Asier Aiestaran

Urrutikoetxea eta Albisu errazegi sailkatu dira San Fermin Torneoko finalera (2-22)

Olaizola II.ak eta Mariezkurrenak oso gaizki jokatu dute eta ez diete inolako zailtasunik ipini aurkariei. Urrutikoetxeak aspaldian falta zuen konfiantza erakutsi du errematean, baina eskuin aduktorea minduta amaitu du partida. Ikusi egin beharko da igandeko finala jokatu dezakeen ala ez.

Urrutikoetxea eta Olaizola II.a, aurreko partida batean (Aritz LOIOLA / FOKU)
Urrutikoetxea eta Olaizola II.a, aurreko partida batean (Aritz LOIOLA / FOKU)

Urrutikoetxea eta Albisu San Fermin Torneoaren finalerako sailkatu dira Baikoko finalerdian Olaizola II.a eta Mariezkurrena 2-22 menderatu ondoren. Kolorerik gabeko neurketa izan da, 206 pilotakada eta 36 minutuko iraupena besterik izan ez duena, Labriteko harmailetan aspaldiko partez egon diren ikusle apurren zoritxarrerako.

Gorriek oso gaizki jokatu dute. Batez ere Jon Mariezkurrena izan da pilota errazak galduz bikotearen aukera guztiak ezabatu dituena, baina Aimar Olaizolak ere ez du asmatu atzelariari laguntzen. Beste aldean, Jon Ander Albisu goitik behera nagusitu da atzean eta Mikel Urrutikoetxeak bikain baliatu du aginte hori mota guztietako tantoak amaitzeko.

Guztira 14 izan ditu Zaratamokoak jokoan eginak, eta aspaldian falta izan duen konfiantza erakutsi du errematean. Hala ere, nahiko arduratuta bukatu du norgehiagoka bizkaitarrak. 2-17koaren ostean, aldageletara sartu behar izan du eskuin aduktorean min zuelako. Partida bukatzeko gai izan da, oso ongi bukatu ere, baina ikusi egin beharko da igandeko finala jokatu dezakeen ala ez.

«Sakatzerakoan mina sentitzen hasi naiz, gero eta gehiago, eta azkenean kezkatu egin naiz. Horregatik eskatu dut sendagilearen laguntza. Batez ere sakean somatzen nuen mina, gero errematean ez horrenbeste, eta horregatik amaitu dut partida. Bihar probak egingo ditugu eta ikusiko dugu ea finala jokatu dezakedan edo ez», azaldu du Urrutikoetxeak neurketa amaieran.

Bigarren finalerdia ostiral gauean jokatuko dute Aspeko bi bikotek: Ezkurdia-Martija / Peio Etxeberria-Zabaleta.