Iraide Ibarrondo

Ibarrangelu, Laida eta Lagaz haratago

Laida eta Laga hondartzak zinez zoragarriak diren arren, badaude hareatzak zapaldu gabe Urdaibaiko Ibarrangelu udalerriaz gozatzeko plan alternatiboak. Horien artean, Atxarrera igotzea.

gara-2021-07-08-Reportaje
Aritz LOIOLA (FOKU)

Atxarre tontorra Urdaibaiko biosferan, Bizkaiko golkoaren muinean, dago. Ia-ia hondartzaren albo-alboan dagoenez, 312 metroko altuera eskasa du gailurrak. Izan ere, Urdaibai ez da bereziki ezaguna bere mendiengatik. Urdaibai entzutean, bere biodibertsitate aberatsa, Laida eta Laga hondartza basatiak eta Ea, Mundaka, Ibarrangelu eta Elantxobe bezalako kostako herritxo dotoreak etortzen zaizkigu burura.

Hortaz, Urdaibain itsasotik gertuen dauden parajeak aski ezagunak diren arren, gogoan izan behar da biosferak Bizkaiaren azaleraren %10 okupatzen duela. Beraz, asko dago esploratzeko hondartzetatik at.

Egun osoko txango proposamen honek 21 kilometro eta sei ordu inguruko iraupena du eta Ibarrangelun hasten da. Hala ere, ibilbidea ez denez biribila eta Gernikan amaitzen denez, gomendagarriena autoa Gernikan uztea da, ondoren bertatik Bizkaibuseko A513 autobusa erabiliz Ibarrangelura joateko. Autoa aparkatzeko Astra kulturgunearen ondoko aparkalekua aukera ona izan daiteke, autobus eta tren geltokietatik oso hurbil dagoelako. Gainera, doakoa da.

Behin Ibarrangelura iritsita, Ibinaga auzorantz jo behar da. Hasieran, Ogoño jartzen duten kartelei jarraitu behar zaie eta, kilometro bat pasatxo egin ostean, hilerria agertuko da.

Hilerriaren parean Atxarrerako bidea zehazten duen seinale bat dago. Seinalea ikusitakoan, Ogoñorako norabidea utzi eta Atxarre jartzen duten kartelek iradokitzen duten bideari jarraitu behar zaio. Hori horrela, kanposantua ezkerrean utzi eta oinez jarraitu behar da.

Ibilbidearen lehen zatia baserriz eta auzoz jositako paseo atsegina da. Nahiz eta lehen etapa honetan lurra asfaltatuta egon, gerora harriak agertuko dira. Beraz, garrantzitsua da trekkingeko oinetako aproposak eramatea.

Baserriak zeharkatu ostean, bidegurutze batera iritsiko gara: eskuinera, Kanala auzoa; ezkerrera, Atxarre. Azken bidexka hau hartu eta tontorrerako aldapa hasiko da.

Tarte horretan harriak eta zuhaitzak dira nagusi. Bidea gerizpean dagoenez, ez da gomendagarria lur bustiarekin igotzea. Hala ere, igoera nahiko samurra da; edozeinentzat egingarria.

Bistak, panoramikoan

Gailurrean San Pedro ermita dago. Nahiko arrunta da, ez dauka beste munduko ezer. Baina bertatik dauden bistak ikusgarriak dira. Izan ere, Atxarreko tontorretik Urdaibai biosfera ia era panoramikoan ikus daiteke. Itsasbehera baldin badago, Oka ibaiak hareatza zeharkatuz egiten dituen sigi-sagak xehetasun handiz begizta daitezke. Itsasgora dagoenean, aldiz, itsasontzi txikiak eta piraguak ikus daitezke Lagatik Mundakara edota Sukarrietara joan-etorrian. Gainera, egun eguzkitsua bada, litekeena da urak tonu urdin-berdexka liluragarria izatea.

Atxarreko puntan paisaiaz gozatzeko atsedenaldi bat egin eta gero, igotako bide beretik jaitsi behar da. Oraingoan, bidegurutzera iristean Kanala auzorantz doan bidea hartu eta bi kilometro inguru egin ostean helduko gara Kanalara. Ibilbidetik kanpoko geldialditxo bat egin nahi baldin badugu, auzoan bertan kala edo hondartza txiki-txiki bat dago. Hori bai, itsasgora baldin bada, harean ez da apenas lekurik egongo.

Kanala auzoa atzean utzita, Arteagako gaztelua izango da hurrengo helmuga. Bidea ez dago oso ondo seinaleztatuta. Hori horrela, lagungarria izango da GPSa edota auzokideren bati galdetzea. Gaztelu zurixkak estilo arkitektoniko neogotikoa du eta ikusgarriena bere dorrea da.

Gaztelua ezkerretara utzi ostean, Urdaibai Bird Center-erantz abiatuko gara. Zentro horretan txorien migrazio prozesuak eta Urdaibaiko biosferan egiten dituzten geldialdiak aztertzen dituzte. Zentroaren ondotik pasatuta metalezko ate batetik igaro eta errepidera helduko gara.

Errepidearen beste aldera igaro eta Kortezubiko eliza izango da hurrengo geltokia. Hortik lau kilometro besterik ez ditugu Gernikara iristeko.