NAIZ

Espainiak Frantziaren aurka galdutako lehian bere lehen minutuak jokatu ditu Aginagaldek

Eskubaloiko Espainiako selekzioak bere lehen porrota jaso du Olinpiar Jokoak hasi zirenetik. 36-31 galdu du Frantziaren aurka. Aginagaldek bere lehen minutuak jokatu ditu Tokion, hiru gol eginez, eta Gurbindok ere bi aldiz sareratu du baloia. Argentinaren aurka jokatuko du igandean. 

Julen Aginagalde Dika Dem oztopatu nahian. (Martin BERNETTI/AFP)
Julen Aginagalde Dika Dem oztopatu nahian. (Martin BERNETTI/AFP)

Julen Aginagaldek debuta egin du ostiral goiz honetan Tokioko Olinpiar Jokoetan. Lehen partidatan, deialditik kanpo geratu ostean, azken neurketan Viran Morrok min hartu ondotik sartu da deialdia jokalari irundarra. Hiru gol egin ditu. Eduardo Gurbindo nafarrak ere bi golekin lagundu nahi izan du baina azkenean Espainiako selekzioak ezin izan du Frantzia estutu. Bere lehen porrota jaso du. 

Viran Morros gabe defentsako sendotasuna apur bat ahuldu egin zitzaion Jordi Ribera hautatzaileari eta hala, ezinezkoa egin zitzaion Frantzia geldiaraztea. Eta defentsako sendotasun gabe, erasoan ere gutxika-gutxika argia itzaltzen joan zitzaion eta horren ondorioz, markagailuak sei goleko aldea erakusten zuela iritsi zen atsedenaldiko tartea (18-12). 

Hala, bigarren zatian jada ezer gutxi zegoen egiteko, selekzio frantsesak berera jarraitzen baitzuen. Markagailuan aldea are handiagoa ez izateko lanetan zentratu ziren Jordi Riberaren jokalariak eta nola edo hala, lortu zuten, azken markagailua 5 goleko diferentziako izan baitzen. 

Igande honetan multzoko azken norgehiagoka jokatuko du Argentinaren aurka eta gauzak ondo bidean, ez luke arazorik izan behar final-laurdenetara sailkatzeko. 

Gainontzeko emaitzei dagokienez, Argentinak galdu egin du Brasilen aurka (23-25) eta B multzoan, Bahrainek Japonia hartu du mendean (32-30). Jokoan dago B multzoko Suedia-Egipto norgehiagoka eta beranduago lehiatuko dira Portugal-Danimarka eta A multzoko Alemania-Norvegia.