Auzolana kablez josia Malloetan

Aralarko Malloetako larreak bikainak ziren aziendarentzat, baina malkar horietan belarra moztea eta baserriraino ekartzea lan neketsua zen. 1920-1960 hamarkada tartean auzolanean egindako kable sistema bat erabili zuten baserritarrek lan hori errazteko, auzoak auzoarentzat sortua.

Jesus Elosegui Irazusta
Jesus Elosegui Irazusta

Aralarko Malloetan auzolanak forma berezia dauka: XX. mendeko 1920-1960 urte bitartean martxan egon zen kable sistema. Baserritarrek auzolanean muntatutako sistema bat da, aziendarentzat belarra menditik etxera ekartzea errazten zuena. Auzoak auzoarentzat auzolanean egin zuen, denen artean eta denen mesedetan. Kable horrek komunitatea josten zuen.

Aralarko Malloetako larreak kalitate bikainekoak ziren eta dira, eta, beraz, funtsezko elikagaia dira neguan baserrietako aziendarentzat. Malloek, ordea, erliebe malkartsua dute, sarbide zaila eta lan egiteko ere ez da toki samurra. Horregatik, baserritarrek lotuta moztu behar izaten zuten belarra askotan, ez erortzeko. Behin belarra moztuta, baserrietara jaitsi beharra zegoen eta lan konplikatua zen hori. Astoz jaitsi zitekeen belarra, baina lana izugarria zen eta oso motela gainera. «Kableen sistema aztertu duten adituen arabera, 1923-24 urte inguruan lehen kableak jarri ziren. Pixkanaka-pixkanaka, bailara osoan zehar kable sare zabala garatu zen (batzuk ia bi kilometrokoak) eta joan den mendeko 60ko hamarkadaren bukaera arte funtzionatu zuen», azaldu du Araizko Zaporeak taldeak. Guztira 49 kable egitura kontatu dira Aralarko Malloetan.

Araizko Zaporeak taldeko kide da Maider Agirrebarrena. Azaldu duenez, «etxe inguruko zelaiak baratzerako izaten ziren. Negurako belarra lortzeko, berriz, Malloetaraino joan behar izaten zen. Han erdi eskalatzen aritzen ziren belarra mozteko. Behin belarra jasota, tirolina sistema bat asmatu zuten baserrietara jaisteko. Pentsatzekoa da garai hartan sekulako asmakuntza eta aurrerapena izan zela sistema hori».

Malloetako belarra oso preziatua zen eta da aziendarentzat. «Ez dago zalantzarik; jaten duguna gara. Ardietan ere ikusten da, segun zer belar eta lore jaten dituzten, halako esnea ematen dute», gaineratu du Agirrebarrenak. «Hemengo baserrietan familia handiak ziren, seme-alaba asko zituztenak, eta landako lanetik egiten zuten aurrera. Horregatik, dena aprobetxatzen zen eta Malloetako belarra preziatua zen. Batez ere ardiei eta behiei ematen zitzaien».

Kableak mila metroko luzera izaten zuen eta 500 metroko desnibela. Belarra Malloetatik baserrira jaistea familia osoaren egitekoa izaten zen, bakoitzak bere zeregina izaten zuen. «Belarra mozteko eta jaisteko garaia iristen zenean –uztail bukaeran, abuztuan eta irailean–, auzoan 40-50 laguneko kuadrillak antolatzen ziren». Lana goizean goiz hasten zen. Jaiki, mendira igo eta segarekin belarra mozten zuten lehendabizi. Han bertan lehortzen utzi eta prest zegoenean buuxi izeneko fardo berezietan biltzen zuten.

«50-60 kilo inguru hartzen zituzten fardoak ziren. Bi edo lau zaku patata zabaldu eta bata bestearekin josten zituzten. Belarra bertan jarri, ondo lotu eta txirrika jartzen zioten, kableari lotu eta horren bidez baserrietara jaisteko. Garai hartan lan horietan aritutakoek kontatzen dutenez, zortzi urtetik gorako haurren lana izaten zen bidean galdutako txirrikak biltzea. Baserri bakoitzak bere txirrikak zituen eta garrantzitsua zen horiek bidean ez galtzea. Horrez gain, neska-mutikoak gora eta behera aritzen omen ziren, ura eta jatekoa eramanez. Familia guztiak hartzen zuen parte eta bakoitzak bere egitekoa zuen», kontatu du Agirrebarrenak.

Normalean eguerdi parterako hasten omen ziren buuxiak Malloetatik behera bidaltzen. «Aurretik hitzordua adostu eta prest zeudenean, izara zabaltzen zuten goian. Gero, kablean emandako kolpeen arabera jakiten zuten zein baserritakoa zen zetorren buuxia. Kolpe bat, halako etxetakoa; bi kolpe, beste hartakoa; hiru hartakoa... Beraien artean ulertzeko seinale bereziak zituzten».

Azken kablea, Gaintzan

Araizko bailarako biztanleek kontatzen dutenez, 1960. urtean jarri zen azken kablea Gaintzan. Bizkaiko Labe Garaiak enpresatik ekarri omen zen kablea. Kontatzen dutenez, 40 lagun inguruk parte hartu zuten auzolanean, bakoitzak 10 metro kable bizkarrean hartu eta mendian gora eraman zuten.

1960ko hamarkadaren amaieran, kable sistema berezi hori erabiltzeari utzi zioten, eta, ondorioz, kableak eta euskarriak kentzen hasi ziren eta ia-ia hondakin guztiak desagertu egin ziren. Euskarriak eta kableak kenduta ere, Araizko bailarako herritarren memorian bizirik dago kable sistema eta horrek inguruan pizten zuen guztia. Argazki zaharrei begira eta bere garaian kablea erabili zuten herritarrei galdezka, Araizko Zaporeak taldeak kable sistema berreskuratu eta berriz martxan jarri zuen 2017. urtean, familian eta auzolanean. Horretarako, Gaintzako herritik hurbil, 400 metro kable eta euskarri berreskuratu dituzte, bailarako nekazaritza eta abeltzaintza kulturaren adierazpen hori bizirik mantentzeko. Hartara, urtero antolatzen dute Araizko Kablearen Eguna. Azken edizioa joan den igandean izan zen. «Guretzako festa egun bat da. Auzolanean egiten dugu eta helburua da gure arbasoek egindakoari balioa ematea. Jendeari erakutsi nahi diogu nola egiten zen lan, lurra zaintzeak zer garrantzia duen, biodibertsitatea defendatzea zein garrantzitsua den, herrietako bizia bultzatzea... Denetik pixka bat, batak besteari kablea pasa, elkarri lagundu eta aurrera jarraitzeko», agertu du Agirrebarrenak.

Araizko Kablearen Eguna Araizko Zaporeak izeneko taldearen ekimena da eta Araizko Udalaren laguntza jasotzen du. Ekimenak helburu sendoak dauzka: bailarako landa eta natura ondarea berreskuratzea eta sustatzea; baserritarren kultura eta baserrietako nekazaritzako elikagaien ekoizpena ikusaraztea eta zabaltzea; Araizko bailarako kultur eta turismo sustapena...