Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Felix Zubia
Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikua

«20 edo 25 urteko gazteak intubaturik ikusteak tristura handia eragiten du»

2020ko udan, aste gutxi batzuetan, Donostiako Ospitaleko ZIUan ez zen izan covidak eragindako pazienterik. Ordutik, beti egon da baten bat. Felix Zubiak urte luze honetan jazotakoa oroitu eta aurrera begirako hausnarketa egiten du elkarrizketa honetan

Félix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko medikua. (Gorka RUBIO | FOKU)
Félix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko medikua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nola zaudete une honetan ZIUan? Dagoeneko nabaritu al duzue olatu honen eragina ?
Bai, nabaritu dugu. Aurreko olatuetan gogorragoa zen, kaleko intzidentziaren proportzioan; oraingoan ez da hainbestekoa baina igartzen da pixkanaka goraka doala. Eta profila ere aldatu da pixka bat. Ikusten ari garena da lau talde handi ditugula: alde batetik, txertatu gabeko gazteak ditugu, berrogei urtetik beherakoak edo. Gero, beste talde bat euren erabakiz txertatu ez direnek osatzen dute, hau da, berez tokatu arren ez txertatzea erabaki dutenak. Bestetik, %25 inguru txertoen dosi bakarra dutenek osatzen dute; eta beste %25 txertatu arren gaitza hartu dutenak dira. Izan ere, txertoak %95eko eraginkortasuna du, baina %5 horri heldu egiten zaio. Eta gaitza komunitatean transmititzen bada, zabaltzen bada eta kasu asko badaude, batzuk guregana iritsiko dira.

Azken talde hau osatzen duten pazienteak besteak baino nagusiagoak dira adinez?
Bai. Aurreneko taldekoak dira gazteenak. Gero, bigarren taldeko txertatu gabeak, zaharxeagoak dira. Dosi bakarrarekin daudenak 40-60 urte artean daude. Eta azkenak, txertatu arren gaixotu egin direnak, zaharrenak.

Gaztea izateak eragina du bilakaeran, bere pronostikoan?
Bai, normalean adinarekin pronostikoa hobea da. Eta egia da horrekin lasaiago joan beharko genukeela, baina era berean tristura handia eragiten dizu 20 edo 25 urteko pertsona bat intubaturik eta sedazioarekin ikusteak; barruan eragiten dizu.

Duela hilabete inguru, ekainean, egoera askoz lasaiagoa zen, ematen zuen pandemia beste estadio batera igaro zitekeela. Halakorik espero zenuten?
Nik egia esan ekainaren hasieran ez, baina ekainaren bukaera aldera eta uztailaren hasieran jende oso gaztea kutsatzen ari zela ikusi genuenen, eta batez ere ze abiaduran zihoan, bai. Azkenean, jende gazteena hasten da kutsatzen, ondoren zaharragoetara pasatzen da, eta hauek okertzen zaizkigu. Aurreko olatuetan ere ikusi izan dugu eta aurreikus zitekeen zerbait da.

Gaitzari beldurra edo errespetua galdu zaio?
Bai. Guk hasieratik daukagu egoera dikotomiko batean bizi garen sentsazioa; kalean ematen du ezer ez dela, eta ospitalera iritsi eta hauek beteta, gainezka, sufrimendu askorekin, heriotza kasu batzuekin... Oraingoan nik uste dut zabaldu den mezua dela pandemia bukatu dela, edo ez dela egoera konplikatuko, baina oraindik hemen jarraitzen du. Eta egoera dikotomiko hori areagotu egin da.

Pandemia hasi zenetik, ZIUan covidagatik pazienterik izan ez duzuen unerik egon al da?
2020ko uda hasieran. Orduan bai. Itxialdiaren ondoren zerora jaitsi ginen, baina iazko uztailean beste okerraldi bat izan zenetik bada urtebete beti koronabirus paziente bat gutxienez izan dugula.

Iazko lehen olatu hura izugarria izan zen, baina aipatu duzun bezala itxialdiaren ostean ia erabat apaldu zen. Hura igarota, beste lau olatu izango zirela imajinatzen zenuten?
Koronabirusak erakutsi digu aurreikuspenak egitea oso zaila dela. Atzera begira eta orain dakigunarekin pasatu dena logikoa izan da. Birusa oso kutsakorra dela ikusi dugu. Hasieran beste transmisio bide batzuetan pentsatzen zen eta garbitasunari eta distantziari garrantzi handia ematen zitzaion, baina gero ikusi dugu toki itxietan eta aerosolen bidez hedatzen dela, eta hori jakinda, argi dago gure sozializazioaren bidez zabaltzen den birusa dela, eta sozializazioa handitzen eta irekitzen den momentuan okertu egiten dela.

Garai horretan, 2020ko apirilean, GARAn egindako elkarrizketa batean hauxe aipatzen zenuen: «Garbi dagoena da mundu guztian birusa desagertu ezean, olatu gehiago egongo direla». Bete-betean asmatu zenuen, eta agian orduan esandakoak orain ere balio du, ez?
Bai, zoritxarrez esaldi hori oraindik ere indarrean daukagu. Munduan zehar transmisioa handia den bitartean aldaerak sortuko dira. Aldaera hauek oso denbora gutxian heltzen direla ikusten ari gara; izan ditugu Hegoafrikakoak, Txinakoak, Indiakoak, Brasilgoak, AEBetakoak, Ingalaterrakoak… Orduan, txertoak gu babestuko gaitu, neurri batean, baina kanpoan, mundu guztian birusa dabilen bitartean aldaerak izango dira, eta kasuak iritsiko zaizkigu. Txertoekiko erresistentea den aldaerarik sortzen ez bada, kasuak gutxi izango dira hemendik hilabete batzuetara, baina txertoekiko erresistentea den aldaeraren bat sortzen bada berriz hasierako tokira bueltatuko ginateke.

