NAIZ

Ireki dute Gaztelugatxe eta Bermeo arteko bidea, lurra egonkortzeko lanak amaituta

Bizkaiko Foru Aldundiak mendi hegala finkatzeko eta Ermu eta Lurgorri arteko zatiko zorua hobetzeko lanak amaitu ditu, eta horrenbestez, Gaztelugatxe eta Bermeo lotzen dituen bidea ireki du.

Gaztelugatxeko beste zati bat ireki dute, baina ermitara oraindik ezingo da joan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Gaztelugatxeko beste zati bat ireki dute, baina ermitara oraindik ezingo da joan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bizkaiko Aldundiak bukatu ditu mendi hegala finkatzeko eta Ermu eta Lurgorri arteko zatiko zorua hobetzeko lanak eta, horrenbestez, Gaztelugatxe eta Bermeo lotzen dituen bidea egin daiteke berriz astearte honetatik, baina babestutako zatira heltzeko Urizarreta-Ermu ibilbide zirkularra eta noranzko bakarrekoa izango da soilik.

Erakundeak jakinarazi duenez, bisitarien segurtasuna bermatzeko egin dira lanak. Izan ere, geologo talde batek azterketa batzuk egin zituen urtarrilean izandako lur jausiaren arrazoiak aztertzeko eta etorkizunean ekiditeko, eta zonalde osoa zatitan banatu zen ezegonkortasun mailaren arabera.

Uztailaren 1ean lehenengo zatia ireki zen: Urizarreta-Ermu. Orain, uhartera eta ermitara heltzeko zatia geratzen da bakarrik eta udazkenaren hasieran zabalduko da. Obretan hesiak jarri eta higadura eremuak babestuko dira. Lan guztiak inpaktu gutxikoak izan behar direla kontuan hartuz egiten ari dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren inbertsioa guztira milioi erdi eurokoa da eta helburua Gaztelugatxeko sarbide guztiak irekitzea da.

Etorkizunean arazoak eta arriskuak saihesteko asmoarekin, Bizkaiko Aldundiak sentsoreak jarriko ditu lurren mugimenduen erregistroa izateko. Gainera, Matxitxakoko estazio meteorologikoaren prezipitazioen araketa eginez, hartu beharreko neurriak xehetasunez aterako dira.

Azkenik, bisitarien kopurua kontrolatzeko sarreren sistema mantenduko da. Covid-19aren ondorioz dauden babes neurriak mantentzeko, eguneko 960 pertsonako muga izango da, Urizarretatik sartu eta Ermutik irteten den noranzko bakarreko ibilbide zirkularra barne.