NAIZ

Jesus Mari Larrazabal, militante abertzalea eta Logikako katedraduna, hil da

EHUn Logikako katedraduna eta Gasteizen EAko parlamentaria izan zen Jesus Mari Larrazabal Antia hil egin da, gaixotasun baten ondorioz. ‘Tarzan’ ezinenez ezaguna, Zumaian jaio zen, 1948an. Parisen egin zituen ikasketak eta Logikako katedraduna izan da Euskal Herriko Unibertsitatean.

Jesus Mari Larrazabal, ‘Tarzan’.
Jesus Mari Larrazabal, ‘Tarzan’.

Jenio bizikoa eta irakasle gisa zorrotza zen. Oso argia, polemista, logikan aditua zen eta politikan gazte garaitik aritua izan zen. Abertzalea eta euskaltzalea, gazte garaian ‘Tarzan’ ezinena jarri zioten militantzian, eta honela deitzen zioten lagun askok.

Nanterren Filosofia eta Ekonomia ikasi zituen, 1968ko maiatzaren ostean. Euskaraz gain, gaztelania, frantsesa eta ingelesa menperatzen zituen. Oso ikasle ona zen, ekonometrian promozioko lehendabizikoa izateraino. Finantzen munduan hasteari muzin egin zion –BNPn lanpostua eskeini zioten–, baita AEBetan ikerketan jarraitzeari ere. Militantziagatik, bere tokia bere herrian zegoela erabaki zuen. 1976ean Euskal Herrira itzuli eta unibertsitate publikoaren sorreran sartu zen. Lehendabizi UNEDen eta ondoren Zorroagan ibili zen. Kargu desberdinak bete zituen, fakultateko dekanorde eta Logika eta Zientziaren Filosofiako Saileko zuzendari, besteak beste.

Ikerketari garrantzi handia ematen zion Larrazabalek. Euskara baztertu gabe, ingelesez ikerketa egitearen garrantzia hasieratik ikusi zuen, eta bere inguruan sortu zen taldeak ikerketan trebatzeko joera handia zuen. Ildo horretan, ILCLI (Institute for Logic, Cognition, Language and Information siglak ingelesez) sortu zuen eta bertan zuzendari aritu zen. Institutuak argitaratzen duen ‘Gogoa’ aldizkariko zuzendaria izan zen. Hain zuzen ere, 2018an ‘Gogoa’-k berari dedikatu zion ale bat. Bertan, unibertsitateko lankideek eta lagunek omenaldia egin zioten. Urtebete lehenago, 2017an, erretiroa hartu zuen.

Kepa Kortak, bere lagun eta lankideak, honela laburbiltzen zuen bere izaera eta eragina: «Inor gutxi utziko zuen hotz edo epel, sikiera. Ezohiko adimenaz gain, ezohiko pasioa, ezohiko jenioa antzematen zitzaion berehala».

Politikarekiko pasioa

Larrazabal, Gasteizen parlamentari izan zen garaian

‘Tarzan’ ezkerrekoa eta independentista izan da, betidanik. Erakunde eta alderdi desberdinetan parte hartu du. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu izan zen, Franko hil ondoko lehen Diputazioan, 1979-1983 bitartean, Herri Batasunako ordezkari gisa. Koalizio abertzalea utzi zuen, baina ezker abertzalean lagunak mantendu zituen. Ziur asko, baita arerioak ere.

2009ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako Eusko Alkartasunako zerrendaburua izan zen Gipuzkoatik. 2010eko ekainera arte legebiltzarkide izan zen. Osasun arrazoiengatik kargua utzi zuen, Juanjo Agirrezabalaren esku. Han ere, bere ideien defentsan erakusten zuen pasioagatik, erretorikagatik eta eztabaidarako jarreragatik oroitua da Larrazabal parlamentarien eta kazetarien artean.

Ezker abertzalearen eta Eusko Alkartasunaren elkarlanaren alde egin zuen. Bilduren sorreraren ostean, Kutxabank-en batasun prozesua aztertzeko lantaldean lanean ibili zen. 2011ko hauteskunde kanpainan ere parte hartu zuen. Ondoren, EAn eta EH Bildun militatzen jarraitu du.

Azkar gaiztotu zaion gaixotasun baten ondorioz hil da Jesus Mari Larrazabal.