NAIZ

Aitor Zubizarreta azpeitiarrak Gipuzkoa Basketen jokatuko du

Gipuzkoa Basketek Aitor Zubizarreta azpeitiarraren fitxaketa iragarri du ostiral honetan. Talde donostiarrak Urrezko LEB ligan jokatuko du datorren urtean eta oraingoz iragartzen duen bigarren fitxaketa da, Xabi Berazarenaren ondotik. 

Aitor Zubizarreta azpeitiarra Gipuzkoa Basketeko jokalari berria da. (@GIPUZKOABASKET)
Aitor Zubizarreta azpeitiarra Gipuzkoa Basketeko jokalari berria da. (@GIPUZKOABASKET)

Gipuzkoan barrena begira ari da Gipuzkoa Basket datorren denboraldiko taldea osatzerako garaian, Aitor Uriondo kirol zuzendariak aurreratu legez. Lolo Encinas entrenatzailearen itzulera iragarri eta denbora gutxira, Xabi Berazaren errenteriarraren fitxaketaren berri eman zuten eta ostiral honetan, Aitor Zubizarreta azpeitiarraren iritsiera aurkeztu dute. 

Aitor Zubizarreta (1995, Azpeitia) antolatzaile gipuzkoarra Destino Palentziatik iristen da Acunsa Gipuzkoa Basketera. Zubizarretak 1,90 metroko altuera du, eta esperientzia handia du Urrezko LEB ligan.

Azpeitiko jokalariak Zilarrezko LEB mailan hasi zuen kirol ibilbide profesionala, Iraurgi SBrekin, 2013. urtean. Lehen harreman horren ondoren, AEBko unibertsitatera joan zen, Portland Pilots taldean aritu zen, hain zuzen, NCAAko lehen mailan. Bi denboraldiren ondoren unibertsitatez aldatzea erabaki zuen eta NAIA ligako Coyotes of Idaho-ra iritsi zen beste bi urterako.

2017-18 denboraldian, unibertsitateko etapa amaitu ondoren, Bilbao Basketek hiru denboraldirako fitxatu zuen, eta Iraurgi SB etxeko taldean –Urrezko LEB ligan– jokatu zuen utzita. Denboraldi hartan, 6,5 puntu eta 2,4 asistentziako batez bestekoa lortu zuen.

Hurrengo denboraldian 2018-19an, Bilbao Basket utzi zuen eta Destino Palentziara joan zen, hau ere Urrezko LEB ligako taldea. Hurrengo denboraldian maila berean jarraitu zuen baina talde ezberdinarekin, Caceresekin, alegia. Bertan, 6,6 puntu eta 2,5 asistenztia lortu zituen 22 partidatan, pandemia dela eta liga bertan behera utzi aurretik.

Azken denboraldia berriro ere Destino Palentziako taldean burutu du, non 25 partida jokatu dituen eta 5,6 puntu eta 2,2 asistentzia lortu dituen.