Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Santurtzi eta Orio, etxean, garaile izan dira itsaso zabaleko estropada ikusgarrietan

Bizkaiko Txapelketa irabazi ostean, Santurtzik lehen garaipena lortu du Eusko Label Ligan Hondarribiarekin estropada amaiera ikusgarria eta zertxobait polemikoa burutu ondoren. Euskotren Ligan, Oriok etxean irabazi du nagusitasuna hasieratik erakutsiz.

Gorka Aranberri Santurtziko patroia, Orion lortutako bandera eskuetan duela. (Jon URBE/FOKU)
Gorka Aranberri Santurtziko patroia, Orion lortutako bandera eskuetan duela. (Jon URBE/FOKU)

Ikuskizuna espero zen Orioko itsaso zabaleko estropadan, eta honek ez du hutsik egin, bai Eusko Label Ligan eta baita Euskotrenen ere. Santurtzi eta Orio izan dira, hurrenez hurren, garaileak.

Eusko Labeleko estropada ez da azken unerarte erabaki. Ohorezko txandako traineruek joaneko luzean aurreko txandako denborak hobetzen bazituzten ere, bueltakoan gehiago kostatzen zitzaien, eta sufritu behar izan dute.

Gainera sekulako azken mentroak bizi dira Santurtzi eta Hondaribiaren artean. Bizkaitarrak aurretik joan dira estropada osoan zehar, baina azken luzean "Ama Guadalupekoa" asko gerturatu da. Bi ontziek lehen kalerako bidea hartu dute, 'zerogarrena' deritzon kalean ere sartu dira, eta epaileak bandera zuria atera behar izan du bi traineruak asko gerturatzen baitzeuden.

Momentu klabea izan da, Hondarribiak metro batzuk galdu baititu Santurtziren mesederako. Hala, bizkaitarrek lehen garaipena lortu dute –denboraldiko bigarren bandera– eta gipuzkoarrek hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute bigarren txandan aritu den Orio izan baita bigarren. Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroiaren kexak nabariak ziren estropada amaitzean, baina epaileek argi utzi dute bi ontziak euren kaletatik kanpo zeudela eta Santurtzik nolabaiteko lehentasuna zuela bandera zuria atera duten momentu horretan.

Ohorezko txanda horretan, Donostiarra hirugarren izan da eta Zierbena, laugarren. Donostiarrek ezusteko bat izan dute bigarren ziabogan: arraun bat aldatu behar izan dute maniobra ostean. Honek denbora galduarazi die, baina Zierbena hasia-hasieratik oso atzean geratu da eta ez dute postua galdu.

2. txanda: Orio, ezustekotik oso gertu

Lehen txandan Tiranek egindakoa ondo ikasi du Oriok, eta lehen kaletik nabarmendu zaio Urdaibairi. Bigarren luzean, kostarantzko bidean, aurre hartu diote oriotarrek bermeotarrei eta hortik aurrera ez dute erritmoa jaitsi.

Azken luzean, esaterako, 'zerogarren' kalera joan dira bai Orio eta bai Urdaibai –bata bestearen atzetik–, itzulerako kalerik onena baitzen. Beste lehian, Cabo estriborrera bidali behar izan du epaileak, Ondaroari pegatzen baitzegoen. Azkenean, Cabok eraman du txandako hirugarren postua eta Ondarroak, estropadako sailkapen nagusian, Lekitarraren atzetik amaitu du.

1. txanda: Zarautz, 'urperatua'

Eusko Label Ligako estropada oso interesgarri hasi da. Lehenengo txandan, Lekittarrak erraz irabazi du txanda, baina bigarren posturako lehia oso estua izan da azken luzean eta azken metroetan. Bertan, Galiziako bi ontziek, Tiran eta Ares, dena eman dute puntuak hain garrantzitsuak diren honetan. Tiranek lortu du azkenean txandako bigarren postuan, estropadan behetik gorantz joanda.

Guztiz kontrakoa gertatu zaio Zarautzi, estropada eremua oso ondo ezagutzen duen traineruari. Gipuzkoarrak hirugarren postuan atera dira hirugarren ziabogatik, baina azken luzean Zarautz eta Ares asko gerturatzen ari ziren eta epaileak aldentzeko esan die biei. Honek zarautzarrak 'urperatu' ditu guztiz. Are gehiago, Tiranek Ares gainditu du ondoren eta azkenean bi puntu atera dizkio Zarautzi sailkapen nagusira begira.

Eusko Label Liga - Orio Kanpina IX. Bandera

1. Santurtzi           19:55.32
2. Orio                  19:59.60
3. Hondarribia       20:00.10
4. Urdaibai            20:10.36
5. Donostiarra       20:11.60
6. Zierbena           20:14.86
7. Cabo                20:28.84
8. Lekittarra         20:31.04
9. Ondarroa         20:32.28
10. Tiran             20:35.06
11. Ares              20:35.96
12. Zarautz         20:45.60

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia

1. Santurtzi          54 puntu
2. Hondarribia      46
3. Zierbena          42
4. Donostiarra      39
5. Orio                38
6. Urdaibai          37
7. Ondarroa         29
8. Cabo              28
9. Lekittarra        25
10. Ares              20
11. Tiran            19
12. Zarautz        13

Euskotren Liga: Orio, etxean nagusi

Euskotren Ligan, Oriok etxeko estropada irabazi du, hasiera-hasieratik nagusitasuna erakutsiz. Nadeth Agirre patroiak gidatutako ontziak ez du aurkaririk izan, eta protagonismoa atzean izan da, bigarren posturako lehian.

Bertan, Hondarribiak –denboraldiko estropada onena egin du– eta Arraun Lagunakek oso amaiera polita eskaini dute, eta “Ama Guadalupekoa” izan da garaile oso ehuneko gutxiren tartean. Honek onura handiagoa ekarri dio Oriori, sailkapen nagusian bi puntu atera baitizkie donostiarrei. Donostiako beste traineruak, Donostiarrak, sufritu behar izan du estropada osoan zehar, eta azkenean sei segundora helmugaratu da.

Euskotren Liga - Orio Kanpina IX. Bandera

1. Orio                      10:55.26
2. Hondarribia           10:58.36
3. Arraun Lagunak     10:58.76
4. Donostiarra           11:01.28

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia

1. Orio                      17 puntu
2. Arraun Lagunak     14
3. Donostiarra           12
4. Hondarribia            8