NAIZ

EuskarAbenturaren bigarren txanda ostiralean hasiko da Bidania-Goiatzen

60 gaztek parte hartu dute Urruñan eta Lekarozen gauzatu den EuskarAbentura espedizioaren lehen txandan, eta beste hainbat urduri eta emozioz egonen dira bigarrenerako motxila prestatzen. Tartean Ipar Euskal Herriko 16 gazte, inoiz baino gehiago. Ostiral honetan elkartuko dira Bidania-Goiatzen.

EuskarAbentura espedizioko kideak Urruñan, uztailaren hasieran. (Patxi BELTZAIZ)
EuskarAbentura espedizioko kideak Urruñan, uztailaren hasieran. (Patxi BELTZAIZ)

Lagunak egitea, Euskal Herria ezagutzea, euskarazko harremanak sortzea eta euskal kulturaz blai egitea dira EuskarAbenturaren helburuetako batzuk. 60 gaztek bete dituzte jada, Urruñan eta Lekarozen egin den espedizioaren lehenbiziko txandan. Bigarren txanda ostiralean hasiko da Bidania-Goiatzen, beste hainbeste gazterekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Ipar Euskal Herriko 16 gaztek parte hartuko dute, inoiz baino gehiagok.

Noski, lehen txandan bezala, bi egun lehenagoko PCR proba eta egunean bertan egindako antigenoen proba negatiboarekin soilik hartu ahal izango dute soilik parte.
Bidania-Goiatzen uztailaren 20a arte egonen dira, eta ondoren Aulestira mugituko dira.

Gipuzkoarako prestatuta dituzten dinamiken artean Ernio mendia igotzea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiaren bisita eta Arantzazuko txangoa daude. Ekintzek beti izanen dute euskara ardatz.

Uztailaren 20an, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol fdiputatuak eta Agurtzane Llano Lakuako Gazteriako zuzendariak eginen diete harrera Aulestin.  Santimamine, Gernikako Juntetxea eta Urregarai bisitatuko dituzte, eta Euroeskualdeari buruzko hitzaldia adituko dute. 23an Lekeition igaroko dute eguna eta 24an Aulestin geldituko dira, azken egunean deskantsatu eta gaueko gala prestatzeko. 25ean bigarren txandakoek ere agur esan beharko diete lagun berriei, gero arte bat izango delakoan.

Lehenbiziko txandaren kronika

Espedizioaren lehen txanda uztailaren 2an hasi zen, Urruñan. Bigarren eguna Bidarteko Uhabia hondartzan pasatu zuten eta hirugarrenean, kirol egokituak egin zituzten, aniztasun funtzionala duten pertsonen lekuan jarriz. Bazkaldu aurretik Kike Amonarrizek euskarak munduan duen tokia zein den azaldu zien. Topaguneko lehendakariaren bisita aprobetxatuz, Ipar Euskal Herriko jzioquitarrek Baxoarekin dituzten arazoen berri eman zieten kideei. Arratsaldean, eguraldi ona lagun, Ziburuko hondartzara joan ziren.

Berezia izan zen azken eguna Urruñan, etapa gogorra izan zutelako gazteek. Larrunera (905 metro) igo ziren Urruñatik, beroari aurre eginez. Ibilbide hasieran, Urruñako herriko etxean geldialditxo bat egin zuten. Bertan euskara ordezkariak eta auzapezak harrera egin zieten.

Uztailaren 6an, goizean, Euroeskualdeko teknikari den Marie Heguy-Urainek bisitatu zuen kanpalekua. Zenbait jokoren bidez Euroeskualdearen nondik norakoak azaldu zizkien jzioquitarrei. Bazkalondoren, motxilak hartu eta Lekarozerantz abiatu ziren, bertan espedizioaren bigarren zatia bizitzeko.

Bertiz, Aldude, Zugarramurdi...

Uztailak 7, San Fermin eguna, eta jzioquitarrak Nafarroan zeuden. Goizean Lekarozetik Bertizerako bidea egin zuten, hizkuntza eta naturaren arteko loturari buruzko azalpenak adituz. Eta arratsaldean, San Fermini ohore eginez, pregoia eta txupinazoa izan zuten... baita inprobisatutako zezen bat ere.

Biharamunean goizeko lauretan esnatu ziren jzioquitarrak, kontrabandisten ibilbidea egiteko Aldudetik Baigorrira. Oinez abiatu ziren. Euri zaparradak eta behe-lainoa zirela-eta, azkenean autobusa hartu behar izan zuten, ordea. Bazkaldu, dutxa bero bat hartu eta lo pixka bat egin zuten jzioquitarrek. Eta arratsalde lasaia pasatu zuten Elizondon.

Lehen txandako azken etapa izan zen uztailaren 9koa. Eguraldi bikainak lagundu zituen Zugarramurdira. Zuzenean kobetara jo zuten, sorginkeriaren magiaren bila eta benetan toki magikoa aurkitu zuten.

Gauean Lorea Ibarraren bisita izan zuten. ‘Akelarre’ filmaren inguruan hitz egin zien Ibarrak. Gogotsu hartu zuten gazteek, jziokitarra izan baitzen lehen edizioan eta horrek aunitz animatu zituen. Hitzaldiaren ondotik, pelikula ikusi zuten.

Azken gauean, talde bakoitzak emanalditxo bat eskaini zuen espediziokideen aurrean eta biharamunean agurtzeko tenorea ailegatu zitzaien, jakinda gehiagotan bilduko direla etorkizunean.