Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Odei Jainaga
Xabalina jaurtitzailea

«Sorbaldako lesioarekin ezin izango dut nahi nuen guztia eman Tokion»

Odei Jainaga (Eibar, 1997) Estatu espainoleko xabalina jaurtitzaile onenen artean kokatu da. Berea zuen Espainiako marka hobetu du (84.80), Espainiako txapeldun ere izan da eta Olinpiar Jokoetan parte hartuko du estreinakoz. Lortu duenarekin pozik dago, sorbaldako lesioak bakean utzi ez dion arren. 

Odei Jainaga, xabalina jaurtitzen. (@REALSOCIEDAD)
Odei Jainaga, xabalina jaurtitzen. (@REALSOCIEDAD)

«Hurrengo urtean Espainiako txapelketa irabazi beharko dut, ama gainditzeko», esan du barrez, umoretsu, Odei Jainagak. Cristina Larreak hiru urtez jarraian irabazi zuen Espainiako Txapelketa; Odei Jainagak hiru aldiz irabazi du baina ez jarraian (2017, 2020, 2021), baina amak lortu ez zuena lortu berri du, justu-justu eta minak jota bada ere: Olinpiar Jokoetan egotea. Ez nahi bezain indartsu. Sorbaldan mina zeukala balentria itzelak lortu ditu: Espainiako errekorra hobetu zuen 84.80 metrorekin; marka horrekin jantzi zuen brontzezko domina Europako Txapelketan, Espainiako Txapelketan urrea irabazi zuen... Tokiokoaren ondoren ondo osatzea egokituko zaiola jakitun, NAIZekin mintzatu da, azken hilabeteetan izan duen «gerra psikologikoaz» eta Olinpiar Jokoez.

Sorbaldan lesioa daukazu, baina behin Olinpiar Jokoetarako txartela lortuta, nola zaude?

Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea lasaitua hartzea izan zen. Ze azken bi hilabeteetan gogoz kontra borrokan nenbilen. Hasieran neure burua Olinpiar Jokoen barruan ikusten nuen, gero kanpoan, gero barruan, gero kanpoan… Horrela denbora guztian. Gerra psikologiko nahiko gogorra izan dut azken aste hauetan. Orain, behin sailkatuta, jendeak espero du izugarrizko txapelketa ona egingo dudala, baina jendeak ez daki ni nola nagoen. Min hartuta nago. Ni bertara noa sari moduan eta esperientzia bizitzera. Imajinatu 1 Formulako auto bat lau gurpilekin atera beharrean hirurekin irteten dela; ez duzu esperoko horrek irabaztea, ezta? Bada, ni antzeko egoeran nago. Pixka bat desmotibatuta nago, ezin naizelako ondo entrenatu eta ezin dudalako Tokion gustatuko litzaidakeen papera egin. Baina beste alde batetik, pozik nago, helburu zail bat lortu dudalako pronostiko guztien kontra.

Esango zenuke urte honetako helburua jada bete duzula?

Hasierako helburu nagusia Tokiorako sailkatzea zen. Sorbaldan min hartu nuenean –hau ez da izan egun batetik bestera, prozesu bat izan da– iluntzen zihoan helburu hori. Azkenean lortu dut, sakrifizio handiarekin lortu dut. Infiltratuta, anestesiatuta eta abar jokatu behar izan dut. Entrenamenduetan ez nuen jaurtitzen eta hori oso gogorra izan da. Lortu dut helburu hori eta berez, helburua aztertuta, oso pozik nago, ze Espainiako errekorra hobetu nuen, Espainiako txapeldun geratu nintzen eta Tokiorako sailkatu naiz. Alde horretatik, oso ondo. Baina beste alde batetik, pixka bat gogo barik, ze lesioarekin ezin izango dut nahi dudan guztia eman.

«Marka lortu dudan bakoitzean beti sentitu izan dut poza eta hau ez zen horrela izan, amorru pixka bat neukan. Poza baino frustrazioa nagusitu zen»

Espainiako marka berria ezarri zenuen, Europako Kopan brontzea, Espainiako Txapelketa irabazi duzu… Sorbalda minduta horrelako lorpenak egin ostean... nola sentitzen zara?