Pandemiak osasun mentalean duen eraginaz asko hitz egiten da. Oro har hau guztia latza da, baina zer esan gaixoak artatzen ari zaretenontzat. Ikuspegi horretatik gogorra da?
Denontzat izaten ari da. Esan dugunez, sozializazioaren bitartez hedatzen den birusa da hau, eta sozializazioa murrizteak denoi eragiten digu, eta horrek arazo psikologikoak eragiten ditu neurri askotan. Gaininformazioak ere bai; informazio zuzen bat ez emateak ere bai; eta beste gauza askok. Osasun langileon aldetik, lehen aipatu dugun egoera dikotomiko horrek izugarrizko sufrimendua sortzen du. Eta urte eta erdira goaz sufrimendua ikusten, heriotzak ikusten, okerraldiak ikusten. Espero dugunean egoera pixka bat lasaitzea berriro okertzen da... eta horrek luzera eragiten du, bai.

Frustrazioa da daukazuen sentipen nagusia?
Neurri batean bai, baina ez bakarrik. Frustrazioa, ikusten denean neurriak ez direla hartzen, oso erraz arintzen direla eta beti birusaren atzetik gabiltzala. Horrek frustrazioa eragiten du. Eta gero nekea ere bai, etengabeko sufrimendua ikusi beharrak, jendea hiltzen ikusteak, horrek tristura handia sortzen du.

Egoera nola dagoen neurtzeko, intzidentziaz aparte beste parametro batzuk erabiltzen dira, horien artean ZIUen okupazioa. Ohe libre nahiko dagoen bitartean arazorik ez. Agian zenbakiei gehiegi begiratzen zaie, atzean dauden pertsonei baino gehiago. ZIUko paziente bakoitza drama bat da, ez?
Hori da. Eta heriotza bakoitza drama bat da. Hasieratik gertatu den gauza bat da. Zenbakizko informazio izugarria dago, eta istorio pertsonal gutxi. Guk istorio oso gogorrak ikusi ditugu. Dena numerikoki aztertzeko joera bat, eta atzetik dauden istorio pertsonalak ahazteko joera bat. Eta, bestetik, ZIUak arazoaren erpina gara, eta arazoaren erpinari begiratzen bazaio oinarriak ez dira sekula konponduko. Hau da, ZIUak lasai egon daitezen transmisioa murriztu behar da. Gu beti 10-15 egun atzetik goaz. Hartzen den parametro bakarra ZIUak nola dauden bada, badakigu erpina betetzera zain egoteak ez duela zentzurik estrategia moduan.

Txertoei begiratzen diegu itxaropenez. Nola irudikatzen dituzu udazkena eta negua?
Uda honetan txertoak salbatu gaitu, zorionez. Ez dut imajinatu ere egin nahi daukagun intzidentziarekin txertorik ez balego... Hildakoak izugarri izango lirateke, ospitaleak gainezka leudeke eta ez litzateke hau jasateko modurik izango. Koronabirusak erakutsi digu gero eta kutsakorrago bihurtzeko joera duela, beraz, hasieran esaten zen %70 hori baino txertaketa zabalago bat beharko dela. Eta txertaketa zabalago horrek egoera pixkanaka-pixkanaka arintzen joatea eragingo du. Ez dakit noiz, ni ez naiz eperik jartzera ausartzen, gure artean portzentaje handi bat lortzen denean, gazteak ere txertatzen direnean, orduan kasu bakanak azalduko dira eta tokian tokiko agerraldiak. Baina aurrez ere aipatu dugu mundu mailako ikuspegia. Munduan zehar aldaerak sortuko dira, horiek hona iritsiko dira, eta kezka da ez ote den aldaeraren bat sortuko txertoekiko erresistentea egiten dena eta hasierara bueltatzen gaituena.

Ez dakigu hurrengo urtean edo hemendik bost urtera, baina pandemia noizbait bukatuko da. Hala ere, lehengoak izatera itzuliko gara? Zuei adibidez sekulako arrastoa utziko dizue…
Gu ziur ezetz. Hemendik aterako gara profesionalki hobeak, pertsona moduan ere hobeak izatea nahiko nuke, ez dakit lortuko dugun. Eta seguru bizitza urte batzuk galduta. Baina nik uste dut jendarte moduan planteatu beharko genukeela hemendik zer ikas genezakeen. Gauza onak eta txarrak garbi adierazi dizkigu eta horiek hobetzen saiatu beharko genuke. Mundu mailako hainbesteko mugikortasun eta globalizazioaren alde txarrak zeintzuk diren; mundu mailako erantzun baten beharra zein den; gure ekonomia ereduak zeintzuk diren; zaintza ereduak… Ondorioak ateratzea merezi du. Baina pasatzen baldin bada eta ez badugu ondoriorik ateratzen, ez badugu ezer ikasten, tristea izango da. Oraindik ere tristeagoa.