NAIZ

Rementeriak aitortu duenez, Ekarpen Lege berriak ez dakar «aldaketa sakonik»

Bizkaiko ahaldun nagusiak ostiral honetan adierazi duenez, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan adostutako Ekarpen Lege berriak ez du «aldaketa sakonik» ekarriko. Rementeriak oraindik indarrean dagoen legea babesten duela gogoratu beharra dago, bere ustez, «lege ona» izan delako.

Unai Rementeria Bizkaiko Batzar Nagusietan. (BATZAR NAGUSIAK)
Unai Rementeria Bizkaiko Batzar Nagusietan. (BATZAR NAGUSIAK)

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ostiral honetan aitortu duenez, Ekarpen Lege berriak ez du «aldaketa sakonik» eragingo. Hala adierazi du Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeen aurrean egindako agerraldian. Bertan goraipatu du ostegunean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan lortutako akordioa, izan ere, haren iritziz, «denok eman eta irabazten dugu».

Berrikuntzarik aipagarriena koefiziente bertikalaren balio berria da, %70,04tik %70,81era igo baita. Ekarpeneko koefiziente horizontalari dagokionez, hiru aldundiek egokitzat jotzen dute gaur egun indarrean dagoen legean jasotzea metodologia, lurralde bakoitzeko BPGaren eta zerga-ahaleginaren arteko loturan oinarritua. Eta toki-erakundeek zerga itunduetan izango duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa %39,23koa izango da.

Oposizioko taldeek kritikatu dute lortutako akordioa. EH Bilduko batzarkidea den Arantza Urkaregiren esanetan, udalek ez dute parte hartu negoziaketan, eta, adierazi duenez, Eudelen ere ez da erabateko adostasuna.  Hala, batzarkide subiranistak baliabide gehiago eskatu ditu udalerrientzat.

Zentzu honetan, lege berriarekin krisi garaietan udalerriak diru gutxiago jasoko dutela ohartarzi du Elkarrekin Bizkaiak. Halaber, gardentasun falta kritikatu du. Israel Escalante batzarkideak halako prozesuetan herritarren parte hartzea defendatu du.

PPko batzarkidea den Amaia Fernandezek ere jo du Gobernuaren kontra. Haren ustez, osteguneko bileran lortutako akordioak «agerian uzten du Aldundia ez dela gai bizkaitarren interesak babesteko».