Gustura sentitzen naiz, ze espero ez nituen emaitzak lortu ditut. Jaurtiketen Europako Kopan –negukoa, atzeratu egin zena– egin nuen jaurtiketa bat eta aduktorean kontraktura bat agertu zitzaidan. Ezin izan nuen gehiago jaurti. Eta orduan hasi ziren nire gaitzak, sorbaldan mina, aduktorea kaltetuta... Hiru aste egon nintzen xabalina jaurti gabe, eta selekzioen Europako Txapelketan bat-batean 84, 82, 81 metro inguru jaurti nuen. Hori neure buruarentzat sekulakoa da! Behin ja 84.80 jaurtita (errekorra), azken jaurtiketan ni jada minimoarekin pentsatzen nengoen (85 metro), baina soilik 60 metrora iritsi nintzen; sorbalda oso minduta neukan, jaurtitzen noan heinean nire mina handitzen joaten da. Espainiako Txapelketa nire azken aukera zen. Puntuak batzeko erabili nuen eta beroketan ikusten nuen ezin nuela jaurti. 50 metrora bota eta sekulako mina sorbaldan, anestesia, infiltrazio eta guzti. Azkenean 79.54 metrorekin irabazi nuen eta pozik, konforme nengoen, baina pentsatzen nuen ez nintzela Tokiora sailkatuko, ze ez nuen 80 metrora jaurti. Eta, justu-justu, baina sailkatu naiz.

Espainiako marka hobetu zenuenean pozik agertu zinen, baina amorrua ere bazenuen 20 zentimetro falta izan zitzaizulako Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko gutxieneko marka lortzeko.

Marka lortu dudanetako inoizko sentsazio txarrena izan zen. Marka lortu dudan bakoitzean beti sentitu izan dut poza eta ez zen horrela izan, amorru pixka bat neukan. 20 zentimetrora geratu nintzen, benetan? Poza baino frustrazioa nagusitu zen.

Europako txapelketan hobetutako Espainiako marka ospatzen. (RFEA)

2020ko Espainiako Txapelketa irabaztea eta orduko errekorra emozio handiagokoak izan ziren?

Emozionanteena niretzat 2020ko Espainiako Txapelketan 83.50 metroko jaurtiketa egitea izan da. Ze orduan, 84.10 metro jaurti nuenean, ez zen jaurtiketa ona izan; xabalina gaizki irten zen, ez zuen nire gustuko hegaldia egin, oso pikatuta jausi zen. Ezustekoa izan zen 84 egitea. Horrek ezustean harrapatu ninduen eta, beraz, gehien markatu ninduen jaurtiketa 83.50ekoa izan zen.

Zure kirol ibilbidean eman zenezakeen jauzi handiena Olinpiar Jokoetara joatea dela esan zenuen behin. Jada aseta sentitzen zara?

Helburuak jartzearren, beti dago zerbait gehitzeko. Nik uste dut aurten jauzi erdi eman dudala. Iaz 80 metroko jaurtiketetan finkatu nintzen eta aurten nahi nuen kalitatezko jauzia eman; ba agian 84 metroan finkatzea. Hori izango litzateke profesionalizatzeko jauzi definitiboa. Aurten falta izan zait jaurti ahal izatea, erakustea daukadan maila. Entrenamenduak hor egon dira, baina gero bat-batean lesionatu eta orduan ez duzu erakusten daukazun gaitasun hori. Espero dut hurrengo urtean 84ren buelta horretan ibiltzea, ez izatea zerbait berezia marka hori. Eta behin metro horietan normalizatuta, behin edo behin lortzea 87 edo 86 metro, pixka bat goraxeago jaurtitzea, alegia.

Hau da, oraindik ere errekorra handitu nahi duzu?

Bai, errekorra oraindik ere 90 metrora nahiko nuke igo; zifra potentea da. Baina badakit marka hori ez dela gertuko gauza bat, oraindik urte batzuk gehiago eman behar ditut lantzen. Etorkizunera begira, baliteke lortzea.

Olinpiar Jokoak urtebete atzeratzeak nola eragin dizu?

Txarrera, zalantzarik gabe. Hasiera batean ez zen txarra izango, lesionatu ez banintz. Lesionatzeak eragin duena izan da aurten korrontearen kontra ibiltzea markak bilatzen. Normal jaurtita, aurten aurreko urteko emaitzak edukita, aise sailkatuko nintzatekeen, baina azkenean kostatu zait jaurtitzea eta txapelketak bilatzea sorbaldagatik. Bestalde, sailkatzeko metodoak ahalbidetu du 2019ko markekin sailkatzea. Jende askok baliatu ditu orduko markak eta nik justu urte horretan, ukalondoko lesioa zela eta, emaitza kaskarrak nituen. Borrokatu behar izan dut orduko markekin. Pentsa, batzuek agian ez dute ezer jaurti aurten, baina 2019an marka onak zituztenez, horri esker sailkapenean goian zeuden.

