Maddi Txintxurreta

Presoen auzian etapa asko gainditzeko daudela nabarmenduz amaitu da Sareren Bizikleta Itzulia

Donostian eman diote amaiera larunbat eguerdian Sarek antolatutako Bizikleta Itzulia. Bertan, Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileek nabarmendu dute 2021a presoen auziari urte positiboa izan den arren oraindik ere salbuezpenezko egoerekin amaitu arte bide luzea dagoela egiteko.

Sareren bizikleta martxaren amaiera ekitaldia Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Sareren bizikleta martxaren amaiera ekitaldia Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Bulebarrean eman diote amaiera larunbat eguerdian Sarek laugarrenez antolatu duen Bizikleta Itzuliari. Euskal preso eta iheslariak etxeratzea aldarrikatzeko ekimen honen aurtengo edizioa Garestik abiatu zen pasa den ostegunean ‘Ibilian ibilian etxerako bidean’ lelopean eta pedalez pedal, kilometroz kilometro, euskal presoen eskubideen aldeko aldarria eraman dute hainbat herri eta errepideetara.

Larunbateko etapa, azkena, Zumaiatik hasi eta Getaria, Zarautz, Orio eta Usurbiletik igaro ostean Donostiako Bulebarrean amaitu da 12.15ean. Kioskoaren parean hartu dute atseden ekimenean parte hartu duten herritarrak, baita mokadu bat jan ere, musikak eta dantzak girotuta.

Irri egin, baina erlaxatu gabe

Bertan ziren Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak. «Dinamika hauekin demostratu dugu, izan pedalei ematen, manifestazioen edo mendiak zeharkatuz, gauzak aldatzen ari garela», ospatu du Azkarragak. «Irri egiteko momentua» dela esan du, Bizikleta Itzuliak nola, euskal presoen auziak etapa bat bukatutzat eman duelako.

Joseba Azkarraga, bizikleta martxaren amaiera ekitaldian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Baina horrek ez du esan nahi «erlaxatzeko» aukera dagoenik: «Hemen ez da ezer bukatzen», esan du, «Madrildik beherako kartzelak euskal presoz hustu dira, baina lortu arte Dueñas, Villabona, El Dueso edo Logroñon dauden presoak hemen izan arte, urruntze politika ez da amaituko».

Oraindik, baina, oztopo asko dira bidean eta, bada, etapa gainditzeke daudela azpimarratu dute bozeramaileek; kasurako, salbuespenezko politikak, gradu progresioen blokeoa, 40 urteko zigorretara kondenatuta dauden presoak edo Esatu frantseseko kartzeletan bete duten kondena konputatzen ez zaien 50 presoak.

«Etapa asko geratzen zaizkigu eta egingo ditugu. Eta lortuko dugu momentu hauetan sentitzen dugun esperantza praktikan ikustea, errealitatean», adierazi du Azkarragak.

Inaxio Oiarzabalek nabarmendu du aurten «pauso positiboak» eman direla euskal presoen auzian; «presoak gerturatu dira, isolamenduarekin eta lehen graduekin amaitu da», baina berak ere ohartarazi du oraindik bide luzea dagoela egiteko: «Presoak etxean egon arte denon artean bidea egin behar dugu, oztopo ezberdinak gainditu, oraindik salbuespenezko legedia indarrean dagoelako».

Izan ere, ohartarazi du euskal presoak bigarren graduan egonda ere, baimenak lortzeko, hirugarren graduak lortzeko edo baldintzapeko askatasuna lortzeko «oztopo eta arazo» askorekin aurkitzen direla. Etorkizunerako baikor agertu da, ordea: «Uste dugu Bizikleta Itzuli honetan pedalkadaz pedalkada egin bezala, denon artean, pausoz pauso, presoen etxeratze prozesua azkartuko dugula».