Andoni Arabaolaza

Erin Sterkenburg, Afrikako emakumezko eskalatzaile olinpiko bakarra

Duela lau urte eskalatzen hasi zen 18 urteko hegoafrikarrak munduko bigarren kontinente handiena ordezkatuko du. Sterkenburg-en dio egoera surrealista dela, baina eskalada bultzatzeko balioko duela.

Abuztuaren 3tik 6ra, historian lehen aldiz, eskaladak tokia izango du Olinpiar Jokoetan. Denera, 40 lehiakidek hartuko dute parte: 20na emakumezkok eta gizonezkok. Horietako bat Erin Sterkenburg izango da. 18 urte besterik ez ditu, eta eskalatzen hasi zela soilik lau urte igaro dira. Hegoafrikarra da, eta, azalez, zuria. Eta bitxia bada ere, bere herrialdea ordezkatzeaz gain, Afrika osoaren "bandera" altxatuko du. Izan ere, munduko bigarren kontinente handienak izango duen emakumezko eskalatzaile olinpiko bakarra da. 

Munduko zirkuitu ezberdinetan eskarmentu gutxi duen Sterkenburg-ek adierazi du egoera berri honek pixka bat gainezka etorri zaiola: «Olinpiar Jokoetara txartela lortu nuenetik, aitortu behar du egoera berezia bizi izan dudala. Nire herrialdea, Hego Afrika, eta Afrikako kontinentea ordezkatuko ditut. Onartu behar dut surrealista dela. Lagunek esaten zidaten Olinpiar Jokoetara joango nintzela, eta niri "berri" hori nahiko eroa iruditzen zitzaidan. Urduri egoteaz gain, emozionatuta nago. Aukera hau ahal dudan hobeto aprobetxatu nahi dut, batez ere ikasteko. Hots, munduko lehiakide onenekin nor baino nor arituko naiz. Ea proba guztiak jendeak telebistaren bitartez jarraitzen dituen, eta ondoren esan: 'Nik ere hori egin nahi dut'. Ziur naiz Olinpiar Jokoek nire herrialdean zein nire kontinentean bultzatzeko balioko dutela».

Ia hasberria

Sterkenburg duela lau urte eskalatzen hasi zen, eta Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioaren (IFSC) hiru hitzordutan parte hartu du. Jakina, "kurrikulum" horrekin garbi dago Jokoetako kinieletan hegoafrikarra ia ez dela agertzen. Hots, faboritoetatik oso urrun dago. Hamasei urterekin lehen lehia jokatu zuen: «Moskun izan zen, gazteen kategorian. Arcokoan (Italia) izan naiz ere, eta, jakina, Afrikako Kopan. Zailtasuneko modalitatea da gehien erakartzen nauena. Boulderarrekin eta abiadurarekin alderatuta, hobeto jarduten dut. Azken horretan asko dut hobetzeke». 

Afrikako kontinentearen ezaugarriak ezagututa, argi eta garbi dago eskalada erabat ezezaguna dela; ia ez da ezer praktikatzen. Hego Afrika da kirol horrek presentzia duen herrialde bakarra. Afrikako Kopari dagokionez, aurreratu behar dugu soilik bi herrialdek hartzen dutela parte: Ugandak eta Hego Afrikak berak. 

Nahiz eta eskaladarentzat egoera oso gordina den, lerrootako protagonistak dio zer edo zer mugitzen ari dela: «Esan didate Kenyan ekimen bat prestatzen ari direla. Eta Ugandan rokodromo bat altxatu berri dute. Hori guztia da egiten ari diren bakarra. Afrikako Kopan, adibidez, Ugandako ordezkariak oso emozionatuta ikusi nituen. Lehen lehia izan zuten, eta eskarmentu hori bere herrialdean partekatzea zuten helburu. Nire herrialdean, berriz, egoera arras ezberdina da. Eskaladak oihartzun zabala du; bai arrokan, baita rokodromoetan ere».