«Sailkatzeko metodoak ahalbidetu du 2019ko markekin sailkatzea. Jende askok baliatu ditu orduko markak eta, ukalondoko lesioa zela eta, nik emaitza kaskarrak nituen»

Sailkatzea lortzeko borrokatu behar izan duzu ukalondoko lesio batekin, koronabirusaren pandemiak eragindako egoerarekin, sorbaldako lesioarekin…

Kasu honetan, konfinatuta egoteak ez zidan hain gaizki egin. Mutrikuko baserri batean pasa nuen berrogeialdia; lehengusuak han bizi dira. Indarra asko lantzeko aukera izan nuen, pisuak eraman nituen, xabalina ere bai. Jendeari kalte egin zion pandemiak, eta ni, aldiz, indartu egin ninduen.

2021eko Espainiako txapelketako garaipena ospatzen. (RFEA)


Inoiz imajinatu duzu Olinpiar Joko batzuetan egon zintezkeenik?

Ez, inoiz planteatu gabeko kontua da. Umea nintzela kirola egiten nuenean ez nuen pentsatzen maila honetara iristea; ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Umea nintzenean ez nuen pentsatzen ere ni hazi egingo nintzela edo garapen bat edukiko nuela. Gogoratzen naiz 23 urte azpiko promesak ikusten nituenean, pasada bat iruditzen zitzaidala egiten zutena. Eta ez duzu pentsatzen hamar urtera horrela egon zaitezkeenik. Ni nire egunerokotasunean bizi nintzen.

Esan daiteke Jokoen ilusio hau azken lau urteetan etorri zaizula?

Bai, ilusioa baino helburua izan da. Ikustean mailaz igotzen nenbilela, azkenean Olinpiar Jokoetan izateko borrokatzera iristen zara. Basque Team-en proiektua ere Olinpiar Jokoetara zuzenduta zegoen eta hor sartzeko beka eman zidaten. Ikusi da apustu hori ondo atera zaiela. Ez naiz nahi bezain ondo egongo, baina tira. Ea Parisen hobeto egotea lortzen dudan.

«Txarto zaudenean, orduan behar da konstantzia bat eta burua ondo izatea. Horrek gogortzen zaitu»

Zure amaren ibilbideari jarraitzen diozu. Zer mezu ematen dizu berak eta familiak, oro har?

Amak ez dit ematen mezu berezirik. Nik amaren kirol alderdi hori ez dut ezagutu inoiz. Orduan, familia da bultzada nagusia kirolean eta bizitzan, oro har. Asko animatzen naute eta nire txapelketak ikusten dituzte. Disfrutatzen dute nirekin eta sufritzen dute nirekin.

Jaurtiketa baten ondorengo erreakzioa. (RFEA)

Diziplina handiko kirola da atletismoa. Oraindik 24 urte dituzu; sufrimenduak merezi izan du?

Bai, nik esango nuke baietz. Bestela, mereziko ez balu, kito, agur esango nuke. Nik horrelako gauzak argi izaten ditut, baina merezi du sufritzea. Gainera, askotan bakarrik entrenatzen zara eta lesioen garaiak garai gogorrak dira. Lesioekin esperientzia dezente daukat. Ondo zaudenean oso erraza da, entrenatzen zara animalia baten moduan eta gustura, gainera! Baina txarto zaudenean, orduan behar da konstantzia bat eta burua ondo izatea. Horrek gogortzen zaitu.

Duela urte batzuk esan zenuen ez zela batere gaizki egongo atletismotik bizitzea lortzea. Zein egoeratan zaude orain bertan?

Orain bertan bide onetik noala esango nuke. Oraindik falta zait pare bat jauzi egitea gorantz, baina oraingoz ondo zuzenduta noa. Ea lesioek errespetatzen nauten etorkizunean. Ez dakit zenbaterainoko diruak atera ahalko ditudan atletismotik, baina nik uste dut nire kirol fazeta ahalik eta gehien esplotatzea ona izango dela. Gero, kirol ibilbidea bukatzen dudanean, espero 35 urte edo pixka bat gehiagorekin izatea, orduan ikusiko dugu ea hortik bizi ahal naizen edo beste zerbait bilatu beharko dudan. Gustatuko litzaidake telebistan lan egitea (barrez), show-a gustatzen zait (barre algarak).