NAIZ

CoronaVac txerto txinatarraren eraginkortasuna %83,5ekoa da

‘The Lancet’ osasun aldizkariak argitaratu duenaren arabera, CoronaVac txinatarraren txertoak eskaintzen duen babes maila %83,5ekoa da. Eta ospitaleratzeak ekiditeko eraginkortasuna, aldiz, %100.

Covid-19aren aurkako txertoak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Covid-19aren aurkako txertoak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Sinovac farmazeutikaren CoronaVac txertoaren eraginkortasuna neurtzeko ikerketa Turkian burutu da. Entsegu klinikoa III.fasean dago eta bi dosiek bermatzen duten babes maila %83,5ekoa dela ondorioztatu du.

Entseguan 10.029 pertsonek hartu dute parte: guztiak 18-59 urte bitartekoak eta arrisku taldeetatik kanpokoak. Hortaz, txertoaren benetako eraginkortasuna eta babesaren iraupena kalkulatzeko froga gehiago egiten jarraitu beharko dute.

Entseguak 43 eguneko jarraipena izan du, ohikoa baino denbora tarte laburragoa, txertoa larrialdiko programa nazional batek baimendu zuelako oraindik ikerketa fasean zegoela.

Murat Akova Ankarako Hacettepe unibertsitateko medikuntza fakultateko doktorearen lantaldeak ebatzi duenaren arabera, CoronaVac-ek pertsona gazteengan covid-19 sintomatikoa ekiditen laguntzen du. Gainera, txerto txinatarrak pazienteak covid-19az jota ospitaleratuak izatea saihestu du.

Entseguko parte-hartzaileetatik 6.559ek txertoa jaso zuten eta gainerako 3.470ek plazeboa. Bigarren dosia jaso ostean covid-19 sintomatikoaren 41 kasu atzeman zituzten: bederatzi txertatuen taldean eta 32 plazeboarenean. Hortik ondorioztatu dute ikerlariek CoronaVac-ek gaitzaren sintomak ekiditeko duen gaitasuna %83,5 dela.

Ospitaleratzeei dagokienez, larrialdi zerbitzuek ez zuten txertatuen taldeko inor hartatu. Plazeboa jaso zuten 32 positibo sintomatikoen artean, ordea, sei pertsonek bukatu zuten erietxean. Hori horrela, sintoma larrien aurkako eragintasuna %100ekoa dela adierazi dute.

Antigorputzen garapena

Azpimultzo batean, entsegu inmunologikoak ere burutu dituzte. Oraindik guztiz bukatu gabe daude. Baina hasierako emaitzek iradokitzen dutenaren arabera, S proteinaren aurkako antigorputzak sortzen dituzte hamar txertatutik bederatzik. S proteina da birusak zeluletara sarteko erabiltzen duen erraminta.

‘The Lancet’ Microbek argitaratutako beste ikerketa batek frogatutakoaren arabera, CoronaVac ez litzateke horren eraginkorra izango aldaera berrien kontra. Gamma aldaeraren (Brasilgoaren) kasuan adibidez, covid-19a pasatuta izan arren, berriro gaixotzea posiblea izango litzateke.