NAIZ

Bizkaiko autoeskoletan beste hiru greba egun deitu dituzte «patronalaren isiltasunaren aurrean»

Bizkaiko autoeskoletan 11 urte daramate lan hitzarmena berritu gabe, eta soldatak, ordutegiak eta baldintzak «erabat prekarioak» dira, baita «irregularrak» ere sarri. Gainera, «genero arrakala nabarmena» da feminizatutako administrazio postuetan. Konponbide bat eskatu dute ELA eta CCOO sindikatuek.

Bizkaiko autoeskolek greba egin zuten ekainean eta jarraipen zabala izan zuen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bizkaiko autoeskolek greba egin zuten ekainean eta jarraipen zabala izan zuen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Duela 11 urte iraungitako hitzarmena berritzea, sektoreko lan baldintzak arautzea eta genero arrakalekin amaitzea eskatzen dute ELA eta CCOOk, Bizkaiko autoeskoletako egoera ez baita samurra. Joan den urrian sektoreko negoziazio mahaia eratu zen sindikatu horien ekimenez, baina zazpi hilabete baino gehiago igaro dira, denbora honetan bederatzi bilera egin dituzte eta argi ikusten dute Apavi patronalak «ez duela borondaterik konponbiderako».

%100eko ordezkaritza duten bi sindikatuok greba egin zuten ekainean, eta langileen jarraipena oso zabala izan zen. Hala ere, patronala ez da langileen ordezkariekin bildu, eta, esan dutenez, negoziaziatzeko borondaterik erakutsi gabe jarraitzen du.

«Horregatik, eta erantzunik ez dagoenez, mobilizazioak areagotzea baino ez zaigu geratzen», baieztatu dute ELA eta CCOOk.

Bi sindikatuok hiru greba egun deitu dituzte uztailaren 14, 23 eta 26rako, «sektorea duintzeko eta profesionalizatzeko ezinbestean arautu eta hobetu behar direlako gero eta prekarioagoak diren lan baldintzak».

Eskaera zehatzak

Honako eskaerak egiten ditu sektoreko langileen kolektiboak: alde batetik, soldatak arautzeko eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. «Ia autoeskola guztietan, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak konbinatu egiten dira modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin. Eta irakasle ez diren langileek, batez ere administraziokoak eta nagusiki emakumeak, 1.000 euro gordin jasotzen dituzte ozta-ozta hilean», agertu dute.

Bestetik, lanaldia murriztea eskatzen dute irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. «Urrats garrantzitsua da irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira».

Ordutegiak arautzea ere galdegiten dute, gaueko 21.00etatik aurrera luzatzen baitira askotan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatak barne. Azkenik, erretiro partziala bezalako neurriak planteatzen dituzte, adina arrisku faktore izan daitekeen sektore batean langileak gazteagoak izateko.