Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Santurtzik, etxean, eta Arraun Lagunakek kolpe handiak eman dituzte euren Ligetan

Bost puntuko aldea eskuratu du berriro Santurtzik Hondarribiarekiko epaileen zenbait erabakik zeresan handia eman duten egunean. Euskotrenen, Arraun Lagunakek pauso handia eman du bere lehen Liga irabazteko helburuan.

Arraun Lagunakeko patroi Andrea Astudillo, Santurtziko bandera pozez astintzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Arraun Lagunakeko patroi Andrea Astudillo, Santurtziko bandera pozez astintzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Eusko Label Ligak denboraldiaren erdia bete du gutxi gorabehera eta Santurtzi eta Hondarribiaren arteko lehiak jarraitzen duen honetan, bizkaitarrek garaipena erdietsi dute etxean eta bost puntuko aldea ateratzen diote orain Hondarribiari. “Ama Guadalupekoa” bigarren izan da Bizkaiko Zubiaren estropadan, bigarren txandan aritu den Donostiarraren aurretik.

Santurtziko XLII. Ikurrinaren ostean, sailkapen nagusiko hirugarren tokirako lehia handitu da, Zierbena –gaur oso atzean geratu da, zortzigarren–, Orio –laugarren– eta Donostiarra bertan direla. Bestalde, larunbaten gertatu bezala, Lekittarrak ezin izan du gaurkoan ere lehiatu, bi covid-19 kasurengatik.

Larunbateko erlojupekoa ezberdina eta kuriosoa irudituz gero, zer esan igande honetako probari buruz. Eusko Label Ligako lau luzeek ez dute denek distantzia berbera izan. 832 metroak Portugaleteko atoiontzietan dauden balizetarantz bete ondoren, Santurtzi barruko portuko Abra inguruan dauden kanpoko balizetara joan dira –1.945,97 metroko luzea–. Azken ziaboga emateko atoiontzien gunera itzuli ondoren, ontziek azken luzera lerrokatuko dute helmugara iristeko irteera hartu duten lekuan dauden balizetan (832,03 metro), ohiko 5.557 metroak nolabait osatuz.

Gauzak hala, argi eta garbi ikusi da itsasorantzko luzean traineruek erdiko kaleak hartzen zituztela, eta ibaialdera sartzerakoan, aldiz, bazterretara gerturatzen zirela, erdiko kaleak hutsik utziz korronteak ekiditeko.

Santurtzik bikain egin du egin behar zuena garaipena eramateko. Ontziak Gorka Aranberri patroi titularra berreskuratu du, eta bere esperientzia nabaria izan da. Hasieran Oriorekin mantendutako lehia ostean, “Sotera”k lidertza hartu du bigarren luzean.

Bigarren ziaboga ostean, Hondarribia eta Orio ‘zerogarren’ kalera abiatu diren bitartean, Santurtzi bere laugarrenean mantendu da. Ulertu ezin den erabaki batean, epaileek bandera zuria atera diote Oriori Hondarribiaren atzetik ipini nahi zuelako. Araudiak maniobra hau uzten du egiten, baina epaileak beste zerbait ikusi omen du.

Gainera, oriotarrek beste ezusteko bat izan dute hirugarren ziabogatik ateratzean, Zierbena ikutzeko oso gertu egon baitira. Bizkaitarrak biraketa egitera zihoazen momentu horretan.

Azken biraketa horretan Santurtzik 9 segundo ateratzen dizkio Hondarribiari, 12 Oriori eta 26 Zierbenari, eta hortik helmugaraino ez dute ezustekorik izan etxean garaipena erdiesteko.

Bigarren txanda: Donostiarra, zigortutako Urdaibairen aurretik

Donostiarra eta Urdaibaren arteko lehia ikusi izan da txanda honetan, eta hemen epaileek ere zeresana eman dute. Azken luzean, bi ontziak erdiko kaleetan mantendu dira, baina Urdaibaik 3 segundoko zigorra jaso du Donostiarrako arraunak ikutzeagatik. Gipuzkoarrak hirugarren kaletik zihoazen –bere kalea– eta bizkaitarrak bertan sartu dira bigarren kaletik.

Lehen eta bigarren kaleetatik aritu diren Tiran eta Urdaibai, alde batetik, eta hirugarren eta laugarrenetan aritutako Donostiarra eta Cabo, bestetik, estropadak eskatzen zituen maniobra berberak erabili dituzte joan-etorriko luzeetan. Hortan, Donostiarra azkarrena izan da eta, ondoren, bere saria izan du estropada hirugarren amaituz.

