Haritz Larrañaga Altuna

Belaunaldien arteko transmisioak ez du etenik EHZ festibalean

Irisarriko zelaiak euskal kulturaz gozatu nahi zuten milaka lagunez bete ziren. Duela bi urte lekukoa hartu zuten belaunaldi berriak irmo egin zion aurre erronkari eta aurreikuspen guztiak gainditzea lortu dute.

Inork ez luke esango atzo Irisarrira heltzen ziren autoei argibideak ematen, EHZko sarbideak zaintzen edo guneetan lanean ari ziren laguntzaileak ordu gutxi batzuk lo eginda zeudenik. Izan ere, laguntzaile gehienak «gaztaroa» izeneko edabe magikotik ari ziren edaten. Horietako askok lehen txandak 24. edizioan egin zituzten eta beste asko aurtengo festibalean estreinatu dira.

Pandemia osteko lehen kontzertua zela nabarmentzen zuen askok, baina gazte batzuentzat EHZko 25. edizioa lehena izan da zentzu guztietan. Izan ere, haietako batzuek halako festa bat egiten zuten lehen aldia zen, laguntzaile gisara lehen txandak egiten zituzten lehen aldia zen, baita EHZn parte hartzen zuten lehen aldia ere.

Hain zuzen ere, horixe da antolatzaileek nabarmendu zuten aurtengo edizioaren ezaugarrietako bat, laguntzaile berriek ekarri duten «haize freskoa eta indarra». Julen Ollarburu koordinatzailearen iritziz, «finean EHZ hori da, belaunaldiz belaunaldi berritzen den ekimena».

Ostiralean 1.700 pertsona izan ziren Irisarrin eta larunbatean jende gehiago espero zuten, jada aurretiko salmentetan 2.000 txartel saldu baitzituzten. Asmatu zuten, egunak aurrera egin ahala lo-zakuetatik atera zirenak Nafarroa Behereko herrixka koloretsura iritsi berri zirenekin elkartu zirenean gune guztiak jendez bete baitziren.

Batzuek pentzeko kontzertuetan hartu zuten ostatu; besteak mahai inguruan bildu ziren eztabaidan aritzeko; haurrek lagun berriak egin zituzten puzgarrien eremuan, eta jende andanak herriko plazan bota zuen aingura, pilotalekuko animazio, dantza eta ikusgarriekin gozatzen zuen bitartean.

Umorea, gogoa eta indarra

Eguraldi goibela izan arren, ez zuen euririk egin egunean zehar eta jendeak antolatzaileen esanak bete zituen, baita festibalera joan ahal izateko parte hartzaileei eskatu dizkieten osasun neurriekin ere. «Gu geu ere harritu gara horrekin; biziki ontsa pasa da, zeren zorrotzak izan gara osasun neurriekin, baina jendea behar zen agiriarekin eta kodearekin etorri da», adierazi zuen Ollarburuk.

Edonola ere, umorea zen nagusi bisitari, antolatzaile, musikari, entzule, tabernari zein laguntzaileen artean. «Umorez hobeto eta Internet sarerik gabe askoz hobeto», errepikatzen zuten aparkalekuan autoei argibideak ematen zizkieten Ortzaizeko Maite, Sarako Julene eta Ainhize-Monjoloseko Añeak. Hiru lagunek bi ordu baino ez zituzten lo egin; laguntzaile gisara lehen aldia zutenez, oraindik besta eta lana nola uztartu ikasten ari direla aitortu zuten.

Guztira 500 laguntzaile bildu dituzte aurtengo edizioan eta haietako askok oso antzeko erantzunak ematen zituzten. Guztiek lan eta besta egin zuten bezperan, askok laguntzaile lana egiten zuten lehen aldia zuten eta guztiek lanerako eta bestarako gogoz jarraitzen zuten.

Muntaketa lanetan aritu ostean eguna argitu arte besta egin zuen Eñaut hendaiarrak ere ez zion lo-zakuari apur bat berotzeko astirik eman. «Banoa berriz ere txanda bat egitera, baina atzokoa? Bua! Izugarria izan zen», azpimarratu zuen biharamuneko buruko minaren damurik ez zuen gazteak.

Ostiralean arratsaldeko lauretan Olatz Salvador abeslariak lehen kontzertua eskaini zuenetik sutan ziren Irisarriko plaza eta kontzertuetako oholtza desberdinak. Txikiren bakarrizketen umore zorrotza, “Komunetik” antzezlana, Amaia Elizaran eta Xabier Zeberioren dantza eta musika, Tio Teronen Semeak dantzan, rap ikuskizuna.... Giro beroa Irisarriko plazan.

Bestalde, kontzertuen eremuan ere jendea pilatzen hasi zen gaua hurbildu ahala, bai baitziren soilik Zea Mays, Tremenda Jauria edota Fetiche taldeak ikustera gerturatu zirenak. Baina ikusleak bakarrik ez, musikariak ere gogotsu ziren. Anestesia taldeko Mikel Kazalis gitarra-jotzaileak honakoa iragarri zuen Facebook bidez: «Bagoaz! Bi urte gogor eta luze pasa ondoren, Anestesia erasoan berriro! Eta, gainera, munduko festibal onenean eta publikoa zutik dagoela! Goazen!».

Gaur ere animazioek, kontzertuek eta mahai inguruek jarraituko dute. Haurrek, berriz, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin abestuko dute, zikiro zaleek laborariek bostehun lagunentzat eskaintzen duten urteroko jakiaz gozatu ahal izango dute eta oraindik besta gosez direnek azken minuturaino baliatuko dituzte azken kontzertuak.