Arnaitz Gorriti

Eusko Label Liga Galizian dago Isuntza berriz ere presente dela

Rianxoko uretan Bandeira Barbanza Arousa estropada eremu berria ezagutuko dute partehartzaileek, tartean Lekittarrak, covid-19a dela eta joan den asteburuan isolatuta egon ostean. Igande eguerdian Boiron lehiatuko dira; iaz Santurtzi Eusko Label Ligako liderrak irabazi zuen bertan.

Joan den asteko isolamendua atzean lagata, Isuntza berriz ere lehiatzeko prest izango da. (Gorka RUBIO / FOKU)
Joan den asteko isolamendua atzean lagata, Isuntza berriz ere lehiatzeko prest izango da. (Gorka RUBIO / FOKU)

Berriz ere Galizian da Eusko Label Liga, gizonezkoen arraun denboraldiaren bigarren erdiari ekiteko, gogan izan behar baita asteburuon ez dela Euskotren Ligari dagokion estropadarik izango. Gogoratu Santurtzik jarraitzen duela Eusko Label Ligako lidertzan, 106 punturekin, bigarren postuan doan Hondarribiak baino bost gehiago. Zierbenako «galipoak» dira hirugarren, 88 puntu dituztela.

Estropada berriari ekingo diote larunbatean arraunlariek, Bandeira Barbanza Arousa delakoaren aurreneko ekitaldia jokatuko baita Rianxon, 18.15 ingurutik aurrera.

Joan den astearekiko, aurreneko ezberdintasuna partehartzaileen artean izango da, berroigeialdia amaitu berritan, Lekittarra ere Galizian baitago. Lehiaketako Epaile Bakarrak baimena eman dio Isuntzari asteburu honetan arraun egin ahal izateko joan den astean covid-19az positibo baten berri eman ostean, Bilbon eta Santurtzin arraun egin ezinik geratu ondoren. Lekeitioko taldea aurreneko txandan arituko da, Zarautz Tiran eta Aresekin batera.

Euskal taldeei beldurra eman ohi die Galiziako arraun eremuek eta hango «meigen» eraginak, baina gauzak ondo, joan den asteburuan Ibaizabalen izandako buruhausteen aldean txikikiak aurkituko dituzte arraunlariek. Gogoan izan behar da batez ere igandeko estropada deabruzko hartan izandako pala ikutuak, epaileekin liskarrak eta, epaileen azken erabakiaren zain, Donostiarrak Orioren inguruan eskatutako inpugnazioa, «Santurtziko estropadan jazotako gertakari guztiak aktan ez datozela» argudiatuz.

Igande eguerdiko 12.15ak inguruan, berriz, XXXI. Concello de Boiro Bandera jokatuko da, Eusko Label Ligak ondotxo hobeto ezagutzen dituen uretan. Ohikoa den legez, larunbateko emaitzen arabera banatuko dira txandak igandean, eta larunbatean, berriz, sailkapen nagusiaren arabera.

Boiroko azken txapelduna Santurtziko «Sotera» izan zen, nahiz eta estropada eremuko errekorra –19:03.96– Urdaibaik egin zuen 2017an.

KAE1 eta 2, eta ETE Ligak

Eusko Label Ligaz gain, KAE 1 eta 2 Ligek eta emakumeen ETE  Ligak ere estropada bat baino gehiago izango dute asteburu honetan, joan zen asteko Estatuko txapelketan Getariak irabazi ostean.

KAE1 Ligan zapatu eta domekan ariko dira arraunlariak, San Pedro izan ezik, isolatuta baitaude arraunlariak covid-19aren erruz.

Larunbatean Astilleron bertoko XVII Bandera izango da jokoan 17.00etatik aurrera eta erlojuaren aurka, eta igande goizeko 11.30etan hasita, berriz, XII. Getariako estropada jokatuko da, ohiko legean kasu honetan. Uneotan Getaria da liderra 11,11 puntuko koefizientearekin.

ETE Liga eta KAE 2 Ligak, berriz, larunbatean bakarrik izango dute saioa. Emakumeak ariko dira lehenengo, 12.00etatik aurrera XXXVII. Ondarroako Bandera - 100 urte Aurrera Sari Nagusia jokatuko baita. ETE Ligako lidertza Tolosaldeak dauka uneotan 10,67 puntuko koefizienterarekin, Deusto delarik bigarren 9,78 punturekin.

KAE 2 Ligaren txanda zapatu arratsaldea izango da, 17.30etan Pasaian. Trintxerpeko Bandera jokatuko da bertan, erlojuaren aurka. Busturialdea da «brontzezko kategoriako» liderra, 9,00 punturekin eta Busturialdea bigarren, 8,63 puntu dituela.