12 eta 15 urte bitartekoek txertoa jasotzeko ordua eska dezakete Nafarroan

Nafarroako Osasun Departamentuak covid-19aren aurkako txertoaren zitazioa zabaldu die ostegun honetan 12 eta 15 urte bitarteko 29.000 gazteri baino gehiagori. Txertoa har dezaketen biztanleen %70ek pauta osatu dute jada Hego Euskal Herrian.

Txertatutako nerabeak, Bilbon. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Txertatutako nerabeak, Bilbon. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Nafarroako Osasun Departamentuak, ostegun honetatik aurrera, covid-19aren aurkako txertoaren zitazioa aktibatuko du 12 urtetik 15 urtera bitarteko biztanleentzat, une honetan «intzidentzia handiena duten adin-tarte gazteenetan txertaketa-mailak handitzeko» helburuarekin.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 29.148 pertsonak osatzen dute talde hau herrialde osoan, eta Osasunbideak SMS bat bidaliko die familiei, hitzordua eskatzeko esteka batekin; gurasoek edo legezko tutoreek baimena eman beharko diete, baldin eta ez badira haiekin batera joaten esleitutako txertaketa-puntura.

Adin-tarte berri hori irekitzea bateragarria da gainerako populazio-talde aktiboentzako hitzorduen eskaintzari eustearekin. Talde horretan ere oraindik txertoa hartu ez dutenengana joko dute eta bilaketa hori proaktiboa izango da populazio-tarte kalteberenen kasuan.

«Frogatuta dago pauta osoak eraginkortasun handiagoa duela koronabirusak eragindako infekzioaren konplikazioak prebenitzeko», azaldu du Osasun Departamentuak.

Gobenuaren esanetan, ARNm txertoen dosiak gehitzeak –adingabekoen kasuan ere erabiliko direnak– aukera ematen du aurreikusitako plangintzan aurrerapen hori egiteko eta txertaketa-prozesuari bultzada berri bat emateko, biztanleria kutsatzeetatik eta ospitaleratzeetatik babesteko bidean aurrera egiteko.

Izan ere, «kutsatze eta ospitaleratzeak larriagotzen ari dira mugikortasun eta interakzio sozial handiagoagatik eta delta eraginagatik». Aldaera honek kasu berrietan %90etik gorako presentzia duela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Gogorarazten da txertoaren fitxa teknikoaren arrazoiak direla eta, 12 urte beteta dituzten gazteak txertatuko, baina SNS-O sistema informatikoa eguneratzen joango da, datozen egunetan adin hori betetzen ari direnek agendetan sartzeko aukera izan dezaten.

Txertoa har dezaketen biztanleen %70ek osatu dute pauta

Nafarroak 820.093 dosi eman jarri dagoeneko, eta 12 urtetik gorako biztanleen %70 baino gehiago (408.678 pertsona, txertoa jartzeko adinean) pauta osoarekin babestuta daude; hori da abuztuaren bigarren zatian lortzeko plangintzan ezarritako erronketako bat, eta hil honetako lehen astean lortu da.

EAEk asteartean lortu zuen kopuru hori, eta dagoeneko 1.384.000 pertsonak baino gehiagok dute pauta osoa, eta %76k gutxienez dosi bat jarri dute.

Hori guztia «nahiz eta dosien hornidurarekin gorabeherak izan», azpimarratu du Nafarroako Gobernuak ohar batean. «Orain igoera nabarmena izango da», gaineratu du.

Iturri berberek ohartarazi dute, hala ere, aldaera berriek eta beste egoera batzuek are estaldura handiagoa eskatzen dutela talde-immunitateaz hitz egin ahal izateko; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak «kanpaina hasi zenetik, abendu amaieratik, herritarrek erakutsitako konpromisoa eta erantzukizuna» goraipatu du.