Sifan Hassan, 10.000 metroko lasterketan helmugaratzen eta garaipena ospatzen. (Jewel SAMAD / AFP)
Sifan Hassan, 10.000 metroko lasterketan helmugaratzen eta garaipena ospatzen. (Jewel SAMAD / AFP)
Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Oztopoen gainetik, distantzia luzean hegaka

Helburu finko batekin lur hartu zuen Sifan Hassan korrikalariak Tokion: 1.500 metrokoan, 5.000koan eta 10.000koan azkarrena izatea. Ez du guztiz lortu baina distantzia luzeetan erakustaldia eman du Herbehereetan babesa lortu zuen 28 urteko atleta etiopiarrak. 

Olinpiar Jokoetako 10.000 metroko lasterketako podiumak etiopiar jatorria izan du zinez. Brontzea eskuratu du Etiopiarekin lehiatu den Letesenbet Gidey atletak; zilarra Kalkidan Gezahegnentzat izan da, zeina selekzio etiopiarrarekin lehiatzen zen 2013ra arte, Bahrainekin lehiatzen hastea erabaki zuen arte. Eta lasterketan azkarrena izan zen Sifan Hassan, Etiopian jaio eta 15 urterekin, errefuxiatu gisa, Herbehereetara joan zena. Sekulako lasterketa eskaini zuten hirurek, Gezahegnek ederki estutu zuen Hassan txapelduna azken metroetan baina honek ez zuen etsi, bizitzan inoiz egin ez duen bezala. Jota iritsi zen helmugara, segituan lurrean eseri zen, ondoezak eman aurretik.

Sekulako esfortzua egin zuen azken 400 metroetan eraso gogorra jota. Baina merezi izan zuen, hiru urrezko domina irabazteko erronkarekin lur hartu baitzuen Tokion eta azkenean, bi erdietsi dituelako, 1.500 metrokoan brontzearekin batera. Distantzia luzeenetan nagusi dela erakutsi zuen 28 urteko atleta honek, bizitzak gogor jota ere etsi ez duen kirolari honek.

Bere izaera borrokalaria argi eta garbi geratu zen agerian 1.500 metroko sailkapen fasean erorikoa izan, altxatu eta azkenean, 59 segundoko tarte batean, arerio guztiak pasatuta, seriea irabazi zuenean. Handik ordu eskas batzuetara, urrezko domina irabazi zuen 5.000 metrokoan.

Errefuxiatu Herbehereetan

Nerabe zela iritsi zen Eindhoven hirira, errefuxiatu moduan. Erizaina izateko ametsa zuen eta korrikan trebea zenez, lasterketa herrikoietan irabazitako diru kopuruarekin ordaintzen zituen ikasketak. Lasterketa jakin batek, baina, erabat aldatu zion bizitza.

18 urte zituela maratoi erdi batean lehiatu eta ordu bat eta 7 minutuan bukatu zuen lasterketa. Herbehereetako selekzioko entrenatzaileak zur eta lur geratu ziren orduan ezezaguna zen Sifan Hassanen abileziarekin. Horri esker, hain zuzen ere, lortu zuen Herbehereetako herritartasuna Hassanek, 20 urte zituela. Urtebete beranduago jada Europako txapelduna izan zen eta 22 urterekin, Munduko Txapelketan brontzezko domina kolkoratu zuen.

Sifan Hassan, 5.000 metroetako lasterketa irabazi berritan. (Jewel SAMAD / AFP)

Duela bost urteko Rioko Olinpiar Jokoetan, baina, ez zuen bete aurreikusitako papera. Bosgarrena izan zen 1.500 metroko lasterketan eta eroriko batek 800eko lasterketatik kanpo utzi zuen. Porrot horiek –nolabait deitzearren– are indartsuago egin zuten Hassan. Porrot horietan oinarrituta, bizitza zailean oinarrituta, atleta onenen artean kokatzera iritsi da. Berea da 10.000 metroko munduko marka berria (29:06.82), ekainaren hasieran erdietsitakoa. Kronoa erabat apurtu zuen jada hiru distantziatan Europako markarik onenak zituen atletak.

2019an irabazi zuen lehen aldiz Munduko Txapelketa 10.000koan eta 1.500ekoan, eta ordutik, guztien ahotan egon da Hassan. Eta ez da gutxiagorako! Anbizio handia erakutsi du Tokioko Jokoetan. Ez da balentria makala 1.500 metro, 5.000 metro eta 10.000 metroko lasterketak egun batzuen buruan egitea eta gainera, azkarrenen artean egotea.

Ezinezkoa egitetik gertu egon da –hiru urre irabaztea–. Distantzia laburrenean, Kipyegon kenyarra eta Laura Muir britainiarra gailendu zitzaizkion baina beste bi lasterketetan erakutsitako nagusitasuna ikaratzekoa izan da.