Arnaitz Gorriti

Eliud Kipchoge berriz ere errege maratoian

Rion lortutako urrezko domina errepikatu du Keniako maratoiariak 2 ordu, 8 minutu eta 38 segundoko denbora eginez, Herbehereetako Abdi Nageeye eta Belgikako Bashir Abdi somaliarren aurretik. Maratoian bi urrezko domina kateatzen dituen hirugarren atleta de Kipchoge.

Eliud Kipchoge, berriz ere maratoiko errege. (Giuseppe CACACE / AFP PHOTO)
Eliud Kipchoge, berriz ere maratoiko errege. (Giuseppe CACACE / AFP PHOTO)

Abebe Bikilak 1960an Erroman eta 1964n Tokion egin zuen moduan, eta 1976an Montrealen eta Moskun 1980an Waldemar Cierpinskik egin zuen eran, Eliud Kipchogek ere bere bigarren urrezko domina erdietsi du maratoian. Munduko errekorraren jabea eta, neurketa ez ofizialean, 42 kilonetro eta 195 metroak bi orduz azpitik egin duen bakarrak ez du aurkaririk izan Sapporoko zirkuitoan eta Rio 2016an egin zuen bezala, bigarren urre olinpikoa eraman du gizonezkoen maratoian.

Beroa eta hezetasuna beste behin arerio latzenak izan dira korrikalarientzat eta hasiera hasieratik hainbat txakalaldi ikusi ahal izan dira. Ez ordea Kipchoge keniarraren aldetik. Erritmoa berak markatu du eta 26. kilometroaren bueltan, berak erabaki du erritmoa aldatzea, Keniako Lawrence Cherono eta Amos Kipruto herkideekin batera. Hamabost bat korrikalari izan dira kapaz faboritoaren erritmo aldaketa horri eusteko, baina hauek ere aleka aleka erortzen joan dira, beroak eta erritmoak erasanda. Handik hiruzkalau kilometrora, beste astindu bat eman dio lasterketari Kipchogek, eta agur jaunak! Ez da bere itzalera beste inor hurbildu ahal izan. Espero bezala, urrea irabazteko faboriotak eraman du urrea.

Azken kilometrora, beti ere keniarraren atzetik, laukote bat iritsi da. Kipchoge buru hartuta podiuma osatu duten Herbehereetako Abdi Nageeye eta Belgikako Bashir Abdi somaliarrak iritsi dira, batetik, eta bestetik Keniako Lawrence Cherono eta Marokon sortutako Ayad Lamdassem espainiarra. Azken hauek izan dira dominen lehiatik erortzen aurrenekoak eta bitartean Kipchogek aurrera jo eta helmuga harrapatu du. Berarentzat 2 orsu 8 minutu eta 38 segunduko denbora ez da beste munduko ezer –26 gradu eta %80ko hezetasunarekin dena da zailagoa, hala ere–, baina ez da inguratu zaionik inon azaldu. Abdi Nageeye herbeheretarrak 2h09.58 egin du, esprintean Bashir Abdi –2h10:00– gaindituta.

Zentzu horretan, Somaliak sortutako bi europearren arteko anaitasuna ikustekoa izan da. Nageeyek zilarra eskuan zuela ezagun, bere erritmoa moteldu eta Abdi animatzen ekin dio, Cherono keniarra bertan zekarren-eta brontzearen esperoan. Azkenean, Solamian jaiotako bi europearrek lagundu diote Kipchoge erregeari maratoiko podiumean.