Lehen txanda: Ares, behetik gora

Eusko Label Ligako estropadari hasiera emateko, ikuskizun itzela eskaini dute Ares eta Ondarroak. Galiziarrek behetik gora egin dute laugarren kaletik txanda irabazi arte. Bizkaitarrei, aldiz, guztiz kontrakoa gertatu zaie eta, nahiz eta azken luzean Aresekin borrokatu oso metro gutxiren tartean –hirugarren kalera joan dira bi ontziak, epailea oso gerturtik jarraitu duelarik maniobra–, galiziarrek eraman dute txanda.

Aipatu behar da Ondarroa eta Zarautz ‘zerogarren’ kalera joan direla hirugarren luzean, Bizkaia zubirantz zihoazenean; Ares, aldiz, laugarren kalean mantendu da bakar-bakarrik, eta horrek segundoak eman dizkie galiziarrei. Izan ere, Ondarroa bi segundo bazuten momentu horretan, azken ziabogan denbora bera markatu eta biraketatik ateratzena aurrea hartu dute.

Bi ontziak hirugarren kalean zeudela, epaileak ez du banderarik atera eta Aresek irabazi du lehen txanda. Zarautz oso atzean geratu da. Gipuzkoarrek ezusteko txiki bat izan dute bigarren ziabogatik ateratzean, kai-muturra jo baitute zenbait arraunekin. Denbora galdu dute, baina erritmo aldetik besteak baino motelagoak izan dira orokorrean.

Santurtziko XLII Ikurrina

1. Santurtzi       19:32.72
2. Hondarribia    19:43.96
3. Donostiarra    19:44.52
4. Orio               19:49.36
5. Urdaibai        19:49.84
6. Ares              19:57.76
7. Ondarroa        20:01.40
8. Zierbena         20:03.34
9. Cabo             20:05.48
10. Tirán           20:18.06
11. Zarautz         20:24.24
  . Lekitarra      ez du parte hartu

Sailkapen nagusia

1. Santurtzi        106 puntu
2. Hondarribia    101
3. Zierbena        88
4. Orio               86
5. Donostiarra    84
6. Urdaibai         77
7. Ondarroa       56
8. Cabo             56
9. Ares             46
10. Lekittarra    43
11. Tirán          33
12. Zarautz       26

Euskotren Liga: Arraun Lagunakek asteburu borobila

Euskotren Ligako tripulazioen kasuan, lau luze eta hiru ziaboga egin behar izan dituzte, ohi baino metro batzuk gehiago eginez. Portugaleteko igerilekuen aurrean jarritako balizetatik hasi eta Benediktara joan dira arraunean, bertan aurkitu baitituzte ziabogak. Distantzia hori –832,03 metro– lau aldiz egin dute emakumezkoen kasuan, 3.328,12 metroko distantzia osatuz, ohiko 2.778 metroak egin ordez.

Hala, Ligari kolpe ederra eman dio Arraun Lagunakek Santurtziko uretan. Bizkaiko Zubiak ibaiaren alde batetik bestera igarotzeko duen plataforma martxan zela, lau traineruak azpitik pasa dira azken luzean eta momentu horretan Donostiako ontzia garaipenerantz zihoan. Ez du hutsik egin eta bi estropaden faltan –Zarautzeko bandera, hilaren 14 eta 15ean–, dena alde du kluberako garaipen historikoa lortzeko Euskotren Ligan. Bi puntuko aldea dute Oriorekiko.

Orio bigarren izan da, estropadaren erdialderarte lider izan eta gero. Oriotarrak indartsu hasi dira, lehen eta bigarren ziabogetan denborarik onenak markatuz. Baina bigarren biraketa horretan, Arraun Lagunakek denbora bera egin du eta hobeto atera da hirugarren luzean proba hausteko.

Hortik aurrera oso ondo kudeatu dute estropada donostiarrek, eta bigarren posturako lehia estutu da. Donostiarra asko gerturatu zaio Oriori, eta azkenean oso ehuneko gutxiren aldearekin helmugaratu dira horiak aurretik.

Laugarren Hondarribia izan da. “Ama Guadalupekoa” ontziak goitik behera egin du denboraldian, eta gaur asko sufritu behar izan du. Bigarren luzean, dagoeneko zazpi segundo galtzen zituenean, Arraun Lagunaken kalean sartu da segundo batzuk irabazi nahian. Baina aurreko traineruek beste erritmo bat zuten eta helmugan 28 segundo galdu dituzte hondarribiarrek.

Gauzak asko ez badira aldatzen, kategoria mantentzeko play offak jokatu beharko dituzte berdeek irailaren 18 eta 19an, behin Kontxako Bandera jokatuta.

Santurtziko XLII Ikurrina

1. Arraun Lagunak    13:07.90
2. Orio                    13:13.92
3. Donostiarra         13:14.84
4. Hondarribia         13:36.86

Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak    33 puntu
2. Orio                    31
3. Donostiarra         21
4. Hondarribia         15