Baztan errekako ekosistema babesteko elkartea sortu dute

Azken urteotan geroz eta jende gehiago hurbiltzen da Bidarraiko Baztan errekara eta horrek «Ipar Euskal Herriko igerilekua» bilakatzea ekarri du. Ondorioak agerikoak dira tokiko herritarren egunerokotasunean, baina, batez ere, hain berezia den errekaren biodibertsitatean.

 eta horrek jende gehiago hurbiltzea eragin du. © Guillaume FAUVEAU
eta horrek jende gehiago hurbiltzea eragin du. © Guillaume FAUVEAU

Elkartearen xede nagusia da pedagogia lana egitea eta horretan Bidarraiko Herriko Etxearen sostengua du. Azken horrek aurten erabaki du Baztan errekako inguruetan etxola bat jartzea eta bertan presente dagoen gazte batek informazioa eskaintzen die bisitariei. «Baztan erreka Ipar Euskal Herriko igerilekua bilakatu da». Pantxo Antxordoki elkarteko kidea Baionako Bernat Etxepare lizeoko Biologia irakaslea ere bada. Kostaldetik eta batez ere hiriburuetatik Baztan errekara herritar ugari hurbiltzen dira, eta, Antxordokiren  iritziz, sare sozialek eragin handia izan dute errekaren ospean, geroz eta gehiago zabaltzen direlako txokoen kokaguneak eta jendea zuzenean heltzen delako.

Elkartearen helburua da «jendeengana joatea, bazterrak errespetatu behar direla argi uzteko». Orain arte bizpahiru bilkura egin dituzte eta suprefeturan elkarte gisa eratu berri dira.

Antxordokiren irudiko, Baztan erreka «altxorra» da. Hain zuzen, bertan orain arte kutsadurarik ez zegoela nabarmendu du. Urritzate eta Aritzakunetik etorritako urak biltzen dira bertan eta erreka bazterrean eraikinik ez dago; hots, isurketarik ez da. «Erreken garbitasuna kalkulatzeko indize biotikoa kalkulatu ohi dugu; hori ibai horretan dauden makroornogabeen kopuruan oinarritzen da. Beti 10/10 eman diot Baztan errekari, baina aldatzen ari da», dio. Euskaraz barbula deitzen den espeziea ez dela gehiago atzematen deitoratu du. Ornogabe berezi horiek uraren garbitasunaren seinale dira. «Tokika badira, baina anitz desagertu dira», salatu du.

Faktore kaltegarriak

Antxordokiren iritziz, arrazoia ezin da kimikoa izan, errekaren bazterrean etxerik ez delako. «Jendea ibiltzen da trumilka. Ez bakarrik haien presentziak, beren kutsadurak ere eragiten du. Jendeak bakterioak botatzen ditu. Kremak ematen ditu eguzkiaz babesteko eta kutsadura hori uretara heltzen da».

Berotegi efektuak ere eragin dezakeela uste du, ura berotzen baitu. Arrainek oxigenoa behar dutenez, putzuetan egoten dira sarri, bertan ur gehiago delako. Alta, putzuetan jendea bainatzen denez, «elkarbizitza ez da posible». Amuarrainen presentziaz ere aritu da Antxordoki. Baztan erreka babestua denez, algak, begetalak, mikroorganismo guztiak eta baita makroornogabeak ere han daude.

Amuarrainak bezala. «Errekako beheko partean urtegi bat da eta, ondorioz, Errobiko errekatik heldutako arrainak ezin dira igo. Arrain zuriak dira, espezie berezia. Horiek beste arrainak ordezkatzen ahal dituzte, baina, ezin direnez igo, amuarrainak lasai dira. Orain arte, beste kutsadura mota bat badelako», azaldu du.

Ez bada deus egiten, zer gertatuko da Baztan errekarekin? Erantzun argia du: «Ekosistema guztia desorekatuko da. Egun batez, lixiba jarriko dugu eta erreka garbituko da eta hor bai bilakatuko dela Ipar Euskal Herriko igerilekua».

«Paradisua zen»

Antxordokik hurbiletik segitu du Baztan errekaren bilakaera eta gaztaroko oroitzapenak ez ditu ahazten. Duela berrogeita hamar urte inguru, errekaren inguruan biderik ez zegoela gogoratu du eta orain desagertzen ari diren espezie bereziak erraz atzematen zirela. «Paradisua zen», dio. «Pentsatzen dut berrogeita hamar urtez ikusi dugun aldaketari, heldu diren berrogeita hamar urteetan zer gertatzen ahal den irudikatzean...», hitz egin du tristura puntu batekin. Orain dena aldatu da eta, bidea dagoenez, jendea mendira hurbiltzen da autoz ahal duen bezainbat.

Hilabeteotan herritarrak kontzientziak astintzen ibiliko dira Baztan errekaren inguruetan. Gainera, elkartearen baitan, Herriko Etxeaz gain, erreka inguruko jabeek ere parte hartzen dute, eta horiek «lurrotan ibiltzea» debekatzen ahalko lukete. «Nahi dugu lehenik jendea oinez joatea txokoetara eta horrela agian murriztuko dugu jende kopurua. Beharbada egun batez bainatzea debekatzera heltzen ahalko ginateke, baina ez dakit posible denez. Horra arribatu aitzin, ekintza anitz badira egiteko», aipatu du Antxordokik.