NAIZ

BAIC Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa sortu dute 17 erakundek

BAIC Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa aurkeztu dute asteazken honetan Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon. 17 erakundek sortutako egitasmoak EAEn Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko eta, bide horretatik, «enpresen lehiakortasuna» hobetzeko helburua du.

Adimen Artifizialeko BAIC Euskal Zentroaren eraketa ekitaldia Miñaon. (Raul BOGAJO/FOKU)
Adimen Artifizialeko BAIC Euskal Zentroaren eraketa ekitaldia Miñaon. (Raul BOGAJO/FOKU)

17 erakundek sortu dute BAIC (Basque Artificial Intelligence Center), Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa, EAEn Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko eta, bide horretatik, «enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzeko». Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, elkartearen eraketa-ekitaldian izan da asteazken honetan, Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon.

Azaldu dutenez, BAIC lankidetza publiko-pribatuko espazio bat da, helburutzat duena Adimen Artifiziala (AA) bultzatzea EAEn. «Funtsean, tresna bat da industriak albait azkarren txerta dezan AA eta, era berean, laborategi bat ere bai, baliagarri izango dena esperimentaziorako eta munduko erronka teknologiko eta sozial handienetako batean nazioarteko posizionamendua lortzen lagunduko diguten proiektuak azkartzeko», zehaztu dute.

Horretaz gai, hauek ere izango dira egitasmoaren helburuak: Adimen Artifizialaren euskal ekosistema artikulatzea (enpresak, teknologi eta ikerketa zentroak, prestakuntza zentroak, eta abar); Adimen Artifizialaren sektoreko enpresa berrien sorkuntza sustatzea, tokiko enpresa trakziogileak inplikatuz; eta Adimen Artifizialaren arloko aurrerapen teknologikoen ondorio etikoak aztertzea eta aintzat hartzea.

Hauek dira BAIC sustatu duten erakundeak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoak, Petronor, Sener eta Versia, Sustatzaileen artean daude baita ere eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak, hala nola Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). SPRI Taldeak ordezkatzen du arlo publikoa Lakuako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.

Lehentasun estrategikoa

Lakuako Gobernuko ordezkariek adierazi dute lider izan nahi dutela Adimen Artifiziala garatzeko eta haren inguruko ezagutza aplikatzeko prozesuan, eta horregatik, bere Gobernu Programako lehentasunen artean sartu dute.

Era berean, nabarmendu dute, EAEk «jokaleku oso lehiakorra» duela lurraldea AAren garapen eta hedapenerako benetako «proba-laborategi» bihurtzeko.