NAIZ

Latinoamerikako hamar film izango dira Horizontes sariaren lehian

Sailak errealizadoreen hiru lehen lan bilduko ditu, baita Zinemaldian jada izan diren beste zuzendari batzuen lan berriak ere, hala nola Paz Fabregarena, Alonso Ruizpalaciosena eta Lorenzo Vigasena.

Madiano Marchetik zuzendutako ‘Madalena’ filmaren fotograma. (NAIZ)
Madiano Marchetik zuzendutako ‘Madalena’ filmaren fotograma. (NAIZ)

Horizontes Latinos sailaren 2021eko edizioko hautaketak hamar film latinoamerikar bilduko ditu Donostia Zinemaldian; zehazki, Argentina, Brasil, Kolonbia, Costa Rica, Mexiko, Suitza, Uruguai eta Venezuelako zinemagileek zuzendutako hamar film izango dira, besteak beste, Zinemaldiko work in progress latinoamerikarreko bost film eta hiru lehen lan. Gainera, beste edizio batzuetan ere sailean izan diren errealizadoreak itzuliko dira, hala nola, Paz Fabrega, Alonso Ruizpalacios eta Lorenzo Vigas.

Iván Funden ‘Piedra noche / Dusk Stone’ –2020ko WIP Latam Industria Sariaren irabazlea– Horizontes Saria irabazteko lehiatuko da, Veneziako Giornate degli Autori atalean egon ondoren. Cannes, BAFICI eta Mar del Platako lehiaketetan saritu dute zinemagile argentinarra ekoitzi dituen aurreko filmengatik, eta bikote ezkondu baten doluari buruzko istorioa kontatuko digu oraingoan.

‘El empleado y el patrón / The employer and the employee’ filmak –2020ko WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Sariaren irabazleak– Horizontes sailari amaiera emango dio. Zuzendariak (Manuel Nieto Zas uruguaitarra, Rotterdam eta Habanako jaialdietan saritua) Canneseko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu zuen bere hirugarren filma, Nahuel Perez Biscayart protagonista duena.

Jesus Lopezek, munduko estreinaldia izango du Donostian, eta saila irekiko du. Maximiliano Schonfeld film-zuzendari argentinarrak Berlinen aurkeztu ditu bere aurreko lanak, eta Abel izeneko mutiko batek bere lehengusu Jesus zirkulazio-istripu batean hil ondoren izango duen eraldaketa kontatuko digu oraingo honetan. Jesus Lopez Proyecta ekimenean –Ventana Sur eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetzan– ere hautatu zuten, 2018an.

‘Madalena’ pelikulak Rotterdamgo lehiaketa ofizialean parte hartu zuen Zinema Eraikitzen 36 ekimenean hautatua izan ondoren. Madiano Marcheti zuzendari brasildarraren lehen film luzeak Madalenaren desagerpenak lotzen dituen hiru pertsonaiaren istorioa kontatzen du.

Aurora, Paz Fabregaren film berria, Zinema Eraikitzen 37 lankidetza jardueraren hautaketan egon zen (‘Desasosiego / Restless’ izena zuen orduan) eta Rotterdamen ere lehiatu zen. Zuzendari costarricarrak bigarren aldiz hartuko du parte Horizontes Latinos sailean, oraingoan Aurorarekin, 2010ean ‘Agua fría de mar’ film luzea hautatu baitzen.

Lorenzo Vigas ere Horizontes Latinosera itzuliko da bere bigarren filma aurkeztera, ‘La caja / The Box’; izan ere, film horrekin, irailean Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia lortzeko lehiatuko da berriz ere zinemagilea, ‘Desde allá’ filmarekin (2015ean bere debuta) lortu ondoren. Venezuelako errealizadoreak ‘La caja’ filmarekin itxiko du aitatasunaren inguruko trilogia, ‘Los elefantes nunca olvidan’ (2004) film laburrarekin hasi zuen hori.

Alonso Ruizpalacios mexikarrak Horizontes Saria irabazi zuen bere lehen filmarekin (Güeros, 2014), eta ‘Una película de polícias / A Cop Movie’ filmarekin izango dugu gurenean aurten ere. Azken Berlinalean Urrezko Hartza lortzeko lehiatu zen errealizadorearen film berria eta Yibrán Asuaden muntaiagatik aparteko ekarpen artistikoren Zilarrezko Hartza lortu zuen.

‘Azor’, Zinemaldiak programatuko duen beste film bat, Berlingo zinema jaialdian izan zen baita ere (Encounters sailean). Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroan hautatua izan zen Azor. Andreas Fontana zuzendari suitzarraren lehen film luzeak Argentinako diktaduraren testuinguruan kokatzen ditu bi bankari, eta bankari horien desagerpena kontatzen digu.

Tatiana Huezo zuzendari mexikarrak ‘Noche de fuego / Prayers for the Stolen’ aurkeztuko digu, Canneseko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean aipamen berezia jaso zuen filma, hain zuzen. ‘Noche de fuego’ Huezoren fikziozko lehen film luzea da, baina ez da egilea Donostian izan den lehen aldia, ‘El lugar más pequeño’ bere ez-fikziozko filma 2011n programatutako 4 + 1: Mexikoko Zinema Garaikidea atzerabegirakoan jaso baitzen.

‘Amparo’-k, Simon Mesa Sotok ekoitzitako lehen film luzeak, Cannesko Semaine de la Critique atalaren aurreko hautaketan bildu zenak, emakume bat du protagonista, eta Armadak haren semea erreklutatzen dueneko istorioa kontatzen digu. Zuzendari kolonbiarrak film labur onenaren Urrezko Palmorria irabazi zuen bere graduazioko film laburrarekin (Leidi, 2014).