Alessandro Ruta

Arazoak arazo, banatu dira domina olinpiko guztiak

Koronabirusak hankaz gora jarri zuen Tokiok hartu beharreko hitzordua. Azkenean, urtebeteko atzerapenarekin egin dira Olinpiar Jokoak, inoizko arraroenak. Publikorik ez, baina txapelketak eta dominak ikusi ditugu, eta ezezagunak ziren batzuk famatu egin dira.

Tokioko hiritarren protesta itxiera ekitaldian zehar. (Philip FONG / AFP)
Tokioko hiritarren protesta itxiera ekitaldian zehar. (Philip FONG / AFP)

Pierre de Coubertinek arrazoia zuen: «Garrantzitsuena parte hartzea da». Olinpiar Jokoak sortu zituenak ezagutzen zuen bere ekimenaren berezitasuna. Portzierto, hasi zirenean, 1896an, kirolari dagokionez hitzordu garrantzitsuena ziren Jokoak zalantzarik gabe: ez ziren existitzen ez Munduko Txapelketak (futbolekoak adibidez) ez bestelako hitzorduak. Hori bai, egun ezagutzen ditugun Jokoak baino xumeagoak ziren. Are gehiago, emakumeek ezin zuten parte hartu; beraz, aurreneko Jokoek ez zuten zerikusirik Tokion 2021. urte honetan ikusi ditugunekin.

Zoritxarrez, gainera, Pierre de Coubertinek ezin izan du ikusi zer bilakaera izan duen bere ideiak. Zoritxarrez edo zorionez, egia esan. Orain bai, orain emakumeek parte har dezakete, baina, aldiz, Jokoak antolatzeak sekulako buruko minak eragin ditzake. Galdetu Atenasi ea zer gertatu zitzaion: Olinpiar Jokoen ostean sistema ekonomikoa erabat hankaz gora joan zen. Eta handik aurrera beherakada dezentekoa sufrituko zuen Greziak.

Hemendik dator kontraesana. Nahiz eta “sufrimenduak” ekartzen dituen, ekonomiari batez ere, Olinpiar Jokoak beharrezkoak dira, are, ezinbestekoak. Lau urtean behin ez dago besterik: dominak, istorio politak, kirol “txikiagoek” garrantzi handia lortzen dute: benetako festa da. Jokoetan bai, «garrantzitsuena parte hartzea da», 15 minutuz edo gutxiagoz bada ere.

Arazo larria izan du Tokiok azken orduko parte hartzaile batekin: koronabirusa. Birusa ez zegoen gonbidatuta, eta guztiz hankaz gora jarri zuen 2020ko hitzordua; pandemiarekin dena bertan behera geratu zen. Azkenean, urtebeteko atzerapenarekin egin dira Jokoak, noiz eta Tokiok kirola ikusteko inoiz baino gogo gutxiago zuenean. Arazoak pilatuta, momentu batean galdera argia izan baitzen: «Jokoak egitea beharrezkoa al da?». Eta jende asko zalantzan egon zen. Izan ere, asko kostatu zitzaien egoera berria onartzea. Azkenean baiezkoak irabazi zuen. Publikorik ez, baina kirola eta dominak bai. Inbertsioak erraldoiak ziren eta jada ez zegoen horiek bertan behera uzterik. Tokioko bizilagunek, aldiz, hasieratik zehaztu zuten ez zeudela interesatuta ekimen handia aurrera eramatearekin. Egia esan, hasiera batean ez zuten erabaki Jokoak antolatzea, eta, behin hitzordua helduta, ez dute estadiora edota saioetara joaterik izan: orduan, zertarako denbora galdu Jokoekin? Batez ere positibo kopurua igotzen ari zela ikusita.

Estadioa hutsik, emakumezkoen belar hockeyko finalerdietan, Argentina eta Indiaren arteko norgehiagokan. (Tauseef MUSTAFA / AFP)

Emaitza? Inoizko Olinpiar Jokorik arraroenak izan direla Tokiokoak. Kirola ezerezaren erdian. Ahotsak entzun ditugu, txapelketak jokatu ahala aurpegi ezezagunenak famatu bihurtu dira, betiko espiritua ikusi dugu. Etxeko lanak egin ditugu, inoiz baino garrantzia handiagoa emateraino Tokioko Jokoei: beharbada, gehiegi. Gure taldeak irabazi edo ez, ez dio axola izan: erritua bete da, behin eta berriro, salbuespenik gabe.