NAIZ

Ane Mintegik Wimbledon irabazi du junior mailan, Schunk alemaniarra mendean hartuta

Idiazabalgo tenislariak Natasja Schunk alemaniarra garaitu du Wimbledon txapelketa handiko junior mailako finalean (6-2, 4-6, 1-6). Mintegik markagailua irauli behar izan du garaikurra eskuratzeko, izan ere lehenengo set-a Schunk-ena izan da. Lehen euskalduna da horrelako txapelketa bat irabazten. 

Ane Mintegi, Wimbledoneko finalean tanto bat ospatzen. (WIMBLEDON)
Ane Mintegi, Wimbledoneko finalean tanto bat ospatzen. (WIMBLEDON)

Inoiz euskaldun batek lortu gabeko balentria eskuratu berri du Ane Mintegi tenislari idiazabaldarrak. Wimbledon txapelketa handia irabazi du junior mailan, Natasja Schunk alemaniarra menderatu ostean (6-2, 4-6, 1-6). 

Neurketa hiru setera joan behar izan da Schunk-ek lehena irabazi eta Mintegik bigarrenean neurketa berdindu ostean. Markagailua guztiz irauli du Idiazabalgoak, zeinak lehenengo set-a galdu egin duen. Bigarrenean eta hirugarrenean, aldiz, gipuzkoarra alemaniarra gailendu egin zaio. Hirugarren setean emandako erakustaldia memorian ondo gordetzekoa izan da. Apal hasi du neurketa gipuzkoarrak baina berotzen joan den neurrian, bere potentziala garbi nagusitu da. 

Idiazabalgo tenislariak bigarren sakea apurtu dio alemaniarrari eta hala, 1-3ko abantaila ezarri du hirugarren seteko markagailuan. Funtsezkoa izan da tanto hori garaipen handia eskuratzeko. 

All England Cluben historia egiteko aukera eman dion errezeta berean oinarritu du finaleko garaipena: pistaren hondotik apurtezina den sendotasuna eta bere aukeretan konfiantza mugagabea, baita unerik txarrenetan ere.

Wimbledongo 1go pistan jokatzeak ere ez dio dardararik eragin bere eskuin beso indartsuan. Pistaren hondoan jokatzeko daukan gaitasunari helduta –argi ikusi zuenean sarera ere igo zen arren–, bigarren seta irabazi zuen behartu gabeko akats urriei esker (alemaniarrak 18 akats egin zituen; Idiazabalgoak, aldiz, 10) eta lehen zerbitzuan izan zuen eraginkortasunari esker, honekin puntuen %75 irabaziz.

Azken setak ez du kolorerik izan. Mintegik –txapelketa hau jokatu aurretik WTA sailkapenean 715.ena zen–, erabat baztertu zuen bere aurkaria, sailkapenean 675.ena dena, kolpe sakonak emanez eta kantxaren alde batetik bestera mugituz.

Behin betiko setean markagailua 5-1 alde zeukala, sufritu egin du partida bere sakearekin itxi ahal izateko baina azkenean lortu egin du eta itzelezko balentria erdietsi du. Garaipena eskuratzearen zoriontasunarekin, harmailetara igo da entrenatzaile eta familiarekin ospatzeko. 

«Berezia» bezain «izugarria»

Garaipena «berezia» eta «izugarria» izan dela adierazi du Mintegik Wimbledon irabazi berritan. Ingalaterrako Irekia gazte mailan irabazten duen aurreneko euskalduna ez ezik, Estatu espainoleko lehenengo irabazlea ere izan da eta hori Mintegirentzat «sinesgaitza» da. 

Lehenengo setean urduri egon izana onartu du baina honen bukaerara sentsazio onekin iritsi dela azaldu du. «Nerbioak joaten hasi dira eta hobeto jokatzen hasi naiz», adierazi du. «Uste dut gaur pistan izan dudan gauzarik onena mentalitatea izan dela, puntu guztiak kontzentratuta jokatu baititut», azpimarratu du. 

Arerioari buruz esan du «oso ondo jokatu duela, batez ere lehenengo seta. Izugarri ondo jokatu du lehenengo setean, ezin dut beste ezer esan. Gero, bigarrenean, sakean hobetu dut eta hirugarrengoan hobeto jokatu dut». 

Idiazabaletik animoak

Idiazabalgo Udalak pantaila erraldoi bat jarri du herriko plazan final handia ikusi eta Ane Mintegiri animoak helarazteko.

Duela hiru urtetik Bartzelonan entrenatzen du 17 urteko tenislari gipuzkoarrak, onenen artean lehiatu ahal izateko. Pasa den urteko Australiako Irekian final laurdenetan txapelketa utzi behar izan zuen bero kolpe baten ondorioz baina orduan ere, bere potentziala ederki erakutsi zuen.