIZ

CAFek tranbiak hornitzeko kontratuak handitu ditu Flandrian eta Australian

CAFek tranbiak hornitzeko kontratuak handitzeko hitzarmenak adostu ditu Flandria eta Australiako garraio konpainiekin. Bi akordioen arteko kontratazio bolumena 100 milioi euro ingurukoa da.

Flandriako De Lijn konpainiaren tranbiaren irudia. (CAF)
Flandriako De Lijn konpainiaren tranbiaren irudia. (CAF)

CAF Taldeak tranbiak hornitzeko kontratuak handitzeko hitzarmenak adostu ditu De Lijn (Flandria) eta Transport of New South Wales (Australia) garraio konpainiekin. Bi akordioen arteko kontratazio bolumena 100 milioi euro ingurukoa da, «eta horrek agerian utzi du beste behin CAF Taldea tranbien mundu merkatuan liderretako bat dela», konpainiatik nabarmendu dutenez.

Alde batetik, De Lijn Flandriako garraio konpainiak CAFen beste 18 tranbia erosteko kontratua onartu du. Tranbia berri horiek, 2017ko urrian CAFekin sinatutako esparru kontratuko bosgarren sortarekin lotuta daude. Kontratu horrek jasotzen zuen sortetan banatutako 146 tranbia arte fabrikatzea eta hornitzea, eta bezeroak aktibatu behar zituela sortak, mailaka.

Horren aurretik, lehen lau sortak aktibatu zituzten (24, 24, 23 eta 17 unitatekoak), baina 18 tranbia berriek badute berezitasun bat aurrekoekin alderatuta, bi noranzkotakoak izango baitira.

De Lijn autobusen eta tranbien Flandriako operadore publikoa da, eta urtero 530 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu.

Bestalde, Transport for New South Wales (TfNSW) garraio konpainia australiarrak bost moduluko Urbos 100 LRV ibilgailuen lau unitateren eta haiekin lotutako ordezko piezen hornikuntza esleitu dio CAFi Sydney hiriko Inner West Light Rail Line linearako. Unitate berriak 2023ko hasieran emango dira eta CAFen beste 12 Urbos unitateei gehituko zaizkie. Ibilgailu horieek Inner West Light Rail Line linean eskaintzen dute zerbitzua 2014tik.

Lau moduluko eta 32 metroko luzerako Urbos unitate artikulatuak teknologia aurreratuena du eta gehienez orduko 80 kilometroko abiaduran funtzionatzeko diseinatuta dago. Erabat zoru baxukoa da bidaiariak ibilgailura sartzea errazteko.

Horrekin guztiarekin batera, CAF Signalling aukeratu dute Turkiako JV Salini Kolin konpainiaren azpikontratista izan dadin Çerkezköy eta Kapikule arteko tartean seinaleztapen sistema jartzeko, Turkian. Halkakiko geltokia Kapikulekoarekin lotzen duen linean dago eta kontratuaren bolumena 15 milioi euro baino gehiagokoa izango da.