NAIZ
BILBO

Itsasmuseoko zabalgunean, «Ozeanoaren sustraiak» eskultura jarri dute

Sei metroko altuera eta bi metroko oinarria du Jesus Lizaso eskultorearen ‘Ozeanoaren sustraiak’ lan berri ikusgarriak. Arraun bati eusten dioten bi marinel irudikatu ditu artistak Bilboko Itsasmuseumeko zabalgunean modu iraunkorrean geldituko den eskulturarentzat. 

Euskaldunako dikeen alboan dago ikusgai Jesus Lizasoren lana. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Euskaldunako dikeen alboan dago ikusgai Jesus Lizasoren lana. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak, Jesus Lizaso artista plastikoak eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, ‘Ozeanoaren Sustraiak’ aurkeztu dute  asteartean Itsasmuseumeko zabalgunean. Sei metroko altuera duen eskultura monumentala da, corten altzairuz egina.

Lana Euskaldunako dikeen alboan egongo da ikusgai, haren barruko ontzi historikoen, ponpa-etxearen eta Carola garabi ikonikoaren aldamenean, Itsasmuseumeko bildumaren beste pieza nabarmen batzuen artean; hala, goi-mailako ondare-multzo baten parte izango da, Bilboko itsasadarraren ondoko pribilegiozko leku batean.

‘Ozeanoaren Sustraiak’ eskultura monumental ikusgarria da, Jesus Lizasok (Barakaldo, 1961) 2010ean egindakoa, corten altzairuz. Sei metroko altuera eta bi metroko oinarria du, eta jarrera hieratikoa duten bi figura antropomorfiko irudikatzen ditu, arraun bati eusten dioten bi marineli dagozkienak.

Herritarrek beren aisialdian asko erabiltzen duten Bilboko gune publiko batean erakusteak ekarpena egiten du Udalak eta Itsasmuseumek duten helburu komuna lortze aldera: artea ahalik eta jende gehienarengana hurbiltzea.

Egilearen hitzetan, gaur asteartean aurkeztu den eskulturak honako hau islatzen du: «Bi marinel itsasoan ostertza begiztatzen, eta corten altzairuz, inguruneak eskatzen duen moduan, eta egurrez, itsasontzi zaharrak bezala, egina dago».

Jesus Lizaso errekonozimendua lortu duen artista garaikidea da. Begirada berezia eta berezko lengoaia ditu, eta gaur egungo euskal artearen erreferente nagusietakotzat jotzen da. Hainbat hiritan eragin ditu erakusketak: Bilbo, Madril, Chicago, Tokio, Toledo, Estoril, Lisboa eta Florentzia, besteak beste.

2000. urtean formatu handiko eskultura-lehiaketa bat irabazi zuen Basaurin, eta ordudanik hark sortutako lan publiko ugari instalatu dira han-hemenka.  Lizasoren ekoizpen artistikoak errekonozimendu zabala lortu du. Ildo horretan, azpimarratzekoa da, beste aitorpen batzuen artean, 2011n Florentziako Biurtekoan, Italian, eman zioten Urrezko Domina, bai nazioartean lortutako sona bai bere ibilbide osoa saritzeko.

Sortzaile gisa erdietsitako heldutasuna etapa ez hain kontzeptual batekin batera iritsi da, eta materiaren plastikotasunari arreta emateko artistak agertutako borondatea izan da etapa horren ezaugarri nagusia.​

‘Ozeanoaren Sustraiak’ modu iraunkorrean egